Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
TORLOJU EDO ARDATZ
Nork hartzen ditu faltan garai zailak? Matxuratutako hegalei, sendatuz gero ere, zail zaie lehenago harrapaturiko goi-beheak harrapatzea.
Maite dudan norbait (edo zerbait) berriz galduko banu, arestian bezain kikil, ergel eta herbal jokatuko nuke? Beste asko bezain txepela izan naiz, nire damurako. Edo ez: eskerrak ahulak garen (hamar puntu, Anari). M.k esaten zuen maite-kontuetan gehiegizko joranez jardutea galbidea dela, ezin diogula geure buruari onetsi gaixotzeraino maitatzea. Neu baino gorago dago horretan.
Banekiena berretsi dut: amaieraren harrak ernetzen denetik pipiatzen du maitasuna. Hala izanik ere, agur bakoitza da enukleazio bat. Eta apendizea kentzeko egiten denetik harakirira bitarteko ebakuntza orok du bere alde interesgarria: atal ez-sano bat kentzea bizio bat arteztearen antzekoa da (zenbatetan ez dut haserrea ostendu, adibidez? Gaua amorratuta pasatu arren M.ren dorpeziaren batengatik, biharamunean irribarrez egiten nion ongi-etorria; eta gutxienetan, muturbeltz hartzen banuen ere, haren adikuneak momentuan aldarazten zidan jarrera. Sarritan ibili naiz etxe narrasean hara eta hona dabilen hauts-malutaren antzera. Ez nazazu kritikatu, neure buruari agiraka egiten neu naiz iaioena). Denbora eman behar zaio hematoma emozionalari, klarutu dadin.
Gezurtaezina da maitasunak eder bihurtzen duela itsusi dena, eta bikain bihurtzen akastuna. Osasuna ematen du maitagaia gozatzen denean, baina bi modutan jo eta hausten zaitu: edo maitea zeureganatu ezin duzulako edo hura galtzen duzulako. Eta horrek kostu erantsia ekar lezake: duintasuna galtzeko merituak egitea. Arrisku hori hartzen du maitemintzen denak.
Sinetsarazten digute maitasuna eta zoriona eskutik helduta doazela, eta hala da, uneka. Lotuago daude, dudarik ez, maitasuna eta nahigabea: maitasunak huts egiten du gehiegi eskatzen zaionean.
Esango didazu maitasuna gu garen makinaren torlojuetako bat dela, ez ardatza. Erantzungo dizut, torloju edo ardatz, bera dela nire lerroak abiarazten dituen indar zentripetoa, hamarretik bederatzitan. Esango didazu lotura amaikorra dela, edo behin betikoa, kasuan kasu, azken batean, dopaminen eta oxitozinen portzentajeek ere determinatzen gaituztela. Erantzungo dizut baietz, arrazoi duzula, nork geure erara asmatzen dugula maitasuna: ez dago begi berdinik, gizabanako berdinik ez dagoen moduan.