Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
MAYBE
M.ren SMS bat jaso dut (laburdurek eta orduak salatzen dutenez, presaz idatzia, lanetik). Esaten dit Janis Joplinen kanta bat entzuteko: Maybe. Zertara eske hori? M. ez da bere egintzen eragina neurtzeko gauza. Edo bai.
Interneten bilatu dut bideoa. Janis oholtzan azaltzen da zuzeneko emanaldi batean. Abestiak kode baten kategoria hartu du berehala: M.k Meibi deitzen dit. Berak asmatu zidan deitura hori, hitz-jokoa eginez neure abizenaren eta ingelesezko aditzondoaren artean. Elkartu ginenetik, agian, akaso, beharbada bat izan naiz. Horixe nahi nuen hasieran; geroago, menturaren menturan, hotzepela iruditu zait probabilitate-gradua.
Ez dakit Janisen ahots urratua beste aukera baten erreguz ari zaidan, ala nirekin bizi izandakoak omenduz.
Neuk ere abesti bat entzunaraziko diot M.ri, Janisen beste edozein, I need a Man to Love edo Call on me. Horiek ere badirudite niretzat eginak (antsiolitikoak edo Bachen loreak bezainbeste). Paso, ez, isilik, kito.
Ozta-ozta eutsi diot erantzuteko bulkadari.
Maybe, Meibi, Meibi, erreklamaziorik ez jartzeko alibi. Erdizka maitatutako Meabe, hutsari eusten dion zutabe. Oraindik ez dakizu, tuntun alaena, itxaropena dela tranpa zantarrena?