
“Poesia ez da gauza arrotz bat: zelatan daukagu hortxe, (…) hurrengo izkinan”. Poesiari maizegi egotzi ohi zaion atzemanezintasuna gezurtatzen duen esalditzat jo liteke Jorge Luis Borgesen hori (Buenos Aires, 1899 – Geneva, 1986), poesiaren ohikotasunaren aldarritzat agian. Bai baitu autoreak egunerokoaren xumea harriduraz poetizatzeko ahalmena: “Zurgarri dut nik giltzak zabaltzea atea, / zurgarri esku hauxe zinezko izatea, (…) / Zurgarri dut ezpata krudela zer den eder, / arrosaren usaina zein den arrosaren ber”.
Hor geratzea askotxo sinplifikatzea litzateke, ordea. Azken batean, ordinarioaren eta estraordinarioaren uztarduraren enigma da haren poemen funtsetako bat: Octavio Pazek ez zuen alferrik esan Borgesek oreka “zoragarria” lortu zuela “bitxia egiten zaigun naturaltasunaren eta gertukoa egiten zaigun bitxitasunaren artean”.
Poesia liburu batekin atera zen Borges plazara, 1923an, eta ez zuen ibilbide osoan abandonatu genero hori, baina, denborarekin, haren narratibaren oihartzun eta eragin luze-sakonek irentsi dute nolabait haren poesia, nahiz eta bata ez legokeen bestea gabe, eta besteak, kalitate aldetik, ez daukan bataren inbidiarik. Horregatik dute lekua Borgesen olerkiek orain antologia bilduma honetan, eta, Juan Garziak eskarmentuzko arteziaz itzulita (aurrez ere itzuliak ditu Borgesen ipuin batzuk), sorta hau hein batean behintzat betetzera dator lehendik Borgesen poesia euskaratuan zegoen hutsunea, gaur arte ale bakan batzuk baino ez baitzeuden itzulita.
Erudizioa eta eguneroko objektuak, kosmosa eta taberna zuloa, Kartago antzinakoa eta Buenos Aires atzokoa aurkituko ditu irakurleak orriotan. Horrexegatik formaren nabarra, sonetoak eta milongak, haikuak eta “bertso aske” esaten zaion hori; horrexegatik titulu soilak eta segida mamizkoak, hitz lurrekoz funts metafisikoak, zangalatrau biziak patxadaren erdian, eta zerrenda borgestarrak turrustan (Gauzak, Kausak, Inbentario…). Direnak eta ez direnak, ezin baitzen bestela. Baina zer da eta zer ez? Zerk dirau munduaren ordena gizakiarentzat atzemanezinean (horra berriz labirintoa)? Bizi berriak antzinako zibilizazioen hondarretan. Gizakiaren fatalitatea eta zoria eta hondar erlojua beti akuilu eta emaitza. Bakarraren patua, gainera, ez da bakana: norbanakoari bultzaka ari zaizkion indarrak berberak dira multzoarentzat (“Besteren errainuan geure errainu bila”). Multipletasun hori, hala ere, ez da salbazioa, baizik isla bat. Horra berriz, giro onirikoetan, ispilu joko durduzagarria: “Hi ikusi ez baina jakiteak / areago izutzen; (…) Ni hilik, bikoiztuko duk beste bat, / gero beste bat, beste bat, beste bat”.
Multipletasun horren bermagarri, umetan eta gaztetan Europan bizi izan ondoren Argentinara itzuli zenean, Borges bera irakasle-, liburuzain-, itzultzaile-lanean eta beste zenbait ofiziotan aritu zen, baina, ezbairik gabe, idazletzak eman zion itzala, jaioterrian ez ezik mundu zabalean ere.
Solasaldi batean esan zuenez, “hizkuntza bere iturburura itzularazi”, horixe egiten du poesiak. Bada, Borgesen narratibarekin ohituagoa dagoen irakurlearentzat ere, apika, horixe dateke haren poemen bidea urratzea: Borgesen literaturaren iturburura jotzea.
Maialen Berasategi Catalán