Poesia kaiera
Poesia kaiera
Walt Whitman
itzulpena: Josu Goikoetxea
2022, poesia
64 orrialde
978-84-17051-85-3
Walt Whitman
1819-1892
 
 
Hitzaurrea

 

      Ameriketako Estatu Batuetako xix. mendeko poeta gorena, Emily Dickinsonekin batera: horra hor, askorentzat, Walt Whitman. The American Poet. Bizi zela egin zizkioten arbuioen eta laudorioen artetik, goresmena gailendu da ezbairik gabe, eta haren idazkerak eragin nabarmena eta erreferentziala izan du geroko autore ospetsu ugarirengan, tartean Allen Ginsberg eta Beat Belaunaldiko zenbait, eta baita Dickinson bezala bilduma honen parte den beste poeta bat ere, Ezra Pound, zeinarentzat “aita” baitzen Whitman, eta “Amerika”.

      Eta, hura izendatzen segituta, Belar-hostoak da Whitman: lehen aldiz 1855ean argitaratu zuen liburu hura, ale gutxi batzuez osatua eta Ralph Waldo Emersonen obrak inspiratua; harrezkero, bizi guztia eman zuen bilduma bazkatu eta bazkatu, poemak kenduz, moldatuz eta batez ere gehituz, zazpi-zortzi-bederatzi eta are hilosteko hamargarren edizioko ehunka poemetara ailegatu arte. Soro zabal horretatik, poesiazale eta ez hain zale askoren gogoan diraute seguru asko Neure buruaren kanta ospetsuaren eta beste zenbaiten izpi batzu-batzuek.

      Transzendentalismoaren ordezkari petotzat jo ohi dute Whitman: izadiaren eta gizakiaren batasuna, eguneroko gauza soilen jainkozkotasuna, naturaren joria eta orobiltasuna, norbanakoen eta munduaren ontasuna… eta, tasun horiek guztiak blaituz, zelebrazioa: haragiaren eta espirituaren uztarduraren ospakizuna, aberriarena eta demokraziarena, giza gogoarena, adiskidetasunarena, maitasunarena (gizonen artekoa sarri), mikatzean ere irautearena, giza bizileku eta bizigai den ingurunearena. Funtsean, doinu zabal bat biziari. “Neure burua ospatzen dut, eta neure burua kantatzen”. Bitaltasun xume bat antzemango die irakurleak poema hauei maiz, eta bitaltasun ia harro bat ere bai tarteka, ausarta: “Eta zu, Herio, eta zu, hilkortasunaren besarkada mikatz hori, alferrik saiatuko zarete ni larritzen”.

      Ez alferrik, batzuek irreberentzia eta indezentzia egotzi zizkioten Whitmani, bere garaiko moralaren asaldagarritzat jota. 1819an jaio zen, New Yorketik gertu, eta izan zituen enplegu askotarikoetatik (inprentako aprendiz, kazetari, administrari…) batzu-batzuetatik kaleratu omen zuten bere iritzi eta jarrera polemikoak zirela eta. “Hezigabea ere banaiz, itzulezina ere banaiz, Irrintzi barbaroa egin dut munduko teilatuen gainetik”. Immoraltzat jo zituzten egilea bera eta haren obra, besteak beste joera nabarmena izan zuelako ordura arteko bide poetikoa berritzeko edo, nondik begiratzen zaion, hausteko, hala mamiz nola azalez. Badirudi esan nahiak ez zitzaizkiola kabitzen neurtitzetan, errimetan, bestelako arau-zedarri tradizionaletan. Whitman prosa poetikora hurbiltzen da nabarmen, eta zerrendak nagusitzen zaizkio ale askotan, irudi eta metafora indartsuen sortak, kadentzia biziz kateatuak, exaltaziorako bide.

      Hain oihartzun handikoa izanik, baziren aurrez Whitmanen poema batzuk euskarari ekarriak (besteak beste Aitor Aranak, Maite Gonzalez Esnalek eta Bingen Ametzagak, zeinaren Ontziburu! Nire Ontziburu dakargun kaier honetara, esker onez eta omenez), bai eta Belar-hostoak obraren lehen bi edizioen bilduma bat ere, Xabier Galarretak itzulia (Hiria, 2003). Euskal musikazaleari, gainera, ezagun egingo zaio Txomin Artolak Whitmanen hitzekin osatu zuen diskoa ere (Belar-hostoak, 1978).

      Kaier hau Walt Whitmanen luze-zabalen erakusgarri osoxeago bat ematera dator, Josu Goikoetxearen itzul-lan bizia dela oraingoan mediante.

Maialen Berasategi Catalán