Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Kanpoan harrapatuta, etxera sartu nahian

 

Kanpora atera eta atea itxi duzu

deskuidatuta. Jabetzerako,

beranduegi da. Zure bizitza bera ote?

Litekeena.

 

Euria ari du. Giltzaren kopia daukaten

bizilagunak ez daude etxean. Hamaika bider

saiatu naiz beheko leihoetan barrena. Hantxe

dauzkat begira landareak, mahaia,

aulkiak, musika ekipoa…

Kafe kikara eta hautsontzia zain

beirazko estalkidun mahaian, bihotz-begiei

deika. “Kaixo, lagunok” edo halakoren bat

esan diet. Azken finean, ez da hain larria.

Okerragoa izan zitekeen. Apur bat

barregarria ere bada, egia esan. Eskailera hartu dut.

Etxeko horman bermatu eta euripean igo naiz

terrazara, barandaren bestaldera pasatu

eta atea zabaltzen saiatzeko. Itxita dago, jakina.

Barrurantz begiratu dut, hala ere:

nire idazmahaia, paperak, aulkia.

Hauxe da, idazmahaian eserita nagoela, begirada

altxatzean topatu ohi dudan leihoaren bestaldea.

Konparaziorik ez beheko solairuarekin, pentsatu dut.

Hau beste gauza bat da.

 

Bada zerbait gaurdaino sekula ikusi gabea:

barruan egotea, bertan egon gabe.

Ez dakit nola azaldu.

Leihoko kristalerantz makurtu naiz

eta nire burua irudikatu dut barruan,

idazmahaian eserita. Lantzean behin

nire lanetik soa altxatzen,

gogoa beste leku eta beste garai batean daukat,

sasoi batean maite izan nuen jendearengan.

 

Tarte batez eutsi diot euripean.

Munduko gizakirik zorionekoena sentituz.

Atsekabe olatu batek erasan dit.

Neronek behiala eragindako kalteen lotsak astindu nau.

Leiho zoragarri hura kolpez txikitu

eta barrura sartu naiz berriz.