Poesia kaiera
Poesia kaiera
June Jordan
itzulpena: Ane Garcia Lopez
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-43-3
June Jordan
1936-2002
 
 

 

Independentziaren Eguna AEBetan

 

Hitz egin nahi nizun uztailak 4ari buruz

Ipar Amerikan eta argi programatuak

lehertzen ziren zuri

edo gorri edo metxa azkarreko urdin,

ospatzeko giza historian

zilegizkoa izan den

iraultza bakarra

 

Hitz egin nahi nizun gaur arratsaldean

oihuka ari zen haurtxoari buruz, hiri honetako

metroan nahiz leiho-ertzetan

jan arren gose edo hilgarri dirauten milaka

horien musikak eta parkeak bat egin baitzuten

oihu horretan

ozen,

giza historian

zilegizkoa izan den iraultza bakarrean izan ziren

jatorrizko kanoikadak bezain

 

Nire gaztelerari buruz nahi nizun hitz egin,

nola hasten den nire bihotz

taupadak areagotzen dituen hitz batekin, gero

laster igotzen zaidana burura, non biltzen diren

Karibeko loreen begi-ametsak eta

babarrun beltzekin pentsatze hutsaz urtzen den ahoa

eta goiz-aurreko orduak ahantzarazten dizkidan

kafea

 

Baina giza historian

zilegizkoa izan den iraultza bakarraren

emaitzaren baitan bizi naiz

eta operadoreak ez du nire deia Kubara pasatuko,

postariak ez ditu nire gutunak Managuara eramango,

Estatu Sailak ez du nire bisa onartuko

guk elkarrizketa labur-labur bat izan dezagun

eta zuk ez dakizu ingelesez

 

eta hori ez da oztopoa niretzat