Poesia kaiera
Poesia kaiera
June Jordan
itzulpena: Ane Garcia Lopez
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-43-3
June Jordan
1936-2002
 
 

 

Poema nire eskubideez

 

Gaur arratsean ere, eta oraindik paseatzeko beharra dut, poema honen

ingurukoak argitzeko beharra: zergatik ezin dudan

kalera atera aldatu gabe nire arropak, nire zapatak,

nire gorputzaren hizkuntza, nire genero identitatea, nire adina;

aldatu arratsean bakarrik den emakume izaera,

kaleetan bakarrik/bakarrik ez denean kontua,

kontua denean ezin dudala nahi dudana egin,

egin nire gorputzarekin, okerreko

sexu, okerreko adin eta okerreko azalekoa naizelako, eta

demagun ez nuela hona hirira etorri nahi,

baizik eta hondartzara

edo sastraken barnera joan nahi nuela;

hara bakarrik Jainkoagan pentsatzera edo pentsatzera

haurrengan edo pentsatzera munduaren inguruan/

izarrek eta isiltasunak azaleratutako kontuetan.

Ezin izan nuen joan eta ezin izan nuen pentsatu eta ezin izan nuen

bertan geratu

bakarrik

nik behar nuen gisan,

bakarrik, ezin dudalako nahi dudana egin nire

gorputzarekin eta

nork egin zituen gauzak

horrela?

 

Eta Frantzian diote morroiak zakila sartu

baina ez badu isuri orduan ez nauela bortxatu

eta hura sastakatu ostean, oihuen ostean,

putakumeari erregutu ostean eta mailu batekin hari buruan

eman ostean ere, horren guzti horren ostean

hark eta bere laguntxoek izorratzen banaute horren ostean

orduan nik eman nuen baimena eta hura ez zen

bortxaketa. Azkenean ulertzen duzu azkenean

izorratu nindutela ni nengoelako oker eta oker nengoelako berriro

ni nengoen lekuan ni izateagatik, naizena izateagatik oker

 

Hala bortxatzen baititu Hegoafrikak ere

Namibiaren lurrak

Angolaren lurrak

eta horrek esan nahi al du

esan nahi dut nola jakin Pretoriak isuri duen,

zein izango da zapalketa higuingarri horren eiakulazioaren froga

Lurralde Beltzean.

 

Eta Namibiaren ostean eta Angolaren ostean eta Zimbabweren ostean

eta herrixken auto-immolazioaz

nire ahaide eta emakume guztiek zutik badiraute ere,

horren guzti horren ostean galdu egiten badugu

zer esango dute mutil koskorrek

baimena eskatuko al didate?

 

Ulertzen nauzu: okerreko jendea gara,

okerreko azalarekin, kontinente okerrean eta

zer demontreren inguruan da jendea horren zentzuduna?

 

Eta aste honetako Timesen arabera

1966an CIAk erabaki zuen arazo bat zuela

eta arazoa Nkrumah deitutako gizona zen, beraz

hil egin zuten eta haren aurretik Patrice Lumumba izan zen

eta haren aurretik nire aita izan zen, Ivy Leagueko campusean

eta nire aita kafetegian sartzeko beldurrez esaten zuelako

oker zegoela: okerreko adina, okerreko azala, okerreko genero-identitatea

eta hark ordaintzen zuen nire hezkuntza eta

haren aurretik

nire aita izan zen, eta zioen ni nengoela oker,

mutikoa behar nuela berak bat nahi zuelako (mutikoa) eta

azal zuriagoa behar nuela izan eta ile leunagoa behar nuela izan eta

ez nuela mutikoekin burua galdu behar, baizik eta haietako

bat izan behar nuela (mutikoa)

eta haren aurretik

nire ama izan zen, nire sudurra konpontzeko kirurgia

eta hortzetarako burdinen eskean, eta niri esaten

uzteko liburuak, uzteko behingoz beste

hitzetan esanda

 

Ezagun ditut CIAren arazoak

eta Hegoafrikaren arazoak eta Exxon enpresaren

arazoak eta Ipar Amerika zuriaren arazoak eta

irakasle eta apaizen eta FBIren eta gizarte-langileen eta

neure neureak ditudan Ama eta Aitaren arazoak/

oso ezagun ditut arazook, azkenean

arazo horien guztien atzean nagoelako

ni.

 

Ni naiz bortxaketaren historia

ni naiz naizena ukatzearen historia

ni naiz nire burua izu larrian espetxeratzearen historia

ni naiz eraso bortitzen eta mugarik gabeko armaden historia,

nire gogoarekin eta gorputzarekin eta arimarekin egin nahi dudanaren

aurkako indarkeriarena.

Eta gauean kalera ateratzeaz

edo sentitzen dudan maitasunaz

edo nire aluaren santutasunaz

edo muga nazionalen santutasunaz

edo nire liderren santutasunaz edo

nire bihotz pertsonal eta idiosinkratiko

eta eztabaidarik gabe bakar eta bereziaren bitartez

ezagutu dudan desira bakoitzaren santutasunaz ari garela ere

 

Ni bortxatu naute

oker egon naizelako: okerreko sexua, okerreko adina,

okerreko azala, okerreko sudurra, okerreko ilea, okerreko

beharrak, okerreko ametsa, okerreko geografia,

okerreko joskera

ni.

Ni izan naiz bortxaketaren esanahia

ni izan naiz mundu guztia bortxatutako sarketaz

ezabatzen saiatu den arazoa,

espermaren frogarekin nahiz gabe eta

argi eta garbi diot poema hau

ez da inolako baimena eta ez diet baimenik ematen

nire amari, nire aitari, irakasleei,

FBIri, Hegoafrikari, Bedford-Stuyri,

Park Avenueri, American Airlinesi, kale kantoietako

alferrontzi zakil-zutei eta autoetako nazkagarri iheskorrei

Ez deitu niri oker: oker ez da nire izena.

Nire izena nire, nire, nirea da

eta ezin dizuet esan nork egin dituen gauzak horrela

baina esango dizuet, hemendik aurrera, nire erresistentziak,

egun eta gau dirauen nire ausardia sinpleak

aise har dezakeela zuen bizitza ordainetan.