Poesia kaiera
Poesia kaiera
June Jordan
itzulpena: Ane Garcia Lopez
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-43-3
June Jordan
1936-2002
 
 

 

Poema Nanari

 

Zer egingo dugu

ez daukagunean inor

hiltzeko?

 

                 * * *

 

40 000 petrolio galoi bor-bor

ozeanora

baina ni

hegi honen gailurrean eserita

Pazifikoaren gainean

loreen kolorea egiaztatzen

Kaliforniako mitxoleten laranja

beroak hartu nau

eta nire kolkorako diot

Non dira indiarrak?

                                filmen lurralde zabal honetan

                                cowboy saga-lurralde honetan

                                indiar

                                bakar bat

                                ere ez

                                begi bistan

 

40.000 galoik pozoia borborrean

itsasoaren sakonenetik

orduro

 

40.000 galoi

artean

nazioarteko adituak

artean

kontaminatzaile berriak

neurtu ezin dena irensten

halere:

            indiarrik ez.

 

tinko begiratzen dut ingurura

itsasoaren leiho ditudan

arrosa eta mitxoleta eta hegitik haratago

so egiten diot

akiduraz amore emanda

susmobako

ia hutsal datzan

Pazifiko zabalari

 

Nire basatasunaren bila dabilen emakumea naiz

alferrik izan arren

 

Non dira indiarrak?

 

                 * * *

 

Bele Sudur

Hartz Txiki

Neska Lirain

Altze Beltz

Azeri Sabel

 

Zuhaitz sakratu eta izarpeko

ibai preziatuen jendea

gauari istorio zaharrak kontatzen zizkion jendea

 

nola hartuko dugu guk zuen bidea?

 

mara-mara

elurra sutondoaren aurretik

eta gizonak bufaloak ditu

anaia

 

nola jarraituko dugu zuen bidetik?

 

                 * * *

 

Buruz behera aurkitu zuten

dantzan behar zukeen lekuan

txorien

hegaldia

                        isiltzen duten

itzalezko danborren doinuan

Geldi aurkitu zuten bere gorputza

izotzak

deuseztatu ziola bizitza

nire bizitza garrak hartuta, suntsitzaile

 

Anna Mae Pictou Aquash

Trail of Broken Treaties-en eraila

bala bat buru/eskuetan sartuta

eta hatzak sakabanatuta

 

nork irabazi du

ahoz aho pasatu ezin den

bake bakarra

 

                 * * *

 

Memoriak hautsi arte astindu beharko luke

norberaren hezur zulatua ikara ukatuaz

min ukatuaz,

txanpon zaurituetan

nire aurpegia aurkitu nahirik

oihu egin dudanean lez

botatzeko

bueltatzeko

osorik

Geronimo eta

Pocahontasen kondairak

okupak dira orain

espaloietako porlana

nire konfiantza guztiaren zerraldoaren barruan

 

sumatu zaitudanean lez

zuhaitzen goseen artean ezkutatuta

isolatuta,

suak luzaroan

eskatu gabeko pizgarri

dardari

 

Jaso dudanean lez nire ahizpa hila, eta ez santutasun emari behar zuena,

elkartasuna xuxurlatzen duten

emakumeek askatutako

munduko espirituei deika.

 

                 * * *

 

Zure bizkarrezurrari segika topatu dut nire bidea

 

Zure bihotza banaezina nire egiazko asmotik

guk

behartu genuen ilargia arratsera makur zedin

esan zenuenean, “Ez,

ez dut zure eskua

askatuko”.

 

                 * * *

 

Orain alde guztietara eramango nauen itsasaldi baten bila nabil urpean

 

sakonean

Pazifiko leunak hondatzen du

lurraren gerriko more

hunkiezina

 

                 * * *

 

Iaz Hegoafrikako Justizia ministroak

esan zuen Gobernuaren Aurkako Istiluak

Mundu Mailako Moda baten parte zirela

Ezarritako Ordena Kultural eta Politikoa

Eraisteko

 

                 * * *

 

Hala bedi!