Aurkibidea
Pietà berria: Detroit-eko ama eta haurrentzat
Poema nire familiarentzat: Hazel Griffin eta Victor Hernandez Cruz
Neure baitan isilik lehertzean hemen
Nazio Batuen hogeita bosgarren urtemugan: 1970
Etsaientzat mehatxu izan behar dut
Independentziaren Eguna AEBetan
Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna
Aurkibidea
Pietà berria: Detroit-eko ama eta haurrentzat
Poema nire familiarentzat: Hazel Griffin eta Victor Hernandez Cruz
Neure baitan isilik lehertzean hemen
Nazio Batuen hogeita bosgarren urtemugan: 1970
Etsaientzat mehatxu izan behar dut
Independentziaren Eguna AEBetan
Emakumezkoa eta gizon baten isiltasuna
Poema bat Hegoafrikako emakumeei
1956ko abuztuaren 9an apartheidaren hiriburuan
“dompass” pase-sistemaren aurka bertaratu ziren
40.000 emakume eta haurren oroimenez.
1978ko abuztuaren 9an Nazio Batuen aurrean aurkeztua.
Gure itzalak desagertu egiten dira milaka
eta hamar milaka oinek lur lokartua zapaldu
eta hauts berria sortu ahala,
emankor,
polen zoragarriaren antzera gora,
lehen emakumeak ere bere inguruko zuhaitzei
imajinazioa xuxurlatu ahala sorrarazi baitzuen
fruitu zintzoa,
bizitzaren halako defentsa berariazkoa eginez
ezen ez baitago oraindik inor
aldarrikatuko duenik babesgune hau
munduko beste edozein baino gutxiago denik
Izpiritu ororen belarri-muinean gordeta dauden
xuxurlak ere
altxatu dira orain:
zabaltasun baketsu eta maitekor guztia
sutsuki berresten dute parrandan
eta bataio-kearen bero
zoroa iragartzen dute
sua
bai
sua egongo den lekuan
Eta haurtxoek alarma gelditzen dute
besoak jaso artean amak
bihotza gora
izarrek, urruntasunak ikusezin bihurtu arren,
unibertsora jaurtitzen duten artean
mugimendu-indar bat,
argi-urteak bezain itzulezina,
zabalik den begirainoko
bidaian
eta erresistentzia honetara batzen direnek
eta konpainia atseginik gabe altxatu zirenek
mendietarantz eta
beharrezkoa bada
itsasoaren azpira
abestu eta abestuko dute
Gu geu gara espero genituen horiek