Poesia kaiera
Poesia kaiera
June Jordan
itzulpena: Ane Garcia Lopez
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-43-3
June Jordan
1936-2002
 
 

 

Bortxaketa ez da poema bat

 

 

                              1

 

Emakumeak jardinera sartzen ikusi zituen egun batez,

loreen bizilekura.

Koloreak ederrak iruditu zitzaizkien eta

lehen aldiz ezagutu zuten

loreek gordetzen zuten usain gozoa

beraz

jardina

zapaldu eta suntsitu zuten

izan ere (esan zuten)

lore horiek?

Horren eskean zebiltzan.

 

 

                             2

 

Etxe barrura sartzen utzi nion gizonari agurtzeko.

“Kaixo”, esan zuen.

“Kaixo”, nik.

“Zer moduz?”, galdetu zidan.

“Ondo edo”, esan nion.

“Eder zaude”, irribarrez berak.

“Eskerrik asko; lanpetuta ibili naiz: lanpetuta nabil”.

“Joan egingo naiz orduan”,

esan zuen.

“Ondo”, erantzun nik, eta “Zaindu”.

“Hauxe egingo dut”, esan zuen.

“Ez!”. Nik: “Ez! Ez mesedez. Mesedez

utzi bakean. Orain. Ez. Mesedez!”, nik atzera.

“Banoa”, egin zuen barre: “Bake-bakean utziko zaitut;

oraintxe noa!”.

“Ez!” oihukatu nuen: “Ez. Mesedez ez egin hau niri!”.

Baina ez zuen gehiago hitz egin eta ez zegoen

esan nezakeen ezer

hark entzuteko

ni.

 

 

                               3

 

Eta kontuan hartuta zuen gutxiespena

eta kontuan hartuta horren ondoriozko nire gorrotoa

eta kontuan hartuta historia,

leku goibel honetara ekarri gaituen hori, non (zure besoa

altxatuta

eta nire begiak

beheratuta)

ez dagoen botere-lika eta

samurtasunaren suntsipen burutua besterik/Nik

jakin nahi dut:

Hau al da zuentzat

Naturala?

 

 

                    4

 

Nire txakurrak ez ditu sekula ikasiko

izar edo arantzen izenak baina

berak

edozer aurkitzen du

kaka egiten du lurrean

gero topatzeko hosto erori bat oraindik eusten

egun horretako euri-ura eta

gelditu egiten da,

txakur handi bat

(ur ņimiņoari miazka)

ezti

den moduko

beste batzuetan

basa

 

Hari ikasi beharko zeniokete

lasaibidea