Talos
Errepikapenak —dio—, amaigabeko errepikapenak; ze nekea, ene!
Aldaketa oro ñabarduretan baino ez: Jason, Odiseo, Kolkida, Troia,
Minotauroa, Talos. Eta ñabardurotan bertan
iruzur guztia, eta edertasuna, aldi berean: gure lana.
Oraindik
gordea dut brontzezko gizakien arrazako erraldoi haren irudia.
Zain bat zuen eztarritik orporaino; zain bat bakarrik,
brontzezko iltze batek eutsia mutur-muturrean. Iltzea erauzitakoan,
odola eta bizia galdu zituen handik.
Eta orobat, diot,
gutako bakoitzak ere zain bakarra du, iltze batek itxia,
eta guztiok dugu izu bera.
Bestaldean, zuriz garbitutako horma handian,
errenkadan daude iltzeak (zainetatik aske, agian?), handik zintzilikatzeko
berokiak, kapelak, aterkiak, galtzontzilloak eta maskarak.