Poesia kaiera
Poesia kaiera
Yannis Ritsos
itzulpena: Joannes Jauregi
2018, poesia
64 orrialde
978-84-17051-18-1
Yannis Ritsos
1909-1990
 
 

 

Udaberriko sinfonia

 

 

I

 

Alde egingo dut

gailur zuri elurtuotatik,

irribarre biluz batekin berotzen baitute

nire bakardade mugagabea.

 

Astinduko dut sorbaldatik

izarren hauts urrekara

enarek

elurra astintzen duten bezala

hegaletatik.

 

Pertsona xume eta zintzo bat nola

halaxe igaroko naiz

bozkarioz eta xalotasunez

zure laztanen

akazia loratuen azpitik

eta mokoarekin zartatuko dut

udaberriaren leiho distiratsua.

 

Ume zoriontsu bat izango naiz

irribarrez gauzei

eta bere buruari

lotsarik eta zalantzarik gabe.

 

Ezagutu ez banu bezala

neguko ilunabarren

kopeta zurbilik

etxe hutsetako lanpararik

eta paseatzaile bakartirik

abuztu beteko

ilargiaren azpian.

 

Haur bat.

 

 

III

 

Begira, maitea,

nola begiratzen zaituzten

nire esku saminduek.

 

Bi umezurtz dira

gauean negarrez

ogirik gabe

eta dardarka lo

elurraren gainean.

Hotzak, baina ez eskean.

 

Lore isil bat

zuten eskuetan

eta eztiki eta baldarki jolasten zuten harekin

kale zartatu haietan.

 

Maitea

begira nola dauden dudatan

nire esku gautuak.

 

Nola irekiko zait

argizko ate hau

errainu baten itzalik ere

ezagutu ez badut?

 

Kanpoan geratu naiz, koldar,

leiho handiei begira

arrosa argiztatuei

eta kristalei

eta beti diot banoala ihesean

gau ezagunean barna

eta beti diot banatorrela

eta beti geratzen naiz hor

atearen aurrean.

 

Ez niri hots egin oraindik.

Luza ditzagun

ordu lauso hauek

ordu bete hauek

non bi munduk

topo egiten duten

non bi boz sakon

orekan dauden

urrezko korda baten gainean

eta antzigar tanta bat dagoen

dardarka eta kulunkan

gaueko lorean.

 

Hemen geratuko da

han eroriko.

 

Maitea, zer prestatu duzu guretzat

argi honen bestaldeko

jainkoen begiradan?

 

 

XVI

 

Poza, poza.

Ez zaigu axola

zer utziko duen gure musuak

denboran eta kantuan.

 

Ukitu dugu

xederik nahi ez duen

alferrikakotasun handia.

 

Jainkoak

bere burua haragitzen du

gure musuan.

Harro betetzen dugu

infinituaren agindua.

 

Leiho txiki bat

zeruari so.

Txolarre batek dio

zerua.

Ixo.

 

Gure ezpainen zuloan

bizi da absolutua.

 

Gau zohardian

isilik entzuten dugu

itsasoaren arnasa

neskato zoriontsu baten bularrean bezala

zoriontasuna

ezin kabiturik.

 

Izar bat erori da.

Ikusi duzu?

Isilik.

Itxi begiak.

 

 

XX

 

…Udako iluntzea

sartzen zen leihotik

aitaren etxeko

ganbera zurian.

 

Umetako ohatzean

etzanda

betazalak erdi itxirik

adi nengoen, izarrak eta kilkerrak

txioka larreetan.

 

Lanpara adeitsuaren azpian

ama aingura bat brodatzen ari zen

zeta urdinezkoa

nire lihozko amantalean.

 

Haren esku finak joan-etorrian

argi-sortaren baitan

—txori zuriak

nire bihotzeko laku barean.

 

Nire aingura brodatua

hain fermuki lotzen zituena

txalupatxo txikiak

eta nire ametsak

gure uharteko portu txikian.

 

Heriotzak ukitu gabea zuen

gure lorategiko belarra

eta balkoi loratua

ez zaigu sekula haizeetan hegaldatu

partitzeetako zapiak bezala

itsaso infiniturantz.

 

Ezezaguna bezaturik

lo zegoen

amaren itzalaren bestaldean.

 

Eta halere nik

ez bainekien ezer

Jainko Ona ikusten nuen

niri irribarrez

leiho irekiaren sakonean

izarren urrezko sastraken atzetik.

 

Urrin bat zabaltzen zen aire samurrean

belar freskoa eta jasmina.

Eta pauso leun batek

Aingeru baten oin distiratsuak bezala

gure etxea zeharkatzen zuen.

 

Zure pausoa zen, edo Amore,

duela hainbeste urte

nirekin batu nahi zuena

udako ilargiaren azpian.

 

Eta ni lo ezinik

entzuten nola zure urratsek

kantuz betetzen zituzten

munduaren bihotza

eta neurea.

 

Gaur arratsean oraindik ere antzeman dut

gure etxetik kanpo

Aingeruaren itzal babeslea.

 

Maite, zeuk ekarri dizkidazu bueltan

amaren txori zuriak

eta aingura hura, laku isil hartan

lotzen dituena

txalupa zaurituak.

 

Nire edertasuna bildu egiten da

zure adatsaren apaingarri.

Eta gozo eta samur den oro

gertu izanagatik beti arrotz nuena

eta nitaz ahaztua zena

zure eskuetara itzuli da

epeltzeko

berpizteko

eta musu emateko zuri.