Emakume igarlea
Nahasiak beti haren tximak, hiletari bat irudi,
hildako ikusezinen baten gainean, edo
bere hildakoaren gainean. “Dohain itsusia da —dio—
zuzen asmatzea”. Komuneko
sareta ilun hura begien aurrean,
bere adatsa balitz bezala —ez bakarrik
heriotzaren sarea, are okerrago: doluaren sarea,
bekaitzarena eta lortu ezin den horrena. Eta bueltan dira
udaberriko ordu ederrak, hauskorrak
—haur batek oinak sartu ditu
ontzi handi hartan, xaboiarekin jolasean—,
eta bera, azazkalekin bi zulo saretuz
bere adats bakanduan
lira bat joz bezalaxe, sakonera so dago,
eta zuzen igartzen du, eta zuzen irribarre egiten.