Aurkibidea
Aurkibidea
Eastbourne
“Jainkoak salba beza Erregea” entonatzen dute turutek
hainbat zutaberen gaineko oholtza batetik,
haren azpitik itsas gorak bide egiten duelarik
zaldien oinatz hezeak ezabatuz
kostaldeko harean.
Haize hotz batek jotzen nau
baina dirdai batek kristalak pizten ditu
eta harkaitzetako mikaren xalotasuna
distirarazten.
Bank Holiday… Nire bizitzaren
olatu luzea itzultzen da
irristan, eztiegi maldan behera.
Berandu da. Burrunba ahultzen da,
sordinan ahitzen.
Mutilatuak doaz beren gurpildun orgetan,
lagun dituztela belarri luzeko txakurrak,
ume isilak edo zaharrak (Agian bihar
guztiak ametsa emango du.)
Eta bazatoz
zu ere, ahots gatibua, norabidea nahastu duen
loturarik gabeko arima,
odolezko ahotsa,
galdua eta nire arratsera itzulia.
Hotel bateko atea dirdiraka
mugitzen den bezala bere orrien gainean
—beste batek erantzuten dio eta tximista bat itzultzen—
dena erauzten duen karrusel batek durduzatzen nau
bere jirabirarekin, eta nik adi-adi
zure arnasa sentitzen dut (“aberri nirea!”)
eta jaiki egiten naiz eta eguna maiztuegia da.
Guztiak emango du hutsala: baita indarrak ere
bere zori lizunean nahasten dituelarik
biziak eta hilak, harkaitzak eta arbolak,
eta zure baitatik ernaltzen denak, zugatik. Festak
ez du barkatzen. Bandak
bere zalaparta berritzen du, arrats lehenarekin
armarik gabeko ontasun bat hedatzen da.
Gaizkia garaile… Gurpilak tinko darrai.
Zuk ere bazenekien, ilunpetan-argi.
Arrats sutsuan, lehen kanpai-hotsekin
desagertu zinen lekuan, ez da gelditzen
Bank Holiday
izandakoaren txingar lakarra baino.