Aurkibidea
Aurkibidea
Mugazainen etxea
Zuk ez duzu gogoan mugazainen etxea
harkaitzen gaineko koskan zintzilik:
atsekabeturik daukazu zain gau hartatik,
zure pentsamenduen erlauntza bertan sartu zenetik
eta artegatsu gelditu hantxe.
Haizeak horma zaharrak astintzen ditu aspalditik
eta zure irriaren hotsa jada ez da bozkariozkoa:
iparrorratza erotuta dabil menturara
eta dadoen erantzuna ez da jada itzultzen.
Zuk ez duzu gogoan; beste sasoi batek nahasten du
zure oroimena; hari bat libratzen da.
Mutur bati eusten diot oraindik; baina etxea
urruntzen da eta sabai gaineko haize-orratz
ketua jiraka dabil errukirik gabe.
Mutur bati eusten diot; baina zu bakarrik zaude,
hemen ere ez duzu arnasarik hartzen ilunpean.
Oi zerumuga ihesean, petroliontziaren
argia inoiz pizten den puntuan!
Pasabidea hemen da? (Olatualdiak labar
malkartsua astintzen du oraindik…)
Zuk ez duzu gogoan nire arrats honetako
etxea. Eta nik ez dakit nor doan eta nor den gelditzen.