Aurkibidea
Aurkibidea
Hildakoak
Itsasoak aurreko ertz-hegian hautsirik
ninboa altxatzen du aparra barreiatuz
ordokiak berriro xurgatzen duen arte. Itsasertz
herdoildu hartan jaurti genuen behin
gure esperantza itsasoarena baino
arnasestuagoa!—, eta zurrunbilo antzua berdetzen da
bizien artetik ikusten genuenean bezalaxe.
Iparrak ur-lasterren korapilo uherra
askatzen duen honetan eta iturburura
itzularazten, arbola inaustuen adarretan
norbaitek sareak esekitzen ditu
galtzen direnak kale aldapa behera batean;
argiaren ukitu hotz eta geldoak lehortzen dituen
sare kolorgeak; eta argiaren gainetik
zeruko kristal trinkoak kliskatzen du
eta erortzen da ortzadar zigortuaren
arku gainean.
Berregoste horrek agertzen digun
alga herrestu bat baino zerbait gehiago
mugitzen du pausa honek gure bizitza: zirimolatzen du
egun batez gugan bere mugetara
etsi zena, eta adarrek lotzen dituzten
harien artean, bihotza inarrosten da
beren hegaldiak sare-soketan itotzen zaizkien
uroiloak bezala;
eta geldirik eta alderrai lotzen gaitu
finkotasun izoztu batek.
Honela
hildakoei ere agian ukatzen zaie atsedena
zokor azpian: bizia bera baino indar gupidagabeago batek
ateratzen ditu hortik, eta,
giza oroitzapenek jazarritako larba,
urbazter honetara bultzatzen ditu,
hats materiarik gabeak edo ilunpeak
traditutako ahotsak; eta haien hegaldi
trabatuek ukitzen gaituzte orain
oztaz bananduak gugandik eta ozeanoaren
galbahean hondoratzen dira…