«Tropicana» bihotzean
Ron kolore horiskan zehar
limoizkoagoak ziren zure
ezpain gorriak,
epelagoa perkusioaren doinu laztana;
denbora goragalea izan
eta elkarren besoetara
gonbidatu gintuen.
Ziur genekien
orkestra baldar hura
ez zena karibetarra
eta, baita,
ez gintuela urrezko ezein hondartzak
bilduko
bere harea aluzinakorretan.
Besoetako zure belztasuna
neonezko argipetan,
dardaraz, zilarreztatu ohi zen
aldika.
Marrazo errakorren baten hegatsak
bihotz-motz utzi ninduen
zure itsasoan
murgildu ahala,
arratsa hiltzear,
sabaiko zerua arno kolorez
tindatu zenean;
koralezko haitz kresaltsuetan
kiskali bide zen
nire gorpuaren
azken apurrik apurrena ere.
Nire gogoak
barrikada erraldoia
du eraikita
ozeanoa hasten deneko
«Tropicana»ko ate hartan.
w1987