Gernika I
Picasso
gorpu
haritz zaharrean
zintzilik.
Usoa
zerraldo
azufrea begietatik
dariola
Avignoneko
emakumeak
beltzez jantzita
hilotz
Arlekina
negarrez
mila ispilutan
sakabanaturik
Iparragirre
mutu
sokabako
gitarrari eragiten
mutu
Iparragirre
Poetak
deitu ditugu
Poetak
etorri dira
Cesar Vallejo
lepoan ogi handia hartuta
mundu osoko umeak bilatzen
Pablo Neruda
kriseiluaz armaturik
askatzailearen sustraiak arakatzera
Garcia Lorca bere balazuloak
poeta lagunarenetan luzatzera
eta
ezin
hitzetan
jaso
Pintoreak
deitu ditugu
Pintoreak
etorri dira
Goya
egunerokotasun lazgarrien
xehetasun jasangaitzez horniturik
Bosch
amets gaiztoetako
monstrutalde izugarrien artzain
Vincent
erotasunaren harunzko
mugakolorearen hari fina bilduz
eta
ezin
koloreetan
jaso
w1984