Itsastxorien bindikapena
Aizu, Pablo,
gorroto dut bakearen usoa
zeure usoa
Lapurtu egin digute
ohostu, ebatsi
nik dakita zein aditz erabili!
Pablo apostoluak
zalditik erori eta
jainkoaren argia ikusi
omen zuen
geu ere lurrean hankaz gora
inongo argirik ikusi ezinik
ez bada
kriseilu umilak opaltzen diguna
Gehiagorik ez da behar
hain gauza sinplea ikusteko
lapurtu egin digute usoa
orain hainbeste gorroto dudan usoa.
«Guernica» ere kaiolatu egin dizute
Madrilen
armaz defendatutako Madril horretan
odolez laztandutako Madril gorrian
izerdiz ezkerrekoa bataiatutako Madril ateoan
Federico, Pablo, Luis, poeten Madril berritsuan
«Noche de guerra en el museo del Prado»
berrantzeztu beharko genuke
ea oraingoan geuk irabazten dugun zure indar guztiak han barruan izanik
«Noche de guerra en el museo del Prado»
baina inor ez da errepikatzen
historia ez da errepikatzen
«Guernica»n usoak
sobera zeuden
bai horixe
orain bezala
Bestela zeuk esango didazu Pablo
zer egin dezakeen usoak
uniformez jantzita, hanketatik loturik
betaurreko ilundunen morroi beltzen eskutik
Bai, Pablo
orain ordaindu egin behar dugu zure «Guernica» ikusteko
kaiolatua
kristalezko kaiolan (poesigai izan dugun kristala zure magiaren kaiola)
«Guernica» ez dago Gernikan
Gernika gartzelatu batean
ez baita
horrenbeste askatasunik
horrenbeste askatasun minik garrasika
kabitzen
Guernica kaiolatua ez da Gernika kartzelatuan kabitzen
Madril galduan baino.
Ezin zitekeen
beste ezein modutara izan
Esan dizut, Pablo,
gorroto dugu uso prostitutatuori
Orain koadroa amaitzen ari gara
beste Picasso asko
Gernika bat egiten
bakoitza Picasso bat bagina bezala
zuk ez baitzenuen
astirik izan amaitzeko
koadro bat pintatuz ez baita
inoiz
gerrarik amaitu
eta zuk
koadroan
gerra jaso zenuen
notario jaioa zinen horretarako
gerra ez da amaitu
koadroa ere ez
Guernica deskaiolatua, librea
Gernika jareinean
koadroan amai
daitekeen
toki
bakarrean
Bitartean
lapurtu egin dizute usoa
nire begiez ez dut sekula halako itsuskeriarik ikusi
nola erabil litekeen usoa
zapaltzeko
Pablo, beste txori bat behar dugu
libertarioa
sekula kaiolatu gabea
puroa
nahiz eta hondakin odoltsuak jan
hegalari asperrezina
gure askatasun minaren egarriaren irudia
lehenengo askatasuna delako
eta
gero
bakea
Hegazti hori itsasoan da
hara naramate nire oinek
bertara doa nire gogoa ere
kresal bizikorra irenstera
eguzkiaren eta urgaziaren
lurrezko emaitza birjinala
Harea igurikatzen nauzu
eta
bizitza bera den egonezina
Itsastxorien egonezina Pablo
w1984