Ordoxelaiko bidean
«Ama!
Ezin dut kantatu:
bihotzaren kaperan su hartu du atrilak».
(V. Maiakovski)
Artezilariei deitu beharko
desamore hauen mekanika
delikatua desaktiba dezaten.
Eta bihotza habitatzen digun
ezezaguna errito swahiliz
ahal dezagun behingoz uxatu.
(«fukuzwaye yeye mgeni»)
Euria ari baitu
aspaldiko partez
lekaro soil hauetan
horbel hitsaren kraskada
eta ur uherrez harro erreka
denboraren euri atergabez.
(«Victimae Pascali laudes
immolent christiani»,
Abraham, Abraham...)
(«sekula» hitzik ez aipa,
oinarria ez dago tinko zapal
tzaileen hitza amaitzean za
palduen mintzoa da hasiko)
Telefono hariak aspaldi moztu baitzituzten
otarrain karrankarien komando
inkontrolatuek erraietan
eta Danton guztiak higatzen ari
osasunezko espetxeetan txandako
Robespierreen gilotinaren zain
gorrotoaren toberak ankerki urratu
haurtzaroko argazki amoltsuak eta
garrazki lehertarazi ulertezinaren
hegazkinek poema ingenuoak oro txo
stalingrado luze honetan mozkortubak
eta ganibet fin zorrotzak atezuan
tristeziaren begirada sorgorretan
larmintzaren guritasun gurinezkoaren
artisautza maratz zehatzean zaurgarri
uste guztien pronostikoen arabera
zapart eginak baitira inoiz ere apika
laztanezko lanabes inozent izan ez diren
aho kutunen nabastarre bazkalondoarrak
ganibet labanduak orain odol-horbeletan
karraskari eta behinolako irri-karkarak
ubel-lauso hain urrun...
(«errota zahar maitea
uraren ertzean
uraren ertzean-da
basati beltzean»)
Otordu amankomunen
xarma inkariotsua aspaldi
bihurtu baitzen herdoil
ugerrezko larrosa horzkari
ibaiaren geldotasun uhertuan
(«negar egiten duzu
alea txetzean.
ni ere triste nabil
zutaz oroitzean»)
Bizitzak urteak baitaramatza
zauri niminoak miniaturazko
milizkaduren mikrouhinetan
astirotsu suntsitzen su ama
ta tu ak.
Etxea bete ur.
Odolez harro datorren
erreka honetan.
(«sepulchrum eius viventis
...
et gloriam videam
resurgentis» )
Euria ari baitu
aspaldiko partez
gure kromletxaren in-
guruan in-gudean in-
fernuan.
Sicut dicebamus hieri.
w1995