Ez diot haizeari utziko
baretu arte igurtzi zaitzan,
ez diot onartuko
bere esku hautseztatuez
zure begi erraldoi horiek,
leize eroz sakonduak,
itsu ditzan.
Zeren eroa baitzara,
eztarrian sumendi baten jabe
zarelako,
eta errautsak astiro,
zotinik gabe, emeki
dirakitzazulako eta
edozein gauez
zure habuin-adatsa
elur eta
edozein goizez
gure planeta hau,
ustekabean,
usategi dirdaitsu
bihurtuko zaizkigulako.
Zeren txoria baitzara,
barnetik, barnetik oso
hazten zaiguna,
hazi eta hazi ari zaiguna,
harik-eta bere luma gorituek
ahoa kilimatzen diguten arte eta
harik-eta bere kanta ia soraioak
ukiezinak uste genituen
gailurrak oro dardarati
bihurtzen dituen oihu irakindu bat
jaulkierazten digun arte.
Horregatik, gautzan eremu helkorrean,
zure gomuta iorandua dugu lagun,
gomuta bizia,
ezein ezpainek
ezein ametsek
pairatzen dakizun ezein oinazek
harrapa ezin zaitzakeen
gomuta bipila,
soilki tristura-laino mehe batek
begietara gandutua.
Garaitezina baitzara, ene adiskide itsaso,
zugan baitatza gure soa
arraiki argitua,
dakusagularik
nola nahi zaituzten mendera eta
nola, ikertezina baitzara,
ahalegin alferretan ahultzen diren
aurkitu nahi zaituztenak oro.
w1986