Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-24-X
Joxe Austin Arrieta
1949, Donostia
 
 

Ostatuko neskatxaren koplak

 

Isildu zaigu eguna

larre ondoan asuna

zure gomuta saminagoa

bihotz nereko kutuna

 

Eperra garitzan kanta

ehizeko zakurra zaunka

teilatu gorriari dario

nigar eta odol tanta

 

Belar gainean bildotsa

haizeak leun du hotsa

etsai-urratsen zarata hitsa

gorrotoaren ostotsa

 

Oilarrak harro kalparra

zezena ez da koldarra

Espaina aldean preso daukate

nire senargai zangarra

 

Ibaia dator uholde

haizea uraren golde

euskal andra gizonen odola

ez da ixuriko debalde

 

Eder basoan haritza

pagoa lerden bortitza

bazter hauetan zenbait jaunskilok

errez jan ohi du bere hitza

 

Sagarrak daude ustelak

mikaztu dira upelak

lehengo aldean orain gara gu

abertzale txit epelak

 

Euriak mardul dario

elurrak dirudi liho

nire bihotzak ez dezaizuke

sekulan esan adio

 

Artoa zaigu zoritu

sagarrondoak gorritu

zu noiz itzuli itxaropena

ez zait gogotik akitu

 

Oreina intzatan bipil

usoa hodeitan umil

etsai ankerren zitalkeria

herrian nagusi dabil

 

Udako sasoiak uzta

larrean eder hirusta

nire bularra zuk laztan ezik

ximelduriko masusta

 

Usoak dira igaro

basoak dirau oparo

nire magal gozoa dukezu

zatozkenean abaro

 

Zelaiak badu hesia

ereina dugu hazia

nire erraietan ernatuko da

askazi ezin-hezia

 

w1982

Musika: Oskorri