Giza marmaloak
Denok gaituzu senide,
Gregor Samsa.
Denok gabilzkizu
herrestan, arnasestuka
aldiz gela hertsietan
aldiz kale eremuetan
nork geure
atabute beltz txarolatua
bizkarrean garraio.
Batzuk zuk ez, anaia martiri
urin pozointsuak jaulkitzen,
nor geure buruaren defentsan omen
elkarren arteko talka kupidagabean.
Bestetzuk edo berberok beste aldika
elitroak aidean dantzatuz,
honelakoxeak egin bide gaituztenen
kontra altxatuz,
etsipen itxaropentsuzko edo
itxaropen etsituzko eleak aldarrikatzen.
Baina funtsean,
Gregor anaia,
denok gaituzu
zu bezalakoak:
kakarraldo hutsak.
w1989