Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-12-6
Juan Mari Lekuona
1927, Oiartzun
2005, Donostia
 
 

Begitarte 2

 

Sagar hozkatuaren barnetik

sortua da aurpegia,

sagar hozkatuaren barnetik.

Mahats ale beltzak ere

bisaia bizien sortohe dira

atsedenen esparruko lorategian.

 

Sagar gorri bat

emakume beltzaren buru gainean;

sagar gorri bi

buru horixka zuenaren garunetan,

adar enbolatuen moduan

jezarriak.

Aho guztiak marrubi beltzen zain,

leporainoko uretan.

Eta txoriak ditu janaritzen

triangulo gorriaren adarpean

aho zabalik dauden tristeak.

 

Medusaren enkajeak

estaltzen ditu

aurpegi etsien desirazko luma beltzak.

Albokoaren aurpegi forma

arraultze urdina zen;

eta hostro berde ilunak ile bezala ezarriak.

Besteak, buru eta aurpegi ordez,

hontza darama

—bere lumazko adardura eta guzti—;

eta bost anpolai gorrik

baletazko jira-birak darabiltzate

parrondoaren dinamika orritsuan.

 

Arrain ertenen aho gosetiak

aran gorrien eskean dihardute.

Eta begitartea lore beltxaren luzapen da

korolatiko errainuen barnean kokatua.

Eta kaxkabeltxa etzana dago;

txirla-azalak hutsak;

eta kaktusaren azpiko neke bihurrian

perlek ihes dagite malko garratzetan.

 

Antzarak, txoriak: kanta zaratasuak.

Eta mitxeleta koloretia,

kardabera urdinaren gaineko

lore-kuskulu arantzatsuan.

 

Mitologi abereen desfilean,

jai giroan,

irrintzi ozenak, sagar gorriak gogoan,

amapolapean estalirik doaz aurpegiak,

lepoz behera loretik kanpo andereñoak.

Arraultzea, arraina, txoria, zisnea:

kanta eta dantza,

munstroen gainean zangolaka bizian.

 

Ur-barneak itzulikatu ziren

munstroen aurrean:

bisaia biziak irteten zirela

uretik arraultzera,

uretik marrubipera,

uretik zuhaitzpera.

Eta egina zen miraria.

 

Harpak eta mandolinak belarrietan eskegiak;

gregoriar notak kopeteko arraietan

idatziak.

Eta arraultzetik irteniko andereñoak

burdin oskolezko bisaia darama;

dado tzarra buru gainean,

oinak bi ontzitan

eta gaita gorria buru gainean.

Bi belarriak akupunturaz josiak ditu,

altzairu finezko aiztoari atxikiak.

 

Ebaren bisaia marmol zuria da;

eta eguzkiak —garunez beherako isurian—,

adats kizkurra luzatzen dio,

urrezko gain-jantzi luzea

osatzerainokoan.

 

Eta huntzak ez zuen estali

—ez ezkutatu, ez gorde—

Jainkoaren aurpegia.

 

w1978-79