Jainkoa hil da
Jainkoa hil da bihotz askotan.
Hileta-hotsa sentitu ohi dut nonahi
—Tenplu Santuan ere bai—.
Batzuek azkena eman diote
bortxazko heriotzaz.
Besteek, berriz, ahantzi dute
ardurik-ezako hotzaz.
Egiaz dugu ostiral santu:
barru askotan hezurmendia;
Kalbarioko etena,
Jaungoikoaren azkena.
Jainkoa hil da bihotz askotan,
badenik ere oroitu gabe
bizi diren askorentzat,
batez ere gaizkileentzat...
Horien jokerak adierazten du:
mundua ez da inoren bihotz,
mundua ez da inoren hitza,
ez da inoren ardatzez ehio
gure bizitza...
Ertzaz harantzik
ez duen mundu itxia:
eguzkipean erabaki ohi
txarra eta onaren auzia,
zigorra eta saria.
Aita gabeko mundu umezurtz,
mundu itxia.
Jainkoa hil dute herri askotan
bera delako
jakinezaren tapaki,
gizon nagien osaki,
kalte emateko aitzaki,
lokartutzeko opio.
Bestalde, berriz,
nola diteke hainbeste negar
Jainkorik bada?
Nondik gerrate, heriotz astun,
on izateko hainbeste traba
Jainkorik bada?
Aberatsen mahaikide omen...
(Birao zakar hau barkatu)
Baina askotan (gurea da errua)
hori ez al da gertatu?
Jainkoa hil dute aurrerapenak,
bihotz-sentipenak,
mindura zuzenak...
Bedeinkatzen ditut denak!
Hil bitez betiko
hilkor ziren eranspenak.
Ez den gauzarik ez dezala adieraz
Jainkoaren izenak!
«Jainkoa hil da» diotenekin behar dut mintza
elkarrizketa batean,
arrisku artean;
maitasunak berak horretaratzen nau
ongi-nahi betean.
Bizitza berri bat sortzera doa.
T'egun-sentian,
nahi nuke nigandik irten,
inoiz galdezka,
inoiz azalduz sinismen-kezka,
sagaratua non aurki,
korapiloa non eten...
Gaurko giroko ahots zabalak
hau esaten dit:
«Sagaratuaren leku,
ez aldare aurrean,
baizik munduan duzu;
hor, gizartean,
behartsu artean,
hori eta zuri, beltzen tartean,
berdin izateko arrazek dagiten
borroka latzean.
Hurietako giza-piloen amets berritan,
edertilarien bihozkada argitan...
Hau da Jainkoa aurkitzea:
gizarte-uretan murgiltzea».
Leial izan nahi dut
pentsamen hauekin.
Lehenago ere Jainkozalea,
lagun-hurkoa maite-ezean,
gezurti zela banekien.
Bestea baldin bada
Egile baten sorkera argi
nire burua dudan adinean estimagarri,
bide-urrats jakina dut: maitasuna.
Hau ez duenak, zail izango du
Jainko-zentzuna.
Baina nirea esan dezadan.
Aitor biziro
sinistun baten samina:
Jainkoaz ziur biziki eta
Jainko susmoak izaki eta
ezer azaldu ezina.
Aitortzen dut: pentsatzeak
gu bakarrik gaudela egian,
Jainko-egian,
pentsatu hutsak lotsa ematen dit;
jardun gogorik ez dut inondik;
isiltzea nahiago dut nik...
Zenbat eta ziurrago
Jainkoaz senti,
hainbat eta umilago
jardun behar beti.
Sinisgabeko lagun-hurkoak,
gehienak ditut jantziagoak,
gizalegean osoagoak,
jakintsuago, hobeagoak...
Hau da niregan misterioa:
Jainkoa bera dohain dudala,
bizi-lagun bat nigan bezala.
Nire hutsean maite nauela;
maite, jakiteko eran.
Baina bizi naiz minberan
naizen ontziaz,
nire «izan» eta «egin» guztiaz;
edozertako lur-ontzi,
makurkeria eta eskastasunak
ezin utzi!
Hasiko banintz hemen esaten
senti ez dudan gauzarik,
kontzeptu soilak baizik,
niri ez sinista:
tupiki hots-joa
besterik ez naiz eta.
Ez baduzu ikusten nigan maitasunik,
nigan ez bada agertzen pozik,
bakerik,
izpirituzko fruiturik,
ez nauzu egiaz
pikondo huts bat besterik...
Jainkoa hil da bihotz askotan.
Nigan ote du arrisku?
Auzi garratz hau ez leike egon
edozerkerien esku.
Gaur eguneko bidegurutzeak
esperantza baizik ez du.
Jainkoa hil zen Kalbarioan...
Zer da hil zena?
Gizakuntza legez hilkorra zena.
Jainkoa hil da bihotz askotan.
Baina sinismendunentzat,
inoiz bada eta gaur, ez leike eman
Jainkoa hiltzat.
Sagaratuen heriotz trazan
galzorian dugu, horra,
giza-eranskun hilkorra...
Mundu berriko atarikoan
badakust eguna
beste aitormen bat emango duguna.
Beste Jainko bat Jainkoagoa,
beste gizon bat gizonagoa...
Ostiral Santu ondoren,
ikus goiz-argiz Kalbarioan,
lehen zapi beltzez zegoen muinoan,
bazko-egun, udaberri,
Jainkoa Jainko nahi dutenentzat
pozgarri;
mundu muinean argituago
Jainko berri!
w1966