Bizileku 2
Mikrolurraldea dute andereñoek
etxe barrua:
itsas gainaren azti-alfonbrekin,
ilunbatsaren hostro-adarrekin
dekoratua.
Ibili, hor ibili dira
harpetako hilobien lur harrotua oinkatuz,
landare artean beren ametsak dastatuz.
Babesturik egon dira
itzal bustiko hodeietatik,
haize beltzaren ezpatetatik.
Eta izar ederrez eta hodei gorriz
sortzen denari leku emanez,
amets egin dute luzaroan,
zurubi zabalaren moraltasunean.
Gaur bakarrik daude,
traste zaharren artean bakarrik.
Mugimendu bakar batek ditu inguratzen:
haltzarien betiko deseinuak,
koloreen betiko itzal meheak.
Gauaren hotsa entzun daiteke
negarrezko tintaren gesal berdetan.
Eta pipi-zuloen etiketaz markaturik,
—laukituak, okertuak, zaharkituak—,
bizitzaren barne oholtzak,
aintzin-gibel izaera bat,
oskol estugarri gertatu zaizkien
zuraki beltzak.
Paretek kolore arrea dute,
armiarma-sarearen marrazdura.
Ikus suil beltzak, lehor-lehorrak,
gatzezko estatuaren bularrak bezala.
Eta entzun, ate joka datoz,
gauean dan-dan-dan,
mairu-baratzeko mahaikideak.
Ahizpa bakoitzaren historiak,
denak leku berean elkarganatzean,
zera da nabari:
ontzi pitzatuak, gauza zokoratuen lizuna,
zoko itoen oihal kiratsa,
etsipenaren lorerik-eza...
Eta nekearen huntzak suntsitzear dauka
aitaren ondarea,
bizileku traidorea.
Nork egin errautsekin otordurik,
nork dantzarik?
Bizilekua gezi-zorro hutsa zen;
itogin zitalek desloturiko arkadura;
hilik den itsasontziaren
museoko zura.
w1978-79