Ile-adats 2
Katea hautsiak zintzilik: hori ziruditen
trentza askatuen eraztun etenek:
arrain lehorren urbide,
arrosa moztuen espetxe,
zaldi-maldiko amets zankolatuak,
fantasia azkarrak,
kilima elektrikoak.
Soro betearen eurizko aihenak
garondora hedaturik zeuden
—zaldi gazteen zain, zezen oldartuen zain—,
dilindan.
Energia dator haien buruetara;
eta hazten doa andereñoen adatsa.
Marruma ere bazen ileen usmo-hotsa;
gaueko zaunka,
txori-gerezitan deiadar,
soin biribilen azkartzaile den hegal kilkirra.
Hor dugu munduaren kolorea;
hor genbilzke ezpata xumeen aurrean uzkur;
hor egin diezaiokegu besteren bihotzari
begi itsuzko soa;
hor, hain zuzen, lasto zerratuen plegu artetik.
Bertan jaso daitezke
jaio gabeko urruma etzanak;
eta marraztu ditzakegu
maitasunaren abstraktu koloredunak.
Eztitasunezko zirkuluak hauteman daitezke;
apatx isilak ere bai;
eta arima etzanei sorturiko azkonak;
eta lo gozoan dauden pinudi lainotsuak.
Bazuten bizitzaren dardararik,
berak zirenez
ametsaren, misterioaren eta meteoritoen
irudiera.
Berak zirenez —deseinuaren eitez izan ere—
estilizaturiko eskulturen marrazdura barratuak;
usategietako sare zerratuak.
Eta poetaren kanta datorkit gogora:
«Iluna suz marka dezagun;
eta gurekin ditzagula
babesa eta beroa eta hasperena.
Hona gu gauean isilpekoak entzuten,
agertarazten, bakardadetik askatzen»...
Eta behe-laino arras erorietan
barruraino sartzen zaigu
argiaren iluna eta lur hilaren magnetismoa.
Gauari osturiko liraren hariak dira;
oihanean apurtzen diren izarren brintzak;
kristaletan jotzen duten zain-kolpeak;
gurdi xixtu-jolearen arreo musikaduna...
Han-hartan, ontzi koloretien kulunka lotuek
kai bildua dute;
eta belazapi zurixkek
—soinez soin hanpatuek—
iragartzen digute ur handien sekretua.
Enarak kokatu ziren han,
udazken abiadan,
kurriloek zuzenez zuzen igarotako
zeru altuan.
Baina bienbitartean,
badago negarrik ateetan,
badago zotinik ezkaratzeetan,
badago pobrerik
paradisuko arbolapean.
Gauak, ordea, eginarazten digu pobreei
eguzki kalpartsuaren amets doratua,
guztizko energia baten desiretan,
susmo artean sortu eta hazi diren
adats beroen harrera amultsuan.
w1978-79