Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-12-6
Juan Mari Lekuona
1927, Oiartzun
2005, Donostia
 
 

Sua nigan

 

                      1

Suzkoa zen eguzkia sortu zuen itsasoa,

ama-lurraren altzoa.

Suzkoa

galaksien piroteknia ixila;

azken juizioa,

bolkan bizien barru-mustroa.

Suaren kutxa da sabel beroa;

eta haren arrosarik maitatuena

ezpain gorria.

Sua harpetan pintura egin zen:

azti-begia,

izpirituaren argi berria;

bidagurutzetan,

egu-aldaketan,

erritu ohia.

Sua sehaskan

haurtxoa zen;

sutegian,

lantegia;

gerratean,

erretea;

maitatzean,

susmo beroa bihotzean;

gizarte-auzian,

protesta bizia...

 

                2

Ta sua maitasun egin zen.

Suaren balankek

toberak jo zituzten

eztai gauean.

Eguzkiak bide berria iragan zuen

zeru urdinean.

Eta goizaldean

goizeko izarraren begiak

su-berriaren eskean

zeuden:

besta-gorri ospatu zen

eguzkiaren ohantzean.

 

                3

Suak du guretzat giza-giroa:

argia eta beroa.

Kristalezko itsaso hau argitzen dit barnez,

nire gauean eguna sortuz,

mamidura honi bizia emanez.

Bera dugu etxeen arima ezilkorra,

koba-zuloetako herensugeen arnasa,

sorgin-erratzen urratsa.

Herriek gauean

mendi tontorrean

dagiten irrintzia.

Badu niretzako izpiritu argi;

nire barrunbea bihurtzen duena

dena begi.

Eta zerua aztertu dezadan

suaren dohaina dut kontenplazioa,

maitasun ederraren esperientzia beroa.

Barne-gaztelu gorituan,

errai-grinatsuen konsumitzailea,

jakinduriaren distira,

funtsezko egien agerkundea,

kriseilu antzo gogoeta.

Sua dut profeta.

Suzkoa giza-heroien koroia.

Su bizia sublimazio bidea,

opari legea,

eta arratsaldeko hodei gorrietan

iraun-gogoaren nekea.

 

                4

Eta hodeietan neure burua nenkusan

krisalida baten antzera.

Gero haize bihurtu nintzen

eguratsean kea bezela.

Atrakzio metafisiko batez

jaioberri nintzen

bizitza berriko atarian.

Agian,

lehen inoiz utzi nuen

bizitzaren atarian,

agian...

Mundu honetan ezin-

lortuzko nuen batasuna,

joera setatiz,

—odolez, haragiz—,

irrikatu dudan sustraizko egoera.

Eta sartaldeko zapi naturalean

pintura bat nintzen,

dena begi, dena esku,

dena bihotz, dena musu,

eguzki gorritan grabatua.

 

w1972