Ubel
A. Valverde jaunari
1
Ilunabarrez
sartaldea, urre.
Mendipea, more...
Zoramena!
Urrunago ta mendia zerukiago;
urrunago ta ubela kutunago...
Hau dut dena:
margo-lan eder bat datorkit burura.
Begiz begi daukat
—irudimenean—
ubel hil-hilean
zapi bizi hura:
mendiak jantziak ilunabarreko apainez,
ubelez.
2
Margolari,
olerkari,
biok so gauzkatzu ikuskai berari.
Bi bihotz begira,
maitale, izadira.
Betegarria zait urrea,
hodei-azpiaren dirdir dotorea.
Ai! bainan morea
—mendi-urdin, odol-gorri—
maitea!
Ubelak du, noski,
hodeiaren haunditasun:
urre gorria.
Berea du ere
mendiaren urdin ilun
—leize-begia—.
Ubela: hori da
gure egia.
Sinest-argi, hodei gorriz;
gure bizi, urdin, berriz...
Morea,
egi gurea!
3
Ubela
Kristoren Nekaldia,
Jainko bihotz-haundi, zuzentasuna ;
odol gorria.
Han ere —urdin ilun-ilun—
bihotz-makurkeria:
ilundegia...
Ubela, lurrikara-ondoren,
Kalbarioko hezur munoa,
Andre Mariaren soinekoa:
Kristo'ren hil-berria...
4
Margolari,
olerkari,
biok so gauzkatzu ikuskai berari.
Zapia, papera,
luma ta pintzela:
bi-biok begira,
maitale izadira.
Margolariaren morea...
Hala nahi nerea!
( «Norena hobea?»
—Ai, zorioneko
gizadi-legea!—
«Norberak berea»! ).
Amur eman dit bihotzak:
Ase du irrikia.
Atsedena.
Ubela itzali da:
lo-zorro izadia.
Ixilpena...
Gabon!
w1955