Lurra nigan
1
Lurraren altzotik
izarren begiek erakarria naiz;
atrakzio-joeratik
askatu nahi duten buztin pusketa;
hegan hasi nahi nukeen lur-multsoa.
Izarretan dago nire destinoa.
Beharrik, halere,
lurpera noa:
lurraren pean osa dezadan
lur-hatsak duen misterioa.
Nire historia
ludiaren kondaira bezain luzea da:
munduaren hasieratik jaiotzen ari naiz
lurrarekin;
eta munduaren azkeneraino hiltzen joango naiz
lurrarekin,
azkenik gabeko aldatze batean,
nigan legea den joera betean.
2
Itsasoaren uretan sortua naiz.
Eguzkiak jaio arazia.
Haizeak elikatua.
Mendiek azkartua,
lainoek barnez taxutua,
pagadi berdeek arimaz osatua,
harripeek gizarteratua,
iturriek sendatua,
zuhaitzek bedeinkatua...
Oi, lurra! niregan
naizenaren guztia!
3
Lurrean errotuta nago.
Areago:
lurra nauzu.
Modu berezian; baina lurra.
Nire jatorria lurretik heldu da.
Lurraren altzoan landaturik daukat
zilbor-hestea.
Mendi hegalean etxea.
Mundu-azal larrutuan dut
norabaiteko erromes-bidea.
Ogi-oliotan indarra;
ardo arrosatuan izpiritua.
Urrea, zilarra.
Lana, desolazioa, negarra.
Eta herria bezala
lurralde batean nago hedatua.
Lurrean dut ohantze.
Bera ondarea.
Goieneko harkaitzetan
nire ederra, nire distira.
Sentidurik bada ludian
lurra dut legea;
egun oro loratzen den lorearen pare,
aldian aldiko salbabidea.
4
Gero azkenean,
etengabean,
kraskatzen bailoa bezala,
lurrak du berekin
gera-ezinezko behera beharra;
hartesi, dardara,
bolkan gorituen surtako errautsa.
Mundu kaotiko honi
sentidu bat aurkitu nionean,
lurrak zigortu ninduen
errukirik gabe,
bere lege gogorrean.
Menderakaitza dut lurraren indarra:
barru-eskema guztien eraso gogorra;
kultura pausoen amildegia;
mistika-muinaren urratzailea.
Lurrak suntsituko du guztia
ordua datorkenean.
Eta berriro hasi ninteke lanean,
asmoak, ideiak, planak,
lurraren eusle eginik
ikusi nahian,
logos sakon baten zahar-berritzean.
Baina lurraren historia luzean
hau dut destinoa:
izar-hil baten itsasontzi bakartian
harantza noa;
jo-muga dut herioa.
w1972