Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-12-6
Juan Mari Lekuona
1927, Oiartzun
2005, Donostia
 
 

Haragizko estatua 2

 

Zerekin eginak ote «sasi-larrosa» horiek,

gauaren eta oilar-kantaren mugan,

sakonarri lehortuen zoko epel itzaltsuetan?

Ez dakarte itolarririk, ez oldarrik, ez urruma harrorik.

Estatuok halabeharraren pobretasunean

daude eraikirik:

lurraren dir-dir txuria torniatuz,

harpe sainduko itogin saltaria gorpuzkeratuz.

 

Buztinaren biguina eta uztarraren kromatismoa

erabili dira modelakuntzan:

eta gariak badu parte, eta marfilak eta larrosak.

Larrukizko, ehunkizko, sintetiko jantziek

—dolmenak, harlanduak, zementoak—,

oroitarazten digute

giza ulerkuntzaren ibilpide luze-nahasia.

 

Eta barruan,

kitarrez emaniko aire xehar bat dakarte,

arina, eztia, melismaduna, neurtua,

maitezko izpiritua,

arnasezko intzentsua.

Alegi bat kokatu da horien hezurduran,

eta itsasoa barreiatu horien sorbaldetan.

Irudion argia

—doi-doia luze, doi-doia dardarti—

iturburuetan sortzen da, jaiotzen,

ibaiz ibai luzatzen delarik

guraso zaharren dardara dodekafonikoan.

 

Eta Avignon-go andereñoek,

zubi gaineko dantza elkartuan,

beren buruko mototsak askatzean,

ez dago itzalik, ez dago izenik,

ez lurrunik, ez ezpainik, ez oihurik

harkaitz eginiko buztin zuriaren plegutan.

 

Hor daude —hor daude egon—

amore emaniko baga urdinen joan-etorriak.

Hor daude galerazitako ihauterien maskaradak;

hor materia misteriotsua,

sustraiz eta iluntasunez oretua;

orbelez eta errainu mikatzez erkitua;

baina herioaren ahoak ez du hozkatu nahi

aurpegirik, gerririk, oldar pindarturik.

 

Itsas aldeko mamu xuriak bailitzan

bisutsaren mugan,

haizearen hegaletan,

zakarturiko itzal zemaietan,

marinel onek abesten dituzte,

itsasontzitik irrikaz,

dama ebatsien erromantzeak.

 

Eta gauak, ihintzez bordaturiko trozaletan,

aldarrikatzen ditu

zakurrek xerkaturiko oreina,

zutabe landuen marmola gorrantza,

ibaiek harri-kontran zulatu duten pausalekua,

lamiek ehunduriko grisaje lainotsua...

 

Eta pozez dakust hezurrak bizten direla,

sugarrak zaunkatuz,

biziaren ehizi-arrastoa

helburu fierra kausitzen denean.

 

w1978-79