Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-05-3
Arantxa Urretabizkaia
1947, Donostia
 
 

II

 

Ziur nago:

egun gris,

motel batez jaio nintzen,

eguzkirik gabeko egun epel batez,

bi gau beltzek inguratutako

une gelatinatsu batez.

Ziur nago:

ni jaio nintzenean

buruak

beste alde batera bueltatuak zeuden

eskuak

beste norbaiterantz luzatuak

begiak

beste norbaitengatik malkotuak

kandelak

beste norbaiten izenean piztuak

kantak

beste norbaitengatik isilduak

ezpainak

beste norbaiten egarriz.

Ziur nago:

harentzat

dezepzio bat izan nintzen

ez nintzen mendekuaren esku ar bortitza

iraganaren garbitzaile zuhurra

presentearen arrazoi esperantzagarria

etorkizunaren amets lausengatua

eta

ezagutu ninduenean

zulo luze

      busti batean zehar,

eskuz esku,

begiradaz begirada,

bospasei kilo haragi negarti

            bere eskuetara ailegatu nintzenean,

ez nintzen haren bakardadearen

tristezia

tanta

bat baizik,

haren hondamendiaren lekuko,

koskor gris,

borroso eme bat

baizik.

Eskuetan hartu ninduen,

esku trakets,

hunkituz,

eta amak jarritako mila zapietan zehar

ene gorputzaren beroa sentitu zuen

beste gorputz urrun

                  bitarteko baten

promesa

eta fruitu.

Eta ene begi irekien aurrean

negar

egin zuen.

Ziur nago:

bere malkoek busti ninduten

bere oinazeak inguratu ninduen

eta egun hartan jaio zen

betirako

betirako

lotzen gaituen katea.

 

w1972