Maitasunaren magalean III
MEMORIAL
Zer egin dezaket
udako arratsalde gorri batean
eguzkiak nere leihoari beldurra badio
eta zu ez bazaude?
udak ustekabean
neguaren erdian harrapatzen banau
derrepentean hostoak isiltzen badira
lau kanpai hots entzuten diren bitartean
hiru tanta lehor
eta epel bat
haize hilaren gainetik
nora jo dezaket
kalean topatuko ez bazaitut
gauzak nahiko gaizki ez doazen bitartean
tanta epel eskas bat
atsoen pauso azkarrak berotzeko
nola jakingo dut arbolak bizirik ote dauden
soinurik egiten ez badute
sirenen hotsa itzaltzeko.
gauza ez badira
nork esango dit zer gertatzen zaidan
lehenengo malkoa oraindik sortu ez denean
zeinen eskuak astinduko ditu
betazaletan
ezkutatu diren kanpaiak
non babestuko naiz
zure besoak urruti badaude
nondik sortuko da elektrizidadea
udak baimenik ematen ez badu
hiru kanpai ergel
eta laugarren bat
zeinen arnasak berpiztuko ditu adarrak
ni ere uda bihurtu naizenean
zer egin dezaket
udako usainak sortzen duen izerdi motelak bereganatzen banau
malko behar zuten urak
abuztuak itotzen baditu
nork aseguratuko dit
ez dudala sekula santan
trapuzko lorez egindako sonbrerorik eramango
lau kanpai asper
eta bigun bat
zer egingo dut
laino beroaren gainetik
dantzatzen ikasi ez badut
masailetako odolak begiek baino argi gehiago duenean
zertan ari zaren ez badakit
bero ala negua
zure azalaren inguruan
kaleak bihotza baino lehen lehertzen badira
nork aterako nau nire barrutik
zuk keinu bat egiten ez baduzu
paretarik besterik ez
teilatuen gainetik
zertarako isildu da eguna
zure ahotsa entzungo ez bada
sentitzen ditut
berriz
aurpegia zimurtzen didaten behatzak
sudurretik kokotsera
begietatik masailetara
bidea lantzen
kalean haize izpirik ere ez
ezta zure pauso baldarrak dakarren ifar apala
zertarako gogoratu gerriko itximur hori
zu ez bazaude
eguna ala gaua zure izenaren gainetik
nola tragatuko dut ifernuko kea
zure loaren arnas freskoa ahaztu bazait
udak betirako bereganatu banau
zigarroaren usainak ere
altxatzeko indarrik ez badu
nork beteko ditu nire haragi hutsak
bozinak ere isildu badira
nork egingo du dantza
nirekin
udak gaurkoz behintzat
suizidatu banau
zeinentzat asmatuko ditut gezurrak
zerua ere txuritu bada
eta udazkenaren zain egon behar badut
bost kanpai geldi
eta seigarrena irakiten
asfaltoa lehertzen den lekuetan
zer egingo dut
leihoko landareek ez badute
nire agindurik obeditzen
alde guztietatik beroak inguratzen banau
nire eskuak ere
udaren alde badaude
sei kanpai gor
eta zazpigarrena minez
izarrak berak
eguna bezain gogorrak badira
ilunabarrak berak
hostoak kariziatzeko ahalmenik ez badu
zer egingo dut
zazpi kanpai ustel
eta zortzigarren gorri bat
entzuten ditudan bitartean.
w1982