Maitasunaren magalean IV
Zeren
gezurra badirudi ere
zu lehenengo planoan
ez zaudeneko
momentu batzuk fabrikatu ditut.
Eszeptizismoa fabrikatu gabe
bizitzerik balego
historia bakoitza hasteko momentuan
nola bukatuko den
jakin gabe
zahartzerik balego
gure buruan
etsai maltzur bat dugula
sentitu gabe
aurrera joaterik balego
norbaitek,
ez zuk edo nik,
edozeinek agortzeko beldurrik gabe
ematen ikasi izan balu
pauso bakoitza neurtu gabe
jokatzerik bagenu
maitasuna bera ere
asmatu ote dugun susmatu gabe
sinesterik bagenu
justu puntu egokira
joateko premia zer den
jakin gabe
bidea hartuko bagenu
eta hobe noizean behin
bazterretako lizarrek
helburua ezkutatzen badute
lur pusketa bakoitza
zertarako den edo
ze arrisku dituen
kalkulatu gabe paseatu
aitzaki moral sakonak bilatu gabe
enamoratu
arrazoiak ez baitu
etorkizun handirik
izaki bakoitza epaikari dugunean.
Egunero hasteko gogoa izango genuke
momentu hau
etengabe multiplika dadila
desiratuko genuke
gezurrak egiaztatu daitezkeela
jakingo genuke
korrienteak ere
lagundu dezakeela
frogatuko genuke
ez baita bekatu
olatuen indar etsituez baliatzea
ametsak zer hizkuntzatan
egiten ditudan
asmatzen saiatu gabe
bizitzerik banu
geroak
asperraldiaren keinua ez balu
dimisioa
eta oroitzapen puztuak
belar izpi bakoitzean
arantza bat sumatuko ez bagenu
gauez
izarrak soroan etzanda ikusiko genituzke
eta zenbat lan
bakoitzak
berea egin behar duela sentitzeko
nirea behintzat
guztiz garrantzitsu dela
zuri erakusteko
hainbeste saio garratz
barruko bi etsaien artean
hainbeste tranpa
mundua beteegi dagoelako
armek asko pisatzen dutelako
baina zertarako
noiz eta zeinen kontra
bildu dut hainbeste
zimitarra
makulurik gabe bidea latza delako
eta beti aldapagora
urteek esperientzia baino gehiago
deskonfiantza dakartelako
pertsonarentzat
ez dagoelako bi harri berdinik.
Aukeraren zein aurpegik
egingo digun min gehiago
asmatu nahian
geroak
kontuak eskatuko dizkigula
ahaztu nahian
ez delako
sekula
amesten den maila lortzen
timoia firme eutsiz ibiltzea
ona edo txarra
den ez dakigulako
harri bakoitzak
desgrazi loti bat estaltzen duela
dakigunez
zoriontsu bakoitza
tontotzat
jotzen badugu ere.
Hainbeste banpirok
hustutzen nau
zuregana ailegatu baino lehen
hainbeste lokarrik
gateatzen nau zure kontra
a, nola egingo nuke promesa guztiak betetzeko
baina
ahoa zapalduko ez banu
zure izena
frase guztietan aterako litzake
lotsarik ez banu
paretak
zure argazkiz beteko nituzke
txuribeltzean
batzutan ilargi aurpegia duzulako
eta norbaitek
zure berri eskatzen didanean
hizketan hastean
saltoka ibili nahi nuke
ez dagoelako
poza hobeto espresatuko duen biderik
zure ispiluak
bueltatzen didan irudia
hain baitzait atsegin.
Ahalegindu arren
ez baitut zure eskuan etsai posible bat
ikusterik lortu
eta zure burua ez zait
oraindik
ridikuloa agertu
ez delako oraindik gristatu
distantzia
mila kilometrotan
neurtzen denean ere.
w1982