San Pedro bezperaren ondokoak 2
Je ne sais ce qui me possède
et me pousse à dire à voix haute
ni pour la pitié ni pour l'aide
ni comme on avouerait ses fautes
ce qui m'habite et qui m'obsede
L. Aragon
Beldur nintzenean
tristeziaren hegal hotzek
eskuak eta musua
ferekatzen zizkidatenean
alboratzen nintzaion
zakur zintzoen
oreinen
axurien
begirada marroi eta epelaren
atzean
ezkutaturik.
Begiak nireganatzen zituen
begi gorriak
odoltsuak
malko agortuez beteak
puztuak
eskua altxatzen zuen eta
poliki
poliki
ene buruaren gainean
pausatzen zuen
aintzira baten azala
harramazkatzen duen
euriaren
garrasia isila
gozoa.
Eta iletatik hasita
beherantz
irribarre bat zabaltzen zitzaidan gorputzean
ezpainetan dardarti
bularrean marmariatsu
sabelean gozo
magalean bigun
eta lurra ikaratu egiten zen
ene loratzeaz.
Harrez gero
beldurraren
bakardadearen
gorrotoaren
mesprezuaren
hatsa sentitzen dudanean
burua makurtzen dut
lepoa luzatuz
eta neure ilea distiratsu nahi dut
deikor
eskuren baten iman
zeren
buru gainean
esku baten beroa sentitu bezain laster
badakit
miraria berreginen dela
orduan ikusiko ditut
berriro
hiru erregeen kapa izartsuak
eta orduan
emanen daut
Gasparrek
bizarra eta ilea gorriak dituen erregeak
muin kopetan
eta orduan
piztuko da artizarra
ene begitartean
orduan
loratuko naiz
berriro
orduan
buru gainean esku baten beroa sentitu bezain laster.
w1972