San Pedro bezperaren ondokoak 1
I
Duela urte asko
(hamar urte ez al dira urte asko)
San Pedro bezpera batean,
gauerdian,
denbora
gelditu egin zen.
Eta hutsune hartan,
zulo beltz
busti
hotz bat
gertatu zen.
Eta amets
lodi eta ahaztu hartatik iratzartzean
zulo hartan murgildurik,
arroxina upel batean erdi itorik,
gorputzaren milimetro bakoitza erne,
urduri,
irakinaren marmarra bakarrik
entzuten nuen
eta,
segundo bakoitzean behin,
neure hortzen hots
b e l d u r t i a,
denborarik gabeko itxarote haren
erloju
orratz gabea.
Duela urte asko,
hamaika ia,
San Pedro bezpera batean,
infernuko deabru guztiek,
bultzaka,
kolpeka,
geratutako denbora martxan jarri zuten.
Eta ene historia bitan zatitzen da
harrez gero
San Pedro egun haren
lehenagokoa
eta ondokoa.
Gau hartan dago haurtzaroaren
muga,
hesia,
zorionaren azken esperantza,
gau hartan hil zen ene
inozentzia,
San Pedro bezpera bateko
gau madarikatu hartan.
Duela urte guti,
edo ez hain guti,
lau ia,
San Pedro bezpera batean,
gaueko hamarrak bost gutitan
espero izateko esperantza
hil zeutaten.
Arlote,
alfer,
sadiko.
mozkor,
infernuko deabru guztien begiratu
nazkagarri
eta beroaren aurrean,
azpian,
kausa loriosik gabeko
Jeanne d’Arc alpretaduna,
kanoirik gabeko
Agustina Aragoiko,
lumarik gabeko
Simone de Beauvoir analfabetoa,
ezpatarik gabeko
aingeru mendekatzailea,
betiko katea lotu zeutaten bihotzean,
San Pedro bezpera batean,
duela hamar
edo lau urte.
Duela ia lau urte
San Pedro biharamunean,
uztailaren lehenengo egunean
(Jesu Kristoren odol guztiz preziatuaren eguna)
zin egin nuen
inoiz
inon
inork
ez zuela ene denbora geratzeko boterea erdietsiko.
w1972