Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-05-3
Arantxa Urretabizkaia
1947, Donostia
 
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Lanak aldizkarietan barreiatuak zeuzkatelako libururik argitaratu gabe hil diren poeta mordoxka egon da literatura moderno guztietan. Baina liburu garrantzitsu bat beste liburu batean itota galtzea, gurean bakarrik gertatu da. Arantxa Urretabizkaiaren San Pedro bezperaren ondorengoak, izan ere, inoiz bakarrean argitaratu gabekoa da. Lur argitaletxe taldekoen Euskal Literatura 72 izeneko liburu kolektiboaren barruan gelditu zen kontsultarako materiala balitz moduan. Eta beste hainbeste gertatu zitzaion urte bete lehenago Amaia Lasaren Itsasoaren maria gora maria beheran hartu nituen hitzak poemategiari, Mikel nebaren poemekin batera Poema Bilduma izen orokorraren azpian ahantzi zen. Biak ere, adierazgarria da, emakumeak dira. Are gehiago, gure aurreneko emakume poeten lehen lanak ditugu bionak, hurrenez hurren.

Urteak pasa dira, eta orain, zalantza izpirik gabe, Arantxa Urretabizkaiaren poema haiek dira orduan, oro har, idazle ezagunago eta helduagoak zirenen lanez osaturiko liburu hartatik denboraren joanak higatu gabe iraun duten obra bakanetako bat. Haatik, idazleak berak aitortua du langintza lotsagarri bat balitz moduan idatzi zituela poema haiek, ezkutuan, inori deus esan edo erakutsi gabe, «poesia egitea» emeei —edo ez aski arrei— dagokien ahultasuna balitz bezala. Baina, zorionez, gizonen artean gizonezkoago azaldu behar zuen emakume gazte hark oso bestelako jarreraz idazten zituen poemak, defentsa artifizialik gabe, bere sena libre eta laxo isuriz. Berezkotasun hori, naturaltasun hori da Urretabizkaiaren poesiaren balore nagusienetako bat. Hala berean ditu ezaugarri irudi literarioen ekonomia handiz, hizkera zuzen eta gozo baten bidez hartzen duen indar ebokatiboa eta fonetikan ez baina ahapaldi klasikorik gabeko periodo luzeko errepikatuetan lortzen duen musikaltasuna.

Bakardadea, haurtzaroko munduaren nostalgia, alabaren aitarekiko harreman konplexuak, eta idazterakoan euskaldunok hain herabe izan omen garen maitasunaren esperantza dira gure poetak bere bi poema liburuetan landu dituen gai nagusiak, beti ere emetasun minduko gandu mehe baina ez ahul batek osatuak, bezpera baten ondorengoak, ondorioak, pairatzen baititu, eta esperantzaren araberakoa izaten ohi da frustrazioa. Urretabizkaiaren poesia osoari, hala ere, xamurtasun berezi bat dario, emetasunaren froga edo literatura femeninoaren isla omen dena, zenbait kritikoren ustean. Hala izan edo ez, Arantxa Urretabizkaiaren poesiak denok hunkitzen gaitu, eme eta ar, emetasunaz at dauden arrazoiak direla medio. Ahapetik mintzo delako baldin bada entzungarri, bere golkokoak kontatzen dakielako da unibertsala.

 

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) bulegari eta erizain ibili zen kazetaritzan hasi baino lehen. Poesia ez ezik nobelagintza ere landu du (Zergatik Panpox, Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik, Saturno, Kuaderno Gorria).