Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Probetxuzko eskola

 

 

— Egun on, ikasle maiteok —agurtu gintuen egun hartan irakasleak—. Gaur zigarroak erretzen irakatsiko dizuet.

      Tabakoari buruz mintzatu zitzaigun ordu laurden batez: tabakoaren historia eta bilakaera; tabakoaren erabilera munduko hainbat gizartetan, gureari erreparatuz batik bat; tabakoaren eragina ekonomian, sozializazioan, buruaren oreka-desoreketan, osasunean oro har...

      Ondoren, tabako beltzeko paketez betetako kaxa bat atera zuen normalean liburuak ekartzeko erabiltzen zuen poltsatik, eta bakoitzari bana eman zigun.

      Banaketa amaituta, arbelaren aurreko oholtzan zutik, zigarro bat piztu zuen, plazera adierazten zuten imintzioak eginez.

      Zigarro hura erre bitartean, banan-banan hurreratu zen ikasle guztiongana, eta gutariko bakoitzak bere zigarroa pitz genezan lortu zuen lehenik, eta azken muturreraino erre genezan gero, gure kexu eta eztul temosoei amore eman gabe.

      Lehen zigarroa amaitu eta gero, beste bat pitzarazi zigun denoi, eta horrelaxe eduki gintuen, erre eta erre, eztulka etengabe, eskolak iraun zuen ordubetea ahitu zen arte.

      — Barkatuko didazue, ikasle maiteok, gaur gogor samarra izan banaiz —desenkusatu zitzaigun amaieran—. Zuzendariak esan dit hau nuela azken eskola zuekin, eta ez nuen alferrik galdu nahi zuei probetxuzko ezer irakatsi gabe.

      Ikasgelatik ke laino itxi baten erdian irteten ikusi genuen azkeneko aldiz.