Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Kamioien bisita

 

 

Goiz batean, amets nahasietan endredatuta zegoela, hainbat motor handi eta motelek egindakoa zirudien zaratak esnatu zuen Gartze Sarasa.

      Agondu eta gau-mahaiko argiaren etengailua sakatu zuen, baina ez zen piztu. Ohetik jaiki, leihora hurreratu, errezela altxatu eta kanpora begiratu zuen. Egunsentiko zeru gorriaren azpian, bere enpresako kamioi multzo bat ikusi zuen, etxerako errepide estuan mantso eta zaratatsu hurreratzen. Hogeita hamar inguru kamioi ziren, artikulatuak denak. Antzekoak ziren denen traktore-kabinak, baina molde askotakoak atoiak: kutxa lehorrak, kaiola motakoak, edukiontzidunak, hozkailuak, plataformak, iraulkidunak, zisternak... Sarasa hitza zuten idatzia, letra ikusgarriz, traktore-kabinen ateetan zein atoietan.

      Hiru solairuko txalet zabala zen Gartze Sarasarena, muino baten gailurrean eraikia. Inguratu ahala, kamioiak atariko zelaian zehar sakabanatzen eta etxea inguratzen hasi zirela ikusi zuen Gartze Sarasak leihotik. Eskuko telefonoa hartu zuen eskuetan, baina berehala jabetu zen ez ziela atzamarrek emandako aginduei men egiten, ez ziola balio kanpoko inorekin mintzatzeko. Telefono finkoarekin ere proba egin zuen, baina alferrik.

      Ohe-atorra erantzi eta bizkor jantzi zituen ohe ondoan prestatuta zeuzkan kalerako arropa dotoreak. Ganbarara jo zuen, erriflea hartzera, eta gero garajera jaitsi zen. 4x4 ibilgailuan sartu eta martxan jarri zuen, eskuineko eskua bolantean zuela, ezkerrekoa leihatilatik aterata zeraman errifleari gora begira eusten.

      Garajetik irten zenerako, etxe osoa inguratua zuten kamioiek. Haietako batek Gartze Sarasaren autora hurreratzeko keinua egin zuen, baina azken unean frenatu eta pasatzen utzi zion. Beste kamioi batzuk ere mehatxatzaile gerturatu zitzaizkion, baina autoa jo aurretik gelditu egin ziren denak. Kamioietako bat besteak baino hurreago ikusi zuenean, Gartze Sarasak airera tiro egin zuen leihotik aterata zeraman erriflearekin. Ondoren, arazorik gabe egin zuen aurrera errepide estuan, kamioien ingurutik irten arte.

      Atoi iraulkiduna lur beltz eta bigunez beteta zeukan kamioi bat Gartze Sarasaren etxeko ate nagusira hurreratu zen. Maniobra batzuk egin ondoren, atzealdea atearen ondoan kokatu, iraulkiarekin atoiko gurdia altxatu eta lur guztia hustu zuen. Iraulkiaren bidez gurdia lehengoratu zuenean, etxetik urruntzen hasi zen, mantso-mantso, gainerako kamioiak atzetik zituela.