Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Camping Río Purón

 

 

Camping Río Purón. Izena irakurri orduko sentitu nuen haraxe joan behar nuela, ez nuela aurkituko egokiagorik. Interneten irudiak begiratzen hasi nintzen, baina berehala pentsatu nuen hobe nuela aurretik ezer ikusi gabe joan. Erreserba egin eta ordenagailua itzali nuen. Camping Río Purón kanpinean pasako nuen Aste Santuko oporraldia, Asturiasko Llanes udalerrian.

      Gaizki nengoen bolada hartan, neure buruarekin ere beldurtuta. Leirek amaitutzat eman berri zuen bion arteko harremana, zazpi urte niretzat behintzat goxoren ondoren, gero eta ilunago sumatzen ninduela argudiatuta, tristura eta beldurra baino ez nizkiola transmititzen, “toxikoa” nintzela. Bakarrik eta babesik gabe utzi ninduen haustura hark, munduaren aurrean ahalketuta. Eta bazen beste zerbait ere horrez gain: nire adin bertsuko aspaldiko adiskide bat, Paul, minbizi baten ondorioz hila zen bizpahiru egun lehenago; urte asko ziren harekin azkenekoz hitz egin nuenetik, baina samin handia sentiarazi zidan albisteak.

      Oroimenak behin eta berriz ekartzen zidan burura Paulen aspaldiko irudi bat, seguru asko beste inork gogoratzen ez zuena: Paul lizeoko atletismoko pistan, soinketa orduan, 50 metroko lasterketan, nahiko baldar aurrera egiten, eta helmugako marrara iritsi baino bospasei metro lehenago muturrez aurrera erortzen. Ez zuen min handirik hartu, baina niri, ezin jakin zergatik, buruan iltzatuta geratu zitzaidan istripu txiki eta erridikulu hura.

      Kosta egiten zitzaidan mutiko hura orain hila zela onartzea. Eta ni ere modu berean hil nintekeela noiznahi, edo antzeko beste modu batean, edo antzik batere gabekoan, ez zitzaion axola, edo bai, baina noiznahi, inor gehiegi harritu gabe horregatik. Eta noiznahi hil ezta ere, halako batean bai, hilko nintzela, eta orduan ez nintzela ezer izango. Zer ote da ezer ez izatea?

      Oporretan etxetik irteteak mesede egingo zidalako esperantza nuen, nire amodiozko penetatik eta existentzialismo ilunetik haragoko zerbait ikusten eta sentitzen lagunduko zidalakoan. Camping Río Purón. Aurrean hondartzak, bertan igerilekua, atzean herri koskor bat eta mendia. Eta han, Camping Río Purónen, aukera guztiak zabalik, egun batzuetan behintzat.

 

 

Ez nuen inoren aldartea argira bideratzeko eguraldi aproposik aurkitu Asturias aldean Camping Río Purónera joateko eguna iritsi zitzaidanean. Zerua grisetik beltzera bitarteko mila puska loditan zatitua zegoen. Haizeak zakar astintzen zuen euria, tantak larruan mingarri bihurtzeraino. Barrurako ez besterako zegoen.

      Zorionez, bungalow bat nuen enkargatua. Ez nuen euripean kanpin denda atontzen mela-mela egin arte zopatu beharrik. Txikia baina abegikorra zen bungalowa, zurezko etxola koskor bat. Hantxe geratu nintzen lehen eguneko arratsalde osoan, ohean sartuta, etxean ere egin nitzakeenak egiten: irakurri, musika entzun, telebista ikusi, sabaiari begira pentsamendu txoroetan galdu...

      Atariko euriaren zirri-zarrarekin nahasian, haur txikiak zituzten familietako kideen soinuak heltzen zitzaizkidan aldameneko bungalowetatik. Gurasoek lanak zituzten haurrek aspermenaren ondorioz zituzten kasketei aurre egiten. Nire egoera, begiratzen zitzaion lekutik begiratzen zitzaiola, askoz ere tristeagoa zen: bakardadeak mineraino jotako gizon abaildu bat, aski aurrera egina adinean, onenak emanda dagoeneko alderdi askotatik, pentsamendu ilunak are ilunago bihurtzeko egoera ezin egokiagoan. Negar egin ezinda hala ere, sekulako premia eta gogoa sentitu arren, etxean askotan gertatzen zitzaidan bezala.

 

 

Ez nuen eguraldi hoberik aurkitu biharamun goizean, ohetik jaiki eta bungaloweko leihotik begiratzean. Gosaldu aurretik paseo txiki bat egin nuen hala ere, aterkia lagun, Camping Río Purón kanpinaren eremu osoan barrena, ingurua ezagutzeko. Igerilekutik gertu nenbilela, kanpineko langile bat ikusi nuen, zira jantzita, garbiketa lanetan. Mutil gazte segail eta indartsu bat zen, ernea eta atsegina.

      — Bustialdi bat hartu nahi duzu? —galdetu zidan—. Igerilekua prest dago nahi duenarentzat.

      — Ez dut uste gaur inor animatuko denik.

      — Baina badaezpada ere garbitu beharra dago. Norbaitek nahiko balu ere...

      — Noiz arte izango dugu eguraldi hau?

      — Etzi arte bai behintzat, edo etzidamu arte akaso. Hala diote iragarpenek.

      — Zer egingo diogu ba!

      — Konponbiderik ez duenez, ahalik eta ondoen hartu beharra dago.

      Eguraldiarentzat ez ezik nire egoera pertsonalarentzat ere balio zuen mutilak esandakoak. Pentsamendu horri bueltaka egin nuen bungalowerako bidea, baina ez zidan kontsolamendurik ekarri.

 

 

Bungalowera berriro sartu nintzenean ezin izan nion eutsi. Lehertu egin nintzen bat-batean, eta zerbait egin beharra sentitu nuen, nola edo halako astinaldi baten premia. Gosaldu gabe eta aterkia bungalowean utzita jo nuen mendira, zirarik ere gabe, udako arropetan, elastiko baten gainetik jertse mehea jantzita, praka bakerotan eta zapatiletan, barruko indar amorruz eta erabakitasunez beteak bultzatuta.

      Kanpinaren atzealdeko hesia zeharkatzean zauri txiki bat egin nuen ezkerreko esku ahurrean, jertsea urratzeaz gain. Errepidera irten eta aurrera egin nuen, Purón herrixkaraino. Hara iritsitakoan, gelditu gabe, mendi aldera jo nuen, norabide eta asmo zehatzik gabe, begien aurrean agertzen zitzaidan lehenengo bide, bidezidor, bidexka edo gisakoari helduta, aurrera egitea beste burubiderik gabe baina aurrera egitearen aldeko jarrera horretan tinko beti.

      Mendi aldera jo nuen baso sarri batean. Aldapan gora lasterka hasi nintzen. Euriak, izerdiak eta bideko lohiak melatuta, negarra ere lehertu zitzaidan azkenean, eta orroka ere hasi nintzen lasterka egiteari utzi gabe. Tarteka estropezu edo irrist eginda erori arren, altxatu eta aurrera egiten nuen lasterka berriro.

      Paul ekartzen zidaten gogora nire erorketa behin eta berriz errepikatu haiek, Paul zenaren erorketa absurdu hura lizeoan, soinketako orduan. “Paul, Paul, non hago, Paul?”, egiten nuen oihu. “Jakin behar diat, Paul. Esan egin behar didak! Zer arraio da heriotza? Jakin egin nahi diat!”. Bele batzuen karrankak baino ez nituen jaso erantzun gisa.

      Euriaren barruan sartu nahi nuen irteerarik gabeko leize-zulo batean bezala. Gorputza akitzen sentitu ahala, neure burua hiltzen ari nintzela jabetu nintzen pixkanaka; horretara nintzela irtena bungalowetik, gosaldu gabe, neure buruari modu kontziente batean adierazi ez banion ere. Kontzientzia hartuta, neure burua hiltzen jarraitzea erabaki nuen, aurrera eginez Asturiasko euri gogorraren azpian bide itxi, lokaztu eta ezezagunetan barrena.

 

 

Pauso latza da nork bere burua hiltzea. Ez nintzen gauza izan. Ez nuen benetan nahi, edo nahi banuen ez nuen lortu. Halako batean, arnasestuka, ezinean, ezertarako indarrik gabe, euripeko abandonu miseriazko hartan, nola eta zergatik jakin gabe, nekearen nekez seguru asko, barrutik behingoz hustuta, amore eman nuen.

      Gorputzez jota baina espirituz arinduta, mamu baten antzera itzuli nintzen, mantso-mantso, Purón herrixkaraino lehenik, Camping Río Puróneraino gero.

      Ordu batzuk lehenago igerilekua garbitzen ikusi nuen kanpineko langileak baino ez ninduen ikusi bungalowera itzultzen. Diosal diskretu bat egin eta kanpin barruko bidexka baten ertzetako belarra mozten jarraitu zuen. Nire itxura zikin eta baldarrari erreparatuta, berriketarako gogorik ez nuela sumaturik izango zuen. Lasaitu egiten nau oraindik ere une hura gogora ekartzeak. Beharbada ez zen benetan hala izan, baina une zinez zoriontsutzat dut hura nire oroitzapenetan.

      Sukarrak hartuta, izerditan eman nuen gaua, eldarniozko amets errepikakor artean tarteka esnatuz. Amets haietan gaztetako hainbat lagunek laster egiten genuen, larrituta, etsai ikusezin batengandik ihesi, tarteka eroriz eta berriro lasterrari ekiteko berehala jaikiz. Lagun haien artean zegoen Paul, jakina, eta ametsean nik banekien berak oraindik ez zekiena: erori eta atzean geratuko zen, jazartzen gintuen etsai ikusezinak mendean hartua.

      Hurrengo eguna, kanpoan euriak atertu gabe jarraitzen zuen bitartean, osorik eman nuen bungaloweko ohean sartuta, sukarraren mende, noiz lo noiz esna, tarteka eldarnio izerditsuetan, mundutik ostenduta, inon ez banengo bezala. Neure burua hantxe eta halaxe hiltzen uzteko ideia erne zitzaidan, utzikeria hutsez. Sukar hark, hazi eta hazi, barruak kiskaliko zizkidala pentsatzea atsegin iturri izan nuen.

 

 

Arratsean, loaldi luze baten ondoren, ia-ia sukarrik gabe eta nahiko suspertuta esnatu nintzen, sendatzetik gertu. Ohean geratu nintzen hala ere, eta hantxe harrapatu ninduen Leireren telefono deiak.

      Barkamena eskatu zidan lehenik, ezusteko deiaren molestiarengatik; gero nirekin hitz egin nahi zuela esan zidan, eta galdetu ea non eta noiz elkar gintezkeen horretarako. Non eta nola nengoen adierazi nionean, berehala Camping Río Purónerantz abiatuko zela esan zidan, nirekin elkartzera.

      — Orain zazpiak dira. Motxila prestatu, autoa hartu eta asko jota gauerdirako hor nago.

      — Bai zera! —kontra egin nion—. Ez daukazu honaino etorri beharrik. Sukar pixka bat baino ez daukat. Izerdi pixka bat gehiago bota eta pasako zait. Ez dut zaintzailerik behar. Elkartuko gara aurrerago.

      Ez nekien zer esan nahi zidan, zertarako elkartu nahi zuen nirekin, baina hasieratik sumatu nuen Leireri poza eman ziola ni bakarrik eta gaixorik nengoela jakiteak, eta erakargarria egiten zitzaiola nirekin ezohiko egoera hartan elkartzeko aukera.

 

 

Neure buruari ukatu nahi izan nion arren, Leire berriro ere nirekin elkartu nahian zebilelako esperantza txiki bat erne zitzaidan barruan. Heldu orduko argitu zidan, ordea, ez zela halakorik.

      — Ez dut zure adiskidetasuna galdu nahi, Koldo —azaldu zidan bungaloweko mahaiaren bueltan nik prestatutako entsalada apala jaten hasi ginenean—. Duela bi aste aita hil zitzaigun, bat-batean, bihotzekoak jota. Orain hobeto banago ere, gogorra izan da niretzat. Horren berri eman behar nizula pentsatu dut, baina ez azaletik, gertatu zaidana eta sentitu dudana zurekin aurrez aurre eta patxadaz komentatuz baizik. Horretara etorri naiz. Eta bide batez zure berri jakiteko ere bai, jakina.

      Estimatzen nuen Antonio, Leireren aita zena. Mina eman zidan albisteak eta halaxe adierazi nion Leireri. Baina neure buruaz hitz egitean ez nion nire larrimin existentzialaz eta naufragio espiritualaz ezer kontatu. Ahalik eta indartsuen agertzen saiatu nintzen.

      — Orain bakarrik nago hemen, baina aitortu behar dizut kanpin honetan badela interesatzen zaidan norbait —esan nion solasaldiaren une batean.

      Neure artean irri egin nuen, hori esaterakoan ez zitzaidalako burura inongo neska gazterik etorri, ezta adinean sartutako alargun mardulik ere, mutil gazte segail bat baizik: kanpineko langilea, bezperan goizean igerilekua garbitzen eta arratsean, mendiko nire ibilaldi zorotik bueltan nintzela, kanpin barruko bidexka baten belarra mozten ikusi nuena.

      Elkarri besarkatuta egin genuen lo Leirek eta biok. Egunsentian, sexurako bidea berak moztu zuen, nire keinu baldar bati uko diskretu batekin erantzunez.

      — Hara! Gaur eguzkia izango dugula ematen du —esan zuen gero, ohetik jaiki, bungaloweko leihoa ireki eta txori txikien kantu alaiei barrura indartsuago sartzen uzten zien bitartean.

“Kamisoi horren azpikoa, hori bai eguzki bete eta ederra, inon eguzki bete eta ederrik bada!”, pentsatu nuen neure artean. Bezperako sukarraren arrastorik gabe, sendatuta nengoen ordurako.

 

 

Gosaldu ondoren, igerilekuan eman genuen eguerdi artea Leirek eta biok, tartean bainuak hartuz, bikote zoriontsuen antzera. Leire ez zen ordea nire bikotekidea, bere min barrukoenen berri aurrez aurre eman nahi zidan adiskide bat baizik.

      Tarteka kanpineko langilea ikusi nuen, hara eta hona, bere lanetan. Baina ez nion diosalik egin. Kanpinera iritsi nintzen eguneko euripean ez bezala, igerilekuan jende askotxo zebilen, eta ez nuen harekin halako egoera batean diosalik egiteko adina konfiantzarik. Une batean gure begiradak gurutzatu egin ziren hala ere.

      Aparkalekuan agurtu nuen Leire, bazkalondoan, musu arin batekin.

      — Orain libre zaude interesatzen zaizun horrengana gerturatzeko —esan zidan irriz—. Zorte ona izan! Kontatuko didazu.

      Bungalowerako bidean kanpineko langilearekin egin nuen topo. Lan tresna batzuk biltegian gordetzera zihoan.

      — Ikusten duzu? —esan zidan—. Azkenean beti iristen da eguraldi ona ere. Pazientzia pixka bat besterik ez da behar.

      — Hala da, bai. Iritsi nintzen egunean nekez espero zitekeen halakorik. Inoiz atertu ez balu bezala ari zuen euria.

      — Ez du zentzurik euria madarikatzeak, beharrezkoa baitugu —esan zuen, eta besoak zabaldu eta inguruetara begiratuz jarraitu zuen hizketan—. Euririk gabe Asturias ez zen den bezalakoa izango.