Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

1974ko Italiako Giroa

 

 

Luis Ocañak, Mentéko mendatean behera jaisten ari zela erori eta min hartuta, 1971ko Frantziako Tourra utzi behar izan zuela jakitean, poztu egin zen Gorka Alkorta Ezkurdia Donostiako gotzaina (Azkoitia, 1963), istripu hari esker Eddy Merckxek ia-ia ziurtasun osoz galdua zuen Tour bat irabazteko aukera berreskuratu zuelako, eta berak, Gorka Alkortak, Eddy Merckxek irabaztea nahi izaten zuelako beti.

      Oraindik ere hura miresten jarraitzen du. Jesukristoren, Espiritu Santuaren, Ama Birjinaren, aita santuaren eta gisakoen irudiekin batera, Eddy Merckxen argazki bat du bulegoan Ziklismozale ospetsuak saileko aste honetako gure protagonistak, ondo agerian eta aise ikusteko moduan; ez, ordea, edozein argazki, ziklista Paulo VI.a aita santuaren ondoan erakusten duena baizik, Italiako Giroko maglia arrosa jantzita, 1974an.

      Ocañaren istripua gertatu zelarik artean ere umea zela dakar gogora gotzainak, ezbehar hark eragin zion poza zuritzeko: “Zortzi urte betetzear nengoen”, argudiatu du. Baina agerian utzi du poz haren arrastoak ez direla ezabatu. “Ez zen izango hura inoren ezbeharraz poztu nintzen lehen aldia, baina bai gogoan iltzatuta geratu zaidan lehenengoa; gogoan iltzatuta inoiz ez ahazteko moduan. Oraindik ere, egun hartako argazkiak ikusten ditudanean, Ocaña eroriaren irudi beldurgarriek poz haren oroitzapen lauso bat ekartzen didate, hartu nuen lasaituaren oroitzapen urrun bat”.

 

 

Ocañaren eroriko mitikotik hiru urtera, 1974an, Eddy Merckx aita santuaren ondoan erakusten duen bulegoko argazkiaren urte berean, osaba-izebekin eta aita-amekin Arratera joan zen eguna pasatzera Alkorta, osabaren Seat 124 autoan. “Aitak eta amak ez zuten autorik eta gutxitan irteten ginen herritik. Horregatik, aparteko eguna izan zen hura niretzat”. Berriak eta arrotzak iruditu zitzaizkion paraje haiek, eta uste du horregatik dituela oraindik ere gogoan gordeak orduko irudi solte batzuk. Baina benetan ondo gogoan duena da kezka nagusi eta bakarra izan zuela egun osoan buruan bueltaka: lortuko al zuen Merckxek Giroko maglia arrosari eustea?

      “Italiako Giro hartan Jose Manuel Fuentek egun bat baino gehiagoan zuen erakutsia Merckx baino gehiago izan zitekeela batzuetan aldapa gora, aurkari arriskutsua zela”, dakar gogora Alkortak. “Txakalaldi handi baten ondorioz galdu zuen lidertza Fuentek, eta Merckx zen lider Arratera joan ginen egun hartan, baina mendiko etapa arriskutsu bat geratzen zen, egun hartakoa hain zuzen ere. Hura onik pasatuz gero salbu zen Merckx, baina bien bitartean ni, 11 urteko mutil koskorra, Italiatik milaka kilometrotara, beldurrez akabatzen nengoen, ezin jasana iruditzen baitzitzaidan Merckx Fuentek menderatuta maglia arrosa galtzen ikustea”.

      Garai hartan ez zegoen jakiterik Italiako Giroko edo Frantziako Tourreko eguneko etapan zer gertatu zen telebistako albistegian esaten zuten arte, “bederatzi eta erdiak baino lehentxeago, zuri-beltzeko irudi urri batzuekin lagunduta”, gotzainaren oroimenak huts egiten ez badu. Une horren zain ematen zuen eguna Azkoitiko mutil koskor hark, batez ere mendiko etapa edo erlojupekoa egokitzen zenean, sailkapen nagusirako erabakigarri gerta zitekeen lehia aurreikusten zenean. Arratera eraman zuten eguna, berezia eta ezberdina izanagatik, ez zen salbuespena izan.

      Arratetik bueltan, autoan etxerako bidean, gero eta urduriago zegoen mutikoa, telebistako albistegia entzuteko irrikan eta ikaran.

 

 

Eddy Merckxen aldeko jarrera hura zaletasun bat baino gehiago izatera iritsi zen; jaiera, adorazioa. “Merckxek irabaz zezala behar izaten nuen lasai sentitzeko, munduak logika eta zentzua zuela sentitzen eta sinesten jarraitzeko. Merckx baldin bazen onena —eta argi zegoen halaxe zela, ondo frogatua zuen— irabaztea zegokion, eta hala ez gertatzeak dena zalantzan jartzen zuen nire orduko mundu ikuskeran”.

      “Ez da heresia bat esatea Merckx urte haietan nire Jaungoikoa izan zela, edo Jaungoikoari nire baitan eman nion irudia”, laburbiltzen du afera Alkortak. “Batzuetan pentsatzen dut Merckxek urte horietan aldez edo moldez huts egin izan balit, Ocaña edo Fuente bezalako etsai deabrutu batek gaina hartu eta umiliatu balu, fedea galduko nukeela; ez bakarrik Merckxi nion fedea, baita akaso Jaungoikoari niona ere”.

      Ziklista izateko ametsa ere izan zuen gaztetan. Baina, zaletasun handia ez ezik ezaugarri fisiko egokiak ere izan arren, Alkorta ez zen inoiz ziklista izatera iritsi. Bere gaztetxo garaiko Azkoitian ez zegoen txirrindularitzako gazte talderik, eta probatzeko aukerarik ere ez zuen izan.

      Ziklista ez izan arren, Merckx eredu eta ispilutzat du beti Alkortak, lehen apez lanetarako bezala gotzainaren zereginetarako orain. “Nire haurtzaroko eta gaztaroko munduaren zuzentasun nahiaren sinbolo bat ere bada niretzat Eddy Merckx”, dio. “Bi mundu gerra latz eta ankerren ondoren ordena berri eta egonkorra ezarri nahi zuen mundu baten sinboloa. Ocaña eta Fuente bezalako txirrindulari irregular, desorekatu eta burugabeen eraso beroegien aurrean indar fisikoa eta indar mentala bikaintasunez uztartzen asmatu zuen beti, eta haren garaipenak ordenaren, orekaren eta justiziaren garaipena sinbolizatzen zuen”.

      Bost Tour eta bost Giro irabazi eta gero, 1975ean, Eddy Merckxek amore eman behar izan zuen, erremediorik gabe, Bernard Theveneten aurrean. “Bere gogorrean ere, eramangarria” izan zen porrot hura Alkortarentzat. “Orduko hartan ez zion eraso orekarik gabeko ziklista burugabe batek, bere antzera egitekoak neurriz eta taxuz egiten zituen batek baizik, ziklista orekatu, diziplinatu eta burutsu batek, txirrindularitzaren ordena urratu gabe. Gainera, nik ordurako 12 urte nituen, eta prestatuago nengoen, gogorra egin bazitzaidan ere, idoloaren urrezko aroaren amaiera traumarik gabe onartzeko”.

 

 

Egungo txirrindularitza jarraitzen badu ere, Eddy Merckxen garaiko txirrindularitzari atxikita geratu zela aitortzen du Alkortak, eta garai hartako txirrindularitzarekin estu lotuta dagoela gizarteari buruz duen ikuspegia.

      Ideia horretatik abiatuta, gizartearen funtzionamenduaren inguruko gogoeta ozenetan murgildu da grabagailuaren aurrean. Sutsu mintzo da, konbentzimendua igartzen zaio; eta, ororen gainetik, “ustez ezkerrekoak eta bakezaleak diren diskurtsoetan nagusitzen ari den hipokrisiari mozorroa kentzeko gogoa”.

      Horretarako baliagarri iruditzen zaizkio txirrindularitza oro har eta Eddy Merckx bereziki: “Txirrindularitzan —kirolean oro har—, azaletik begiratuz gero, ematen du indarra dela oinarri nagusia, baina pixka bat sakonduz gero edonor jabetzen da adimenaren erabilera egokiaren garrantziaz. Gizartearen funtzionamenduan, aldiz, azaletik begiratuz gero, ematen du adimena dela oinarri nagusia, baina pixka bat sakonduz gero edonor jabetzen da indarraren erabilera egokiaren garrantziaz”.

 

 

Interneten laguntzaz, hemeroteka arakatu dugu Alkortak eta biok, aita-amekin eta osaba-izebekin Arratera joan zen egun hartako etapa zein izan zitekeen jakin nahian, eta ziurtzat jo dezakegu 1974ko ekainaren 8an Misurina di Auronzo eta Bassano del Grappako artean jokatutakoa izan zela.

      Alkortak gogoratzen zuen bezala, etapa aldapatsua zen, Dolomitetako etapa nagusia, eta Fuenteren mehatxua zuen kezka nagusi Merckxek lidertzari eusteko, batez ere kontuan hartuta Fuentek bakarkako erakustaldi beldurgarri batekin irabazi zuela bezperako etapa, Tre Cime di Lavaredon amaitutakoa.

      Alkortak Arratetik itzuli eta TVEko Telediario albistegia ikusiz jakin ahal izan zuenez, Fuentek eraso gogorra jo zuen Grappako mendateko igoera asfaltatu gabean, eta bi minutuko aldea izatera ere iritsi zen, baina une bateko estutasuna baino ez zen izan hura Merckxenzat, mendate gainean Fuenterengandik 33 segundora pasatu baitzen, indartsu. Talde txiki batek harrapatu egin zuen Fuente jaitsieran, eta taldeko esprinta Merckxek berak irabazi zuen, Bassano del Grappako belodromoan, Francesco Moser gaindituz. Etapa dotore irabaztearekin batera, Merckxek 1974ko Giroaren garaipena ziurtatu zuen egun hartan.

      “Justizia nagusitu zen eta Azkoitiko 11 urteko mutikoak gustura eta lasai lo egin zuen gau hartan”, komentatu du, autoironiatik ere baduen irribarrea ezpainetan, Alkortak. “Donostiako gotzain izatera eraman behar zuen fedeak makularik gabe zirauen”.