Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Autoen isiltasuna

 

 

Bada modernotasunean tragedia bat:

eskuak gidatu gabe biratzen duen

bolante eskerga baten antzeko zerbait da.

                                        Louis Aragon

 

 

Artegatu egiten nau autoen isiltasunak gauero, hortzak garbitu eta gero, lotaratu aurretik, balkoira irten eta haiei begira geratzen naizenean. Otzan, meneko, kaltegabe dirudite, bakoitza bere lekuan geldirik. Nirea ere hor egoten da, dagokion espazioa zedarritzen duten marren barruan beti. Gauaren erdian motorzale batek ustekabean auto geldiaren ertz bat jo, airean ziztu bizian jaurtikia irten eta kaskezurra mila puskatan hautsiko balu ere, nik errurik ez dudala izan esateko moduan.

      Nahiago nuke hortxe geratuko balitz geldirik betiko; are nahiago nire begien bistatik ezkutatuko balute, atzera berriz inoiz ez ikusteko. Autorik gabeko pertsona librea izan nahiko nuke berriro, carless bat, gaiari buruz txiste txarrak egiteko kemena nuenean esaten nuen bezala.

      Bada autoen tiraniaren aurka mintzatzen denik, badut autorik gabe bizi den adiskiderik ere; baina ez dut egundo ezagutu autoen aurkako boikot erabatekoa egiten duen inor, bere buruari inoiz ere auto baten barruan sartzea galarazteraino. Batzuetan horixe egin eta horixe aldarrikatu beharko nukeela pentsatzen dut, eta inongo autotan sartzeari uko egiten diogunon mugimendu zibil bat sortu, abiarazi eta sustatu. Izan da historian, nire ustez, hasiera hutsal eta zoroagoko mugimendu arrakastatsurik.

 

 

Nik ez nuen berez ezer autoen aurka, nahiz eta autorik ez izan, harik eta 40 urte bete berritan autoa erosi eta txofer egiten ikasi beharra suertatu zitzaidan arte. Lan egiten dudan bulegoa Donostiaren erdialdeko lokal batetik Andoaingo gune industrial batera aldatu zen, enpresa handitu egin zelako; eta ni, Aizarnazabalen bizi naizenez, goizean lantokira garaiz iristeko garraio publikorik gabe geratu nintzen. Bizilekua aldatzerik ere ez nuen, amarekin bizi nintzelako eta ama ez zegoelako, bere bizitzako ia laurogei urteak Aizarnazabalen eman ondoren, beste inora aldatzeko adinean.

      Ez ziren gozoak izan niretzat txofer egiten ikasteko hartutako nekeak, hain gutxi autoa erosteko izandako buruhausteak. Renault Clio txiki bat hautatu nuen azkenean. Hori guztia diruz ondo ordaindu behar izan nuen gainera. Neure buruari harrika egiten ariko banintz bezala sentitu nintzen prozesu ezin deserosoago hartan.

      Autoa neure eskuekin gidatzen hasi orduko, ezinegona sentiarazi zidan ordura arte horren arrotza zitzaidan autodunen eta txoferren munduan sartu izanak; mesfidantza isil baina sakon bat. Neure burua traizionatzen ari nintzela sentiarazten zidan aurretik oinez, bizikletan, autobusez edo trenez ibilita ezagututako lekuetatik autoaren handikeria larderiatsua erakutsiz pasatzeak. Autoak traizio horretan sakontzera eta gozatzera bultzatzen ninduelako irudipena nuen, indartsu eta harro sentitzera, bolantea eskuetan nuela inguruan ikusten nuen guztiaren jaun eta jabe.

      Gaur egun, oraindik ere, autoan sartu, abian jarri eta batetik bestera hain erraz ibiltzea harrokeria doilorra iruditzen zait. Errudun sentiarazten nau edonorentzat hain arrunta den ekintza horrek.

 

 

Gidatzeko baimena jaso eta autoa normaltasunez erabiltzen hasi nintzenetik hilabete ingurura, istripu bat izan nuen. Istripu txikia, aipatzekoa ere ez, noiznahi eta nonahi gertatzen direnekin alderatuz gero.

      Ohi baino hogei bat minutu geroago irten nintzen lantokitik arratsean eta etxera lehenbailehen iritsi nahi nuen, ama, berantetsita, kezkatzen hasi baino lehen. Ez dut uste abiada ikaragarrian nindoanik, baina autobidetik irten ondoren autoaren kontrola galdu nuen bat-batean Arroako biribilgunean. Bortizki zabukatu ondoren trafiko seinale bat jo eta autoa biribilgunearen erdian trabeska gelditu zitzaidan, motorra itzalita zuela.

      Izuaren mende, motorra pizten saiatu nintzen, autoa leku arriskutsu hartatik ateratzeko, baina urduriegi nengoen. Lau edo bosgarren saioan autoa abian jartzea lortu eta gero, bide bazterrera eraman nuen, han neure burua lasaitzen saiatzeko eta istripuak autoari eragindako kalteei erreparatzeko. Ia ezer ere ez. Atzealdeko eskuineko atea mailatuta zegoen eta ezin zen ireki; gainerakoan, dena ondo.

      Amari ez nion ezer kontatu istripuari buruz, eta istripuaren parte ere ez nuen eman. Ezer gertatu ez balitz bezala. Baina autoa konpontzera eraman behar izan nuen. Hurrengo astean joan nintzen tailerrera, eguerdi artea lanetik libre hartuta. Mekanikariak beste bezero bati esan zizkion hitzak dauzkat bereziki gogoan egun hartatik:

      — Autoak berak esaten dizu zer daukan eta zer behar duen. Entzuten jakinez gero, autoak hitz egin egiten dizu.

 

 

Bi aste geroago, lanetik etxera nentorrela uda hasierako iluntze batean, eguzkiak artean ere ondo berotzen zuela, Alfa Romeo deskapotable gorri batek aurreratu ninduen autobidean, Donostia eta Orio artean. Nire adin bertsua izanagatik oso bestelako itxura zuen gizon batek gidatzen zuen; gure bi autoak bezain ezberdinak ginen biok, askoz itxura sport eta gazteagokoa hura, dudarik gabe. Haren ondoko aulkian eserita, gainera, neska gazte ilehori bat zegoen, gona motz batez jantzia, zango luze biluziak gora altxatu eta oinak aurreko taula gainean bermatuta. Iragarki baterako irudia ematen zuen, eta neure buruari esan nion auto hura iragarki baterako filmatzen ari balira zuzendariak ni ikusi orduko kontratatu egin nahiko ninduela, hain indar bisual handia zuen une batez elkarren parean jarri ziren bi ibilgailuen arteko kontrasteak. Horrelakoxea da, batzuetan, nire barne-umorea.

      Aurreratu berri ninduen gizona eredutzat hartu eta haren antzekoa bihurtu nahi izanez gero zer egin beharko nukeen pentsatzen hasi nintzen, fantasiarik eroenei ere bidea libre utziz horretarako. Ez nuke esango inbidia sentitu nuenik. Baina ez dut arazorik aitortzeko auto hura nirearen ondoan pasatu bezala pasatu izana irain baten antzekotzat hartu nuela.

      Biharamun goizean, gosaltzen ari nintzela, auto deskapotable haren argazkia erakutsi zidan amak egunkarian, txatar mordo itxuragabea bihurtua. Istripu larria izan zuen Mendaro inguruan, letra handietan irakur zitekeenez, eta ibilgailuan zihoazen bi lagunak hil ziren. Durduzatu egin ninduen albisteak, baina ez nion amari esan auto hura bezperan nire paretik pasatu zela autobidean, istripua izan baino minutu batzuk lehenago.

 

 

Ohartu nintzenerako, auto istripuak obsesio bihurtzen hasiak zitzaizkidan, neure borondatearen kontra. Ordura arte ez nuen egunkarian, irratian edo telebistan albisteez arduratzeko ohiturarik, baina istripuen ingurukoak jarraitzen hasi nintzen. Ez nekien zergatik, baina nahita ere ezin nion neure buruari eragotzi.

      Istripuen inguruko albisteak, ordea, motz geratzen zitzaizkidan beti. Inoiz ezin baita guztiz esplikatu nola eta zergatik gertatu den istripu bat, are gutxiago norbaiten heriotza eragitera iritsi den istripu larri bat.

      Eta maiz gogoratzen nintzen mekanikariari entzundako hitz haietaz:

      — Autoak berak esaten dizu zer daukan eta zer behar duen. Entzuten jakinez gero, autoak hitz egin egiten dizu.

      Zer esaten ote zuten istripuak izandako eta eragindako auto haiek guztiek? Zer esaten ote zidan niri nire autoak? Ulertzen ote nion ezer?

      Horretaz guztiaz amarekin hitz egitea pentsatzen nuen bakoitzean izuak eragozten zidan. Izua, zeri? Ama autoa eta bion arteko borroka isilean sartzeari. Zergatik? Neuk ere ez nekien, eta ez nuen horretan sakondu nahi.

 

 

Beste pare bat hilabete inguru geroago, lankide baten emazteak istripu larria izan zuen, Irunen. Koma egoeran sartu zen, eta medikuen aurreikuspenen arabera bizirik irtetea lortzen bazuen ez zen berriro ibiltzeko gauza izango, eta hizketarako ere nekez, garuna kaltetua zuelako kolpearen ondorioz.

      Istripua izandako emakume hura hiru bat urte lehenago ezagutu nuen, enpresak ordainduta lankide guztiok egiten dugun bazkarira etorri baitzen, beste lankide batzuen senarrak edo emazteak etortzen diren gisa berean. Elkarren parean egokitu eta hizketan aritu ginen. Masailak gorriarazi zizkidan nire mutilzahar estatusaren inguruko aipamen umoretsu batzuekin, eta gauean, nire ohearen bakardadean, urduritasunez oroitu nuen haren irribarre ironiko zorrotza. Orain auto istripu batek kolpetik ezabatua zuen, beraz, irribarre eder hura, betiko akaso.

 

 

— Autoak berak esaten dizu zer daukan eta zer behar duen. Entzuten jakinez gero, autoak hitz egin egiten dizu.

      Ezin dut obsesio hau burutik kendu. Batzuetan pentsatzen dut amildegi batetik behera bota beharko nukeela nire autoa, istripu bat izan dudala itxuratuz, eta gero uko egin beste bat erosteari. Baina izutu egiten nau autoak nik zer egin nahi diodan sumatuz gero nola erreakzionatuko lukeen pentsatze hutsak. Eta, gainera, orduan, hori egingo banu, nola azalduko nioke amari ezin naizela bere etxean bizi, kanpoan pasatu behar dudala lan astea, bakarrik, berak Aizarnazabal utzi eta nirekin Donostiara aldatu ezean?

      Artegatu egiten nau autoen isiltasunak, nirearenak bereziki, gauero, hortzak garbitu eta gero, lotaratu aurretik, balkoira irten eta haiei begira geratzen naizenean, susmo gaiztoak ditudalako isiltasun horrek esaten duenaz. Baina ohitu beharra daukat nik ere haiekin bizitzen.