Agur, Euzkadi
Agur, Euzkadi
2000, nobela
168 orrialde
84-86766-10-9
azala: Nikolas Lekuona, Garbiņe Ubeda
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
1996, nobela
1994, ipuinak
Agur, Euzkadi
2000, nobela
168 orrialde
84-86766-10-9
aurkibidea
 

 

Arrats Beheran

 

— Ertzaintza! —atera zitzaion barren-barrenetik oihua Lauaxetari, bera eserita zegoen bankura gerturatzen ari zen ertzain-autoaren kanpoaldeko errotuluei harriduraz begira.

        Inork ez zuen entzun oihua. Ingurura begiratu eta, bere burua kontrolatuz, barrenerako gorde zituen hasierako harridura-kolpearen ondorengo adierazpenak: "Guk asmatutako berba jaukak agerian autoak! Eta matrikula be ertzainena dok, geure ertzainena! Geureak dozak horreek, geureak! Ertzainak nagusi kalean, alajainkoa! Ez gintzuazan alferrik hil! Irabazi egin ete genduan ba azkenean guda? Euzkadi azke ete da?"

        Nahiz eta ezer esan ez, ertzain-autoari begira-begira geratu zitzaion Lauaxeta, eta txoferrak susmo gaiztoz begiratu zion aldamenetik pasatzean.

        Harrituago utzi zuen Lauaxeta polizien ibilgailuko errotuluak bere bat-bateko berpizte ustekabekoak baino. 1937an hila zen, gogoan zituen Gasteizko hilerriko fusilamenduko xehetasunak. Orain, ezerezetik bat-batean jalgia, ezkutuko indar batek heriotzaren ilunpeetatik biziaren argira itsumustuan erauzia, plaza bateko bankuan eserita berpiztu berria zen, gerra aurreko traje dotorez jantzita, gorbatadun eta betaurrekodun, baina fusilatu zutenean aurpegia estaltzen zion bizarraren aztarrenik gabe; eta ez zekien non eta noiz berpiztua zen, zein herritan eta zein urtetan, ez zekien noiz arte, eta, batez ere, ez zekien zertarako.

        Funtsean ez zitzaion askorik axola hori guztia. Begien aurrean agertu berri zitzaion munduaren nondik-norakoek kezkatzen zuten Lauaxeta bizira itzuli berria, eta ez bere patu pertsonalak. Azken batean, ondo barneratua zuen hila zela. Kezka erlijioso handirik ere ez zuen une hartan. Hil zenez geroztik ez zuen Lauaxetak Jaungoikoaren existentziaren frogarik izan, ezerez huts eta ilun batean emana baitzuen oso-osorik denbora tarte zehazgabe hura; baina ez zuen inongo frogaren beharrik bizirik zelarik hain kartsuki sinesten zuena berpiztu ondoren ere sinesten jarraitzeko.

        Ertzain-autoa begien bistatik galdu zitzaionean, inguruetara begiratu zuen: etxe handiak, dendak, tabernak, jendea hara eta hona, autoak asfaltozko bide gainean... Autoen itxura bitxiak XXI. mendean egon zitekeela pentsarazi zion Lauaxetari; inguruak, berriz, zehazki zergatik ez bazekien ere, Gernika ekartzen zion gogora. Horretaz pentsatzen ari zela, "Gernika Garbiketak S.L." errotulua irakurri zuen ondoko bidetik igaro zen furgoneta txuri batean. Gernikan baldin bazegoen, urte mordoska bat izan behar zuen iragana herria suntsitu zuen bonbardaketatik.

        Bankutik altxatu eta ertzain-autoa igaro zen norabidean abiatu zen oinez. "Ertzaintza" zioen errotulu batekin egin zuen topo bat-batean; "Gernika-Lumo. Don Tello Kalea", zioen bestaldeko etxeetako batean erantsitako plakak; aurreraxeago, Arriaga jauregia ezagutu zuen, bonbardaketaren ostean Gernikan zutik geratutako etxe bakanetako bat. Ertzaintzaren Gernikako komisariaren aurrean zegoen, beraz, eta faxistek atxilotu zuten lekutik gertu. Atxilotu zutenek lotu zizkioten unean, esku zurbil biak dardarka zituela ekarri zuen gogora Lauaxetak; ezin izan zuela ezer egin izuaren agerpen lotsagarri hura eragozteko.

        Bonbardaketatik hiru egunetara izan zen atxiloketa hura, 1937ko apirilaren 29an. Guztiz suntsitua zegoen orduan Gernika, baina Andra Mari eliza eta Juntetxea osorik geratu ziren. Osorik ote ziren oraindik? Zutik iraungo ote zuen Gernikako Arbolak? Lauaxetak bazekien jada non zebilen, bazekien norantz jo; berehala agertu zitzaion begien aurrean Andra Mari eliza, eta agudo heldu zen Juntetxearen atarira ere. Harritu egin zuen sarreran zaindaririk ez ikusteak. Barrura sartzen hasita, ordea, konturatu zen sarrera ondoko garitaren barruan, aulki batean eserita, gizon bat zegoela; ertzain bat seguru askorik, arestian ikusitako ertzain-autoko poliziak bezala baitzegoen jantzita, txapel eta jertse gorriz.

        Ertzain-autoan zein kaleetako plaketan euskarazko hitzak irakurri berria zen arren, zalantzak izan zituen ertzainarekin zein hizkuntzatan mintzatu. "Tira, ez hadi koldarra izan", esan behar izan zion bere buruari. "Ez habe euskaraz berba egiteagaitik fusilatuko. Zentzunbakoa izango litzatekek horretarako berpiztu izana."

        — Jaungoikoak egun on emon deigula, ertzain jauna.

        — Berdin —erantzun zion, aurrean zuen despistatu itxurako gorbatadun bitxiaren solemnitateaz harrituta, garita barrukoak.

        — Jakin gura neuke... zera... Ba dago barrura...?

        — Sartu, sartu lasai, gizona. Libre da sarrera.

        — Mila esker, ertzain jauna, mila esker...

        Gernikako Haritz Zahar aspaldi ihartua zegoen kanpoko lorategian, baina hari begira geratu barik jakinminak barrura bultzatu zuen Lauaxeta. Batzar-aretoa presaka eta aztoratuta zeharkatu ondoren, Gernikako Haritz bizia agertu zitzaion begien aurrean, 1860an landatutakoa, eta harexen aurrean geratu zen pixka batean, hunkituta.

        Haritzak "Euzko lur gañian zutunik" zirauela ikusteak ez zion, alabaina, erabateko argitasunik ematen Lauaxetari berpiztu eta ertzain-autoa ikusi zuen unetik buruan bueltaka zituen bi galderen inguruan: "Irabazi egin ete genduan azkenean guda? Euzkadi azke ete da?" Galdera haientzako erantzunen bila, zuhaitzaren ondoa utzi eta han-hemenka argazkiak egiten ari ziren turista-bisitarien artean ibili zen batetik bestera, inguruak miatzen. Inorekin mintzatzeko lotsa eta beldur zenez, Leiarpeko aretoa deritzonean ezarritako informazio-taulen irakurketan murgildu zen, urduri.

        Buruan zituen galdera haietako baten erantzuna aurkitu zuen tauletako batean. "Euskaldunen Herria / El País de los vascos" zen taularen izenburu nagusia. Izenburua bezala, euskaraz zein gaztelaniaz irakur zitezkeen paneleko testuak. Euskaraz irakurri zuen Lauaxetak: "Euskal Herria edo Euskadi euskaldunen herria da. Sustrai sakoneko herria dogu, kultura berezia daukana eta hizkuntza bereziaren, euskerearen, jabe dana. Zazpi herrialdek osatzen dabe Euskal Herria eta hiru administraziotan banatuta dagoz: Euskal Herriko Autonomi Elkartea eta Nafarroako Foru Komunitatea Estatu Espainiarrean, eta Iparraldea Estatu Frantseseko Pirineo Atlantiarren Departamentu barruan." Eusko Legebiltzarraz mintzo zen taula beste testu batean: "Euskadiko Autonomi Elkarteak bere Legebiltzarra dauka. Legebiltzar horretarako Jatorrizko Lurralde bakotxetik 25 Legebiltzarkideek Lehendakaria hautatzen dabe, Eusko Jaurlaritzaren buru izan daiten, Gernikako Estatutoan autortutako aginpideen arabera. Euskal erakunde biok —Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak— Gasteizen dauke egoitza ofiziala."

        Ez zuen 1936ko uztailean piztutako gerra aipatzen zuen inongo taularik aurkitu Juntetxean. Ezin zuen, horrenbestez, gerra hura nola amaitu zen jakin, baina, han emandako ordubetean ikusitakoak ikusita, gerra hura bere burkideek irabazi zutelakoan zegoen, Errepublikaren indarrek faxisten erasoari azkenean ere aurre egiten asmatu zutelakoan. Nekez uler zitekeen bestela Euzkadiko hiru herrialdek autonomia izatea, Legebiltzarra, Jaurlaritza, lehendakaria... Eta ertzainak!

        Erabateko baieztapen ziurra nahi izango zukeen, baina garitako ertzainaren aurretik pasatzean ez zen hari galdetzen ausartu. Gainerako bisitariak imitatuz, ertzainari diosalik egin gabe irten zen Juntetxetik.

 

 

Emaztearengandik banatu berria nintzen Lauaxeta berpiztu zen garai hartan, eta etsipenak guztiz mendean hartua ninduen. Sorkunde gabe, 40 urteko agure zahar bakarti bat nintzen; "arratsari" nengoen, Lauaxetak esango zukeen moduan; "lainoz akribilatutako bihotza" nuen golkoan, Iñigo Aranbarrik esango zukeen moduan.

        Lana uzteko asmoa buruan bueltaka zebilkidan ordurako. Kulturako erredaktore nintzen Euskaldunon Egunkaria-n, aspaldidanik, kazetaren sorreratik, eta guztiz galdua nuen hastapenetako interesa eta bizipoza. Nazkatuta ninduten, leporaino beteta, egunero tratatu behar nituen artista, idazle, musikari, aktore, zinema edo antzerki zuzendari, bertsolari, dantzari eta abarrek. Munduaren zilbortzat zuten gehienek nork bere burua, eta gizadiaren historiako monumentu garrantzitsu eta funtsezkotzat nork bere lana; apalenak, berriz, gizajo hutsak ziren, edo hipokrita handinahi errukarriak. Horrela ikusten nituen nik behintzat, horrelaxe ikusarazten zizkidan horrenbeste urtetako errutinak. Bizi izan ez duenak ez daki: eguna joan eta eguna etorri, urteetan eta urteetan, hainbeste liburu eta aldizkari, hainbeste margo, eskultura, instalakuntza eta perfomance, hainbeste kanta, disko eta sinfonia, hainbeste aktore, pailazo eta txotxongilo, hainbeste aurreskulari, zamaltzain eta koreografo, hainbeste kopla, bertso, bertsopaper eta txapelketa, hainbeste sariketa, antologia, izendapen, omenaldi, hileta eta urteurren... Zertarako baina? Inori gera dakiokeen zaletasun eta interes hondarra zapaldu eta itotzeko baino ez! Azkenerako, egia osoa esanda, polemika eta ika-mikarik gordinenek baino ez zidaten pizten benetako jakinmina eta interesa —edo morboa, zuzenago esateko—, baina horiek ere, gehienak behintzat, ziklikoki errepikatzen ziren, eskema berberei jarraiki ia beti, eta aspergarriak izaten ziren azkenean.

        Lanaz aparteko ilusiorik ere ez nuen, ordea, garai hartan, eta horrexek eusten ninduen eguneroko zeregin hutsal hari lotuta. Aizarnazabalen jaio nintzen ni, Urola bailarako herririk gordeenean, eta gazte samarrik Tolosara ezkondu, baina Sorkundek utzi ninduenean Andoainen hartu nuen pisu koxkor bat errentan, lantokitik gertu, Martin Ugalde idazle eta Euskaldunon Egunkaria-ko Ohorezko Lehendakaria jaio zen kale berean, Kaleberrin. Lanetik etxera itzuli orduko telebista pizten nuen garai hartan, egunero, inon ziren lehiaketarik lerdoenak edo futbol partidarik aspergarrienak ikusteko prest. Pizza zatiren bat edota beheko tabernan erositako ogitartekoa jango nuen, edo lardaskatu askotan hura ere, osorik sabeleratu gabe, hiru laurdeneko botila ardoa lagun. Ondoren, besaulkian ia hondoratzeraino murgildu eta botila osoa hustu arte ez nintzen handik altxako.

        Manuel Lasartek "Basarri bateko mutilzar edarizale bati bere auzotar baten erreguz" Aizak i, mutil maiñontzi doinuan jarritako bertsoak ez zitzaizkidan gaizki egokitzen garai hartan: "Berrogei urteko adiña, / zerbait pentsatzeko diña / baluke, baiña gizarajoak / burua ariña. / Zurrutak dago eragiña, / ainbeste badu egiña, / txikitandikan ekarri zuen / ortarako griña." Ez nintzen bertso horietako gizonaren neurriko zurrutero amorratua, baina gainerakoan alde handirik ez.

        Jai egunetan mendira irteteko joera nuen hala ere. Horixe zen garai hartan egiten nuen ganorazko gauza bakarra.

 

 

Hamaika eta erdiak ziren Andra Mari elizako erlojuan. Herriko kaleetan barrena, lanak ematen zizkion Lauaxetari benetan Gernikan zegoela sinesteak. Batez ere erlauntza itxurako etxe eskerga haien artean ibiltzeak ikaratzen zuen, baina autoen abiadurak ere eman zion sustorik.

        Kanpoaldean egunkari eta aldizkari pila bat erakusten zituen liburu-denda baten parean geldiarazi zuen aurki jakinminak Lauaxeta. Aldizkari bateko azalera joan zitzaizkion begiak lehen-lehenik: titiak agerian zituen neska gazte ilehori baten koloretako argazkiak hartzen zuen oso-osorik azal ikusgarri eta aztoragarri hura. Ikuspen bortitz hark eragindako barne-asaldura pixka bat baretu zitzaionean egunkarietako hitzak irakurtzen hasi zen, nahasian, urduritasunak ez baitzion izenburu handietako esaldi nabarmenak ere osorik irakurtzeko betarik eta patxadarik uzten. Nahaste hartan, besteak baino meheago zen egunkari bati erreparatu zion bat-batean, harrituta: euskaraz idatziak zituen azaleko testu guztiak! Eta... bere argazkia ez zen ba azalaren goialde hartako eskuineko bazterrean zegoena! Alajainkoa! "Gaur 60 urte fusilatu zuten Estepan Urkiaga 'Lauaxeta'", zioen irudiaren ondoko izenburu nagusiak; "Gasteizen hil zuten, Gernikan atxilotu ondoren, olerkari eta kazetari bizkaitarra", jartzen zuen beheraxeago, letra meheagoetan. 23. orrialdean hasi eta 27.ean amaitu, bost orrialdeko erreportaje zabala zuen Euskaldunon Egunkaria-k berari buruz, Lauaxetari buruz. 1997ko ekainaren 25ean zegoen. 60 urte ziren fusilatu zutela. Orain bazekien hori.

        Kanpoan egonaldi luzea egin ondoren, asaldura, urduritasun eta ezinegon guztiak mendean hartu eta hitz egiteko moduan zela iritzi zionean, denda barruan sartzera deliberatu zen azkenean.

        Euskaldunon Egunkaria-ren ale bat emoidazu, mesedez, andereño —eskatu zion ahots herabez saltzaileari.

        — Ehun eta hogeita bost pezeta —esan zuen saltzaileak, Lauaxetari Egunkaria-ren ale bat eskuratzearekin batera.

        "Hogeita bost ogerleko, alajainkoa!", larritu zen Lauaxeta bere kautan, ezer esan gabe. Nondik atera behar zuen dirutza hura? Ordura arte ez zen txikikeria hartaz ohartu ere egin, baina dirurik gabe larri behar zuen inondik ere. Eskuak sakeletan sartu eta eskuinekoan txanpon batzuk eta billete pila bat zeukala ohartu zen. "Eskerrik asko, Jauna, eskerrik asko."

        Saltzailea berantetsia eta haserretzen ere hasia zegoen, argazki zahar batetik aterea zirudien erosle bitxi haren geldotasuna kari.

        — Har eizuz zeuk, mesedez —esan zion Lauaxetak, txanponez betetako esku ahurra harengana hurreratu eta zabalduta.

        Hasperen egin zuen saltzaileak txanponak bereizi, berari zegozkionak jaso eta gainerakoak Lauaxetari itzultzen zizkion bitartean.

Egunkaria-ren alea eskuan zuela, liburu-dendaren aldamenean zegoen plazarantz jo zuen Lauaxetak. "Ez gintzuazan alferrik jardun, Estepan", esaten zion behin eta berriz bere buruari, "Ez gintzuazan alferrik hil. Euskarazko egunkaria, alajainkoa!" Hunkituta zegoen.

        Handik gertu zegoen plazako banku batean patxadaz eserita, ertzain-autoko txoferrak begiratu egin ziola ekarri zuen gogora; gero Juntetxeko sarrerako ertzainarekin mintzatu zela; eta, azkenik, liburu-dendako saltzaileak berak eskatutako egunkaria eman ziola. Jendeak bera ikusi eta entzun egiten zuen beraz. Ez zen ingurua ikusi, entzun, usaindu eta sentitu baino ezin zuen espiritu bakartu eta hutsal bat. Hantxe zegoen, benetan, bizirik. Poza eman zion horrek, halako barne-indar bat sentitu zuen, osotasuna, ilusioa.

        Luzaz egon zen han, bankuan eserita, egunkaria ia-ia osorik irakurri arte, errealitateari zuzenean aurre egin aurretik derrigor kontsultatu beharreko gida iruditzen baitzitzaion paper mordoska hura. Egunkaria-n berari buruz esaten zutena ere oso-osorik irakurri zuen, hunkidurak xehetasunez jabetzea eragozten bazion ere. Artikuluez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kontratatutako iragarki bat ere bazen gehigarri hartan, "Euskal kazetarien lehen martiria" eta "Euskadiren eta euskararen aldeko aitzindaria" izan zenaren ohoretan ezarria. "Ez habe ahaztu oraindino, Lauaxeta", esaten zion behin eta berriro bere buruari, "ez habe ahaztu."

        Pozezko irria loratu zitzaion Lauaxetari aurpegian Egunkaria-ko eguraldiaren mapak Euskal Herriko zazpi herrialdeak batzen zituela ikustean, eta zinema emanaldien agendan Donibane Garazi, Donapaleu eta Mauleko aretoetako programazioen berri ere ematen zela. Gainerakoan ez zen Nafarroa Behereko edo Zuberoako albiste gehiagorik, baina Haur Kantu Txapelketako finalaren berri ematen zuen artikulu batek; igandean Miarritzen jokatzekoa zen final hura, Euskal Herri osoko kantariak lehiakide zirela, baxenabartarrak eta zuberotarrak haien arteko asko eta asko.

        Baina egunkariak ez dira 60 urteren ondoren bat-batean berpiztu berri diren irakurle despistatuentzat egiten, eta ederki igarri zion horri egun hartan Lauaxetak. Arraro samarra sentitu arren, ulergarria zitzaion artikulu gehientsuenetako euskara, baina artikulu askoren mamian kontu askotxo zitzaizkion guztiz arrotz, urrun, atzemanezin. Azkenean, irakurketa amaitu ostean ere argitu gabe jarraitzen zuen Lauaxetaren zalantza nagusiak: "Egia ete da, dirudien legez, guda irabazi egin genduala?"

Egunkaria-ren irakurketa amaitu zuenean, erdarazko egunkari batzuk erosi zituen liburu-dendan. Haiek ere indartu egin zioten gerra irabazi zutelako susmoa, baina erabateko baieztapenik gabe. Misterio ilun bat argitzeko irrika bizia ere sortu zion egunkarien irakurketak: "Zer ete da dalako ETA ospatsu hori?"

        Prentsaren irakurketa urduri hartan ordu batzuk eman ondoren, paseo txiki bat egin zuen Gernikako kaleetan zehar. Tristatu eta sumindu egin zuen entzuten zituen solasaldi zatietan gaztelania nagusi zela jabetzeak. "Horretarako daukogu Jaurlaritza? Horretarako irabazi genduan guda? Horretarako hil ginan?"

        Euskal Herria Museoan eta Gernika Museoan izan zen baina, haietan ere inori ezer galdetzen ausartu ez zenez, gerrari buruzko zalantza argitu gabe irten behar izan zuen bietatik. Euskal Herria Museoan Imanol Larrinagak sinatutako marrazki batean bere burua ikusi zuen; gerra garaiko Lauaxeta zen marrazkikoa, komandante jantzian eta betaurrekorik gabe. Arrats beran liburuaren ale bat ere bazen, Lauaxetak 1935ean argitaratutako poema liburuarena, hango beira-arasa batean.

        Ondoren, gosetuta, taberna batean pintxo bat jan eta baxoerdi bat hartu zuen. Bizirik zegoelako beste froga bat zen hura, ukaezina guztiz: jan eta edan egiten zuen. Gustura gainera.

 

 

Sorkunderekin bizi nintzelarik, eta baita ezkondu arretik ere, maiz joaten ginen biok mendira, ia-ia astebururo, igandeetan batez ere, astelehenean Egunkaria-rik plazaratzen ez zenez gero igandea beti jai izaten nuela baliatuz. Euskal Herriko mendi gailur garrantzitsuenetan izan ginen elkarrekin, behin baino gehiagotan horietako asko eta askotan: Gorbeia, Anboto, Udalaitz, Aizkorri, Erlo, Ernio, Txindoki, Beriain, Larrun, Orhi, Iparla, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia... Ekialderagoko Pirinioetan ere maiz izan ginen: Bisaurin, Midi d'Osseau, Collarada, Balaitous, Aneto, Gran Tuc de Colomers, Perdido... Tolosako Oargi mendizale elkarteko bazkide ginen, eta mendi gailurretako buzoietan txartelak utzi ohi genituen, ordainean, urtean zehar egindako mendien alturak batuz 25.000 metro osatuz gero, dominatxo bat jasotzeko. Urtero irabazten genuen dominatxoa, eta atxikimendu maitekorra genion gure kirol-garaipen xume eta herrikoi hari.

        Sorkundek utzi ondorengo lehen asteetan, ez nintzen mendira irteteko gauza izan. Mendira betiko bidelaguna gabe joatea saminegia egingo zitzaidala iruditzen zitzaidan, ezin izango nuela sekula Sorkunde alboan ez izatearen pena ahaztu. Poliki-poliki, irteten hasi nintzen hala ere, bakarrik, neure kasa, etxe ingurutik asko urrundu gabe, Sorkunderekin ezagututako gailur handietara jotzeko kemenik edo ausardiarik ez banu bezala. Buruntzara joan nintzen, Belkoainera, Andatzara... Trena edo autobusa hartuta inguruko herrietako mendietara ere joaten hasi nintzen gero, baina mendi txiki eta ez oso urrunetara beti: Intxurre, Otsabio, Mendikute, Illaun, Irukurutzeta, Atxolin, Azkonabieta, Gaintxipitxa, Gaztelu, Ertxin, Indamendi, Aldura, Igoin, Urdaburu, Zaburu, Urdelar... Batzuetan, inongo gailurretara igo gabe, herri batetik besterako bidea egiten nuen, mendizalerik gabeko bide galduetan barrena maizenik, txara sasiz betetakoetan galtzak urratzeko beldurrik gabe.

        Lehen mendigoizale nintzena mendibehezale bihurtu nintzen, neure arima barruko isuri ilunari men eginik. Mendia beste era batera bizitzen, sentitzen eta neure egiten hasi nintzen. Mendira joatea ez zen jada, niretzat, kirola egiteko, paraje ederrekin gozatzeko edo izadiarekin batzeko modu bat, neure bizia errotik ukatzeko saioa baizik. Mendia ez zen, niretzat, edertasuna eta historia, bazterketa eta ahanztura baizik; ez zen bizitza eta kolorea, ezereza eta heriotza baizik. Eta horrexegatik jotzen nuen mendira, gero eta sarriago.

        Herri eta auzo txikietako hilerrietan denbora luzea ematen nuen garai hartako ibilaldietan, orduak batzuetan, hilarrietako izenen jabeei buruzko asmaketa zoroetan murgilduta. Hilarrietako harrietan idatziak oso bestelakoak iruditzen zitzaizkidan pertsonen izen-deiturak, ilunagoak eta tristeagoak, gaixoagoak eta ahulagoak, xahutuak, umelduak, harrokeriaren arrastorik gabeak, eskuragarriak, gertukoak guztiz. Hilerrietatik aparte ere, mendiko bide baten bazterrean hilarri bat agertuz gero, pausoak gelditu eta errespetu handiz begira geratuko nintzaion, hura han jarri zutenei saminean eta hilarenganako maitasunean lagundu nahirik bezala.

        Etxola eta borda pitzadura beldurgarriz zaurituak edota jada behea joak; ola, errota, harrobi eta meategi zaharrak; zubi hautsiak; iturri agortuak; argindar-kablerik gabeko alferrikako zutoinak... Zirrara atsegingarri bat, halako kidetasun edo haurridetasun kontsolagarri bat-edo, sentiarazten zidan gizakiaren inoizko kemenak utzitako arrasto haiek neure begien aurrean horren antzu eta ahantzi ikusteak, lurperatu gabeko aspaldiko hilotzak balira bezala. Ez zitzaidan ardura arrasto haiek batzuetan mendizalearen gustukoak izaten ez diren forma ustez itsusiak izatea: askotariko tresna eta trastez betetako zabortegi klandestinoa, mendia erraietaraino irentsitako harrobia, higatutako pneumatiko pila handia, pendizean behera errekazuloraino eroritako auto abandonatu eta herdoildua...

        Hala ere, zirrararik sarkorrena bidean aurkitutako baserri abandonatuek eragindakoa izaten zen. Sorgindu eta seko liluratuta katigatzen ninduten, nondik nora nindoan eta zer ordu zen guztiz ahaztuta. Hondakinen artean sartu eta negarra begietan nuela geratzen nintzen sukaldeko axuleiu sarritan artean ere zuri eta osoei begira. Pareta erori haien artean behiala izandako familia irudikatzen nuen, denborak gupidarik gabe hondatutako zoriontasun apal eta laño hura guztia.

 

 

1997ko Gernika pixka bat ezagutu ostean, oso argi zuen Lauaxetak zein izango zen bere hurrengo zeregina: trena hartu eta Bilbora jo. Hirurak eta laurdenetako trena hartu zuen.

        Beldurtu egin zen hasieran, trenaren abiadurari biziegi iritzita, baina bidaiariak ez zirela larritzen ikusteak lasaitu egin zuen bera ere. Aldameneko errepidean, berriz, autoak trena baino are abiadura biziagoan mugitzen ziren, baina haien txoferren aurpegietan ere ez zen inolako larridurarik sumatzen. "Aurrerakada handia egin jok teknikak azkeneko 60 urteetan", ondorioztatu zuen Lauaxetak.

        Treneko bidaiarien isiltasunak eta bakardadeak ezinegona piztu zion, nolanahi ere, barrenean. Gehientsuenak bakarrik sartzen ziren bagoira eta, orotara bagoi osoan dozena bat lagun baino gehiago ez bildu arren, inori diosalik egin gabe, elkarrengandik ahalik eta urrunen esertzen saiatzen ziren. Ez zen hala izaten Lauaxetak lehen mende laurdenean ezagutu zuen garraio publikoan. Horretan oso aldatuak zeuden kontuak. "Alkarregaz haserre dagozela emoten jok", esan zuen Lauaxetak bere artean, "hondorik gabeko tristura sakon batek alkarrengandik bananduko baleuz legez." Bagoi barruko bozgorailuetatik entzuten zen musika melengak ez zuen ezinegona larritu baino egiten.

        Lemoako geltokian gizon gazte beltz bat igo zen bagoira, bakarrik hura ere. Gainerakoak bezala, ahalik eta lekurik bakartienean esertzera joan zen, baina Lauaxetarengandik aski gertu hala ere. Agian euskaraz jakingo zuelakoan eta beltz bat euskaraz mintzatzen entzuteko irrikitan, harekin hizketan hastekotan egon zen une batez Lauaxeta, baina azkenean ez zen ausartu.

        Bilboko kaleetan bueltaka, pentsatzekoa zenez, gauza asko gertatu zitzaion harrigarri Lauaxetari: jendearen emana oro har ("beredin notin", Lauaxetaren garai bateko idazkeran), jende askoren janzkera, sakelako telefonoak, bikote gazte askoren libertinaje lotsagabea, trafikoko argiak, etxeen pilaketa basati eta itogarria, Salbeko zubi erraldoia, Guggenheim Bilbao Museoa, panel publizitario erraldoi eta koloretsuak, El Corte Inglés, San Francisco kaleko prostitutak eta trabestiak, inguru hartako beltzen ugaritasuna... Telebista ere orduantxe deskubritu zuen, harrituta, Lauaxetak, Zazpi Kaleetako taberna batera mokadu bat egitera sarturik.

        Henao kalean bera garai batean bizi izan zeneko etxea ikusi zuen kanpotik. Handik ez oso urrun, Lauaxeta izeneko liburu-dendarekin egin zuen topo. Harritu eta hunkitu egin zen berriro, Gernikan Egunkaria-ko azalean bere argazkia ikustean bezala. Liburu-dendako erakusleihoetan erdarazko liburuak ziren nagusi, baina euskaraz idatzitako batzuk ere ageri ziren bazter batean. Ez zen haatik barrura sartzen ausartu, ezagutuko ote zuten beldur. Ez zen inoren aurrean bere burua aurkezteko prestatuta sentitzen.

        Egun osoa eman zuen batetik bestera Bilbo berritu eta moderno hartan barrena, begiak zabal-zabalik, bere garaiko eraikin zahar berraurkituei zein eraikin berri estonagarriei miraz begira. Politikaren inguruko kezkak ere ahaztu zituen, eta harridura etengabearen zorabioan murgiltzen utzi zion bere buruari. Ume bat bezala sentitu zen. Edo LSD pilula haluzinagarri bat hartu izan balu bezala. Ibilaldi hartan bere belarrietara Gernikan baino are euskara gutxiago sartzeak kezka baten itzala lerrarazi zion, nolanahi ere, arima barreneraino.

 

 

Euskalduna ez ezik, euskaltzalea eta abertzalea ere izan naiz beti. Kasik ezinbestean, jaio nintzen lekuan eta jaio nintzen garaian jaiota. Ezkertiarra ere bai; aukerakoagoa izanagatik ere, azken batean horixe izan da beti ohikoena eta errazena nire inguruan. Gaztetan euskaltzale, abertzale eta ezkertiar sutsua izan nintzen, baina ondoren gero eta epelagoa. Beste asko bezala. Ohikoena eta errazena egin nuen horretan ere seguru askorik, egokitzen zitzaidana.

        1990ean Egunkaria-n lanean hasi nintzenean 33 urte nituen. Aspaldisko errauts bihurtuak ziren ordurako nire gaztetako suak. Urte gehiegi ziren jada gurpil berari leku beretik eta modu berean bultzaka beti, euskara eta aberria gora eta euskara eta aberria behera beti, geure antzinako euskal txilbor mitiko aratz parerik gabekoari mirespen erlijioso-folklorikoz begira beti, ETAk, KASek, HBk, AABk, LABek eta abarrek ziotenaren edo egiten zutenaren mende beti. Ez nion ezeri behar adinako federik, ez nintzen inongo talde, elkarte edo kolektibotako kide izateko gauza sentitzen. Desartikulatuta nengoen. Jitoan nenbilen, galduta, eta Egunkaria-ko kontratua sinatu nuenean izar gidari bat atxiki nuela uste izan nuen, kontratu hartan bat egiten baitzuten hileroko soldatak eta militantziak, eguneroko lan arautuak eta euskararen eta aberriaren aldeko borrokak. Egunkaria-ko erredakzio nagusia ez zegoen artean ere, urte batzuk geroago egongo zen bezala, Andoaingo Gudarien etorbidean, Lasarte-Orian baizik, baina hara lan egitera joaten ginenok gudaritik zertxobait behintzat bagenuela sinetsirik nengoen hasierako garai hartan. Koldo Izagirre idazlea erredakzio nagusira etorri zen aurreneko zenbakia plazaratu zen egunean, guri zorionak ematera. Hori ez zen gero ahuntzaren gauerdiko eztula!

        Urteek, ordea, hutsean utzi zuten nire ilusio hura, eta Lauaxeta ezagutu nuenerako errutinak guztiz bereganatua ninduen. Distantzia eta soraiotasun handiz bizi nituen Egunkaria-ren gorabeherak, eta baita inguruko egoera politikoa ere: ETAren atentatuak, presoen sakabanaketa, torturak, etakide batzuen heriotza ilunak, alderdi abertzaleen arteko ika-mika eta ezinikusiak, noizean behin hauteskundeak... Ezker abertzalearen alde nengoen eta HBri ematen nion beti boza, baina gogorik eta grinarik gabe bizi nuen saltsa politiko guztia, astelehenean Espainiako Futbol Ligako emaitzak errepasatzen nituen axolagabekeria eta urruntasun berberaz. Pozgarria zen niretzat Realak irabazi egin zuela jakitea, eta, antzeko gisan, pozgarria zen HBk hauteskundeetan gora egin zuela jakitea ere. Ez zegoen alde handirik bi poz horien artean. Nire bizitzarekin zerikusi zuzenik ez zuten errealitate urrun eta ukiezinak ziren biak ala biak. Horretan ere beste asko bezalakoa nintzen. Ohikoena eta errazena zen.

        Lauaxeta ezagutu aurreko garaian, 1997ko udaberrian eta udan, Espainiako Gerra Zibila deituaren inguruko kontuetan interesatuago nengoen neure garaiko politika gorabeheretan baino. Luis Fernandez kazetaria eta Josu Chueca historialaria gerra hari buruzko hainbat erreportaje ari ziren argitaratzen Egunkaria-ko Igandeko KZ gehigarrian, eta batzuetan nik neure mendi ibilaldietan ezagututako parajeak ziren haiek kontatutako borroken gertaleku: Pikoketa, Erlaitz, Aritxulegi, Arrate, Usartza, Kalamua, Karabieta, Intxorta, Urbasa, Oiz, Bizkargi, Artxanda...

        Gerrari buruzko interesak horretaraturik, 1997ko iraileko lehen igandean, Lauaxeta ezagutu baino egun batzuk lehentxeago, Elgetara autobusean joan eta Intxortako "odolezko mendietara" igo nintzen. Han pasatu nuen eguna, gerra garaian inguru hartan gertatutakoak buruan bueltaka nituela, faxisten hegazkinen erasoak eta gudarien mugimenduak irudikatzen. Agirre'tar Nikola Metxa ere —Koldo Izagirrek sortutako pertsonaia suhar, herren eta erretxina— han ibilia izango zela oroitu nuen, enlaze lanetan jo batera eta jo bestera.

        Elgetatik gertu, errepidea utzi eta Intxortarako bidean pixka bat aurrera egin orduko, monolito bertikal handi batean, Francoren aldekoek 1937ko apirilaren 24 eta 25ean hildako lau elgetarren izenak irakurri nituen. Sesto-Gain, Antzuategi eta Antzuategi Baztarrekoa baserrietakoak ziren, harriak zioenez; hiru gizonezko eta emakume bat. Emakumeak nire deitura bera zuen. Lamarain'tar Prantziska, ibili-ibili eginda, tartekoa izatea ere ez zen ezinezkoa, gure aitona zena Elorriokoa omen zen-eta.

        Intxortatik jaitsi eta gero, beste harri bat ikusi nuen, Angiozarko errepideko bidegurutzearen parean: "Euzkadi'k emen geldi-azo eban etsaiaren jazarraldia", zegoen idatzia harri hartan. Data batzuk ageri ziren behean: "1936-10-4 / 1937-4-20 ta 23."

        Mendi ibilaldietan aurkitzen nituen hilarri guztiek hunkitzen baninduten ere, haiek aparteko indarra hartu zuten nire begien aurrean. Zirrara eragiten zidan inguru hartan gerra bat izan zela irudikatzeak; inguruko baserritar batzuk Francoren aldekoen eskuetan hiltzen eta beste batzuk inguruko mendietan Euzkadi Francoren atzapar etsaietatik defenditzen, armak eskuan hartuta, herriaren alde bizia emateko prest. Ez ziren artean 60 urte baino, eta hori huskeria bat da, 40 urte bizi izan den edonork ondotxo dakienez, 20 urte baino ez dituenari hala ez iruditu arren. Txikitatik nituen entzunak gerrako kontuak, etxean eta herrian, baina sekula ez nituen une hartan bezain gertu sentitu. Inguruko aktualitate garaikidea baino askoz ere gertuago.

        Kanpazar gaineko tabernan patata-tortilla pintxo bat jan eta baxoerdi bat hartu ondoren, artean denbora nahikoa nuela-eta, Arrasatera jaitsi beharrean Angiozartik barrena Bergararaino joatea erabaki nuen. Angiozarra heldu baino pixkat lehenago, hilerriarekin egin nuen topo ezustean. Hilerriaren sarrerako burdinazko bi ate beltzei begira geratu nintzen. Denbora pixka bat behar izan nuen ate haiek erakusten zituzten hutsuneak letrak zirela jabetzeko, eta beste tarte bat artean ere letra haiek zeintzuk ziren deszifratzeko. Sekulako danbatekoa sentitu nuen barruan letra haiek osatutako esaldiaz jabetzera heldu nintzenean: "Il nintzan", zioen ezkerreko ateak; "eta bizi naiz", eskuinekoak. Ondoeza egin zitzaidan, eta tarte bat egin nuen hantxe, hilerriaren atarian ahozpez etzanda, konorterik gabe. Ez zen, antza, tarte luzea izan, inork egoera kezkagarri hartan ikusi baino lehen itzuli bainintzen neure onera, harrituta, zer gertatu zitzaidan ezin ulerturik.

        Hilerrian sartu gabe berrekin nion bideari. Angiozarren geratu gabe, zuzenean egin nuen behera, Bergara aldera. Beste bide bat bazen arren, basoan zehar, nahiago izan nuen errepidetik jaitsi, bide zuzenaren bila duda-mudatan ibili beharrik ez izatearren. Espaloirik gabeko bideetan, oinezkoak diosala zor dio parean edo inguruan egokitzen zaion oinezkoari; gizalegeak hala agintzen du. Nik diosal egin nien ondoan egokitu zitzaizkidan ibiltari eta baserritar guztiei, eta baita neuri haiek ere, baina diosal bakoitzaren ondoren, nahiz eta diosala neure begiekin ikusi eta neure belarriekin entzun berria izan, ibiltariaren edo baserritarraren keinu jator hura nire irudimenaren iruzurra baino ez zelako goganbehar absurdua izaten nuen, ibiltariak edo baserritarrak benetan diosalik egin ez zidalako susmo deserosoa, ez hark nire aurka ezer zuelako, ikusi ere egin ez ninduelako baizik, haren mundutik eta haren pertzepziotik at nengoelako.

        Trafiko urriko errepidea zen Angiozartik Bergarara bitartekoa. Paraje ederren ikusmira eskaintzen zuen eta horretarako zurezko banku egokiak zeuden errepide ertzean txukun apailatuak, baina nik horretaz ohartu gabe egin nuen bidea, inguruko errealitatetik urruntzen ninduen lilura itsugarri batek bereganatua banindu bezala. Normalean horrelako xehetasunetan erreparatzea maite banuen ere, orduko hartan ez nintzen, haren ondotik pasatzearakoan, errepide ertzeko San Kristobal —belarriko minaren kontrako santua eta txoferren zaindaria— han zegoenik ohartu ere egin.

        Bergaratik Andoaina, etxera, autobusean itzuli nintzen, gero eta normalago sentituz, inguruko errealitatetik gero eta gertuago banengo bezala. Baina aurrerantzean, egun hartaz oroitzearekin batera beti izango nuen ondoez absurdu haren ondoren nire barrenean zerbait aldatu zelako irudipen zentzugabea, Angiozarko kanposantuaren atarian zerbait, ezin jakin zer, utzi izan nuelakoa.

 

 

Jaun Ahalguztidun errukiorrak eskuineko sakelan utzirik zion diru mordoskari esker arazo ekonomikorik ez zuenez, Bilboko pentsio batean ostatu hartu eta hantxe bizitzen geratu zen Lauaxeta, Bilbori, Euskal Herriari eta mundu osoari buruzko jakinmin erraldoi hura asetzera emana.

        Asko ikasi zuen oso denbora gutxian. Gernikan berpizturik azaldu zenetik bi hilabete pasatxo ziren nik ezagutu nuenean, eta ordurako aski laketua zegoen XX. mendearen hondarreko Euskal Herriko bizimodura. Ordurako bazekien dirua erabiltzen eta neurtzen, eta baita jendearen tratabidea bizi zen garaira egokitzen ere, gehiegizko kunplimenduak baztertuta. Bazekien nor ziren Salbatore Mitxelena, Iratzeder, Jon Mirande, Koldo Mitxelena, Piarres Larzabal, Yon Etxaide, Gabriel Aresti, Manex Erdozainzi-Etxart, Txillardegi, Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre eta beste asko, eta irakurriak zituen haietako batzuen hainbat idazlan. Arte plastikoen arloan ere asko ikasi zuen, katalogoak begiratuz batez ere: Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Jose Luis Zumeta, Bixente Ameztoi, Koldobika Jauregi... Horretaz gain, kultura arloko hainbat ekitalditan izan zen berpiztu ondorengo lehen bi hilabeteetan: bertso saio batzuk, antzerki zein zinema emanaldiak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu bat...

        Hasierako uste ustela baztertuz, 1936an hasitako gerra hura galdu egin zutela ere ikasi behar izan zuen, jakina, hamabi edo hamahiru aste haietan, eta berpiztu berritan ikusi zuen ertzain-autoa ez zela inondik ere bera hil ondoan bizirik geratutako burkideen garaipen heroiko baten ondorio. Gerra hura faxistek irabazi zutela ikasi behar izan zuen; Jose Antonio Agirre Euzko Jaurlaritzako lehendakaria erbesteko Euzko Jaurlaritzako lehendakaria baino ezin izan zela 1937ko abuztutik aurrera; etsaien burua, Francisco Franco caudilloa, ohean hil zela 1975ean, Euskal Herria eta euskara ahal izan zuen bezain zapalduta utzirik eta ondorengotzaren inguruko kontuak ahal izan zuen bezain estu loturik. Horrekin guztiarekin batera, garaiko abertzaleen zatiketaz jabetu zen, eta ETAri buruz ere asko eta interes biziz irakurri zuen.

        Baina ikasitako guztia ahalegin pertsonal handi bati esker ikasi zuen bi hilabete pasatxoko tarte hartan, inoren laguntzarik gabe, liburutegi eta hemeroteketan begiak erretzeraino lan eginez. Autodidakta izatea egokitu zitzaion, eta ez berak hala nahi izan zuelako, beste erremediorik izan ez zuelako baizik. Jendeak Lauaxeta ikusi eta entzun egiten zuen, Lauaxetak egunkaria eros eta irakur zezakeen, irratia entzun, telebista ikusi, zinemara joan, jan eta edan ere egiten zuen, ondoriozko hondakinak gerripetik hustu, lo eta amets edonork bezala, trenean edo autobusean ibili... Baina guztiz ezindua zegoen harreman pertsonaletarako.

        Bere burua jendaurrean aurkezteko prest zegoela erabaki ondoren hasi zen horretaz jabetzen. Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzara jotzea izan zuen lehen urratsa. Euskararen eta Euzkadiren alde ahal zuena egiteko prest zegoen, eta zer egin zezakeen argitzen hasteko modurik egokiena bere burua Euskaltzaindiari eskaintzea izango zelakoan jo zuen hara.

        — Egun on, jauna —adierazi zion sarrerako harrera-gelan aurkitu zuen idazkariari.

        Idazkariak, ordea, ez zion jaramonik ere egin. Alegia deus ez, bere mahaitxoan zeuzkan paperekin jarraitu zuen lanean.

        — Parkatu, jauna —ekin zion berriro Lauaxetak, eztul pare baten ondoren—. Estepan Urkiaga naz.

        Gizonak burua paperetara makurturik zuela jarraitzen zuen.

        — Ni Lauaxeta naz, jauna, gudan fusilatu eben olerkaria...

        Alferrik ari zela ikusirik, idazkariari ezer esan gabe barrura jotzea erabaki zuen. Hainbat euskaltzain aurkitu zuen barruko gela batean bildurik. Egunkarietako argazkietatik ezagunak zitzaizkion haietako batzuen aurpegiak.

        — Egun on, jaun-andreok. Parkatu beharko deustazue zuen bilera etetea baina...

        Haiek ere, ordea, idazkariak bezala, ez zuten ez ikusten ez entzuten Lauaxeta.

        — Lauaxeta olerkaria naz! —egin zuen deiadar—. Berpiztu egin naz, jaun-andreok! Eta euskararen alde egin beharreko guztia egiteko gertu nozue, neure hatsaren eta ahalaren azkeneko hondarreraino, aurreko bizian izan nintzan legez! Gora Euzkadi!

        Alferrik. Berean jarraitzen zuten euskaltzainek, olerkaria aintzat hartu gabe. Egunkarietako argazkien bidez ondo ezagutzen zuenez, eta bazekienez gizon huraxe zela euskaltzainen burua, Jean Haritxelharren sorbalda ukitzera ausartu zen, baina Lauaxetaren eskuak Haritxelharren gorputza ukitu gabe zeharkatu zuen, aurreko paretatik proiektatutako irudi bat baino ez balitz bezala. Eta eskua bakarrik ez, Lauaxetaren gorputz osoa zen berak baino ezin ikusi zuen irudi huts bat, espiritu hutsal bat, gela hartan. Euskaltzainik zein altzaririk ukitu gabe pasatu zen gelaren alde batetik bestera eta, izututa, lasterka abiatu zen kanpora. Sartzen ikusi ez zuen bezala, irteten ere ez zuen ikusi Lauaxeta harrera-gelako idazkariak. Jada Lauaxeta kanpoan zela, haize-boladatxo bat sentiturik, burua altxatu eta kanpoko atea ixten ari zela ikusi zuen. Ate inguruan inor ez zegoenez, bere paperetara bildu zen berriro berehala, kezkarik gabe.

        Euskaltzaindiaren egoitzaren atarian, lasterka jarraitu zuen Lauaxetak plazako arkupean zehar, harik eta elkarri helduta eta musuka zetorren neska-mutil bikote gazte batekin behaztopa egin zuen arte.

        — Parkatu, gazteok! —esan zuen Lauaxetak, arnasestuka—. Eskerrik asko. Eskerrik asko. Bizirik nagok, alajainkoa! A zer sustoa!

        Harriduraz begiratu zioten neska-mutikoek, eta ezer esan gabe beren bidean aurrera jarraitu zuten.

        Euskaltzaindiko kideekin ez ezik, beste idazle eta intelektual batzuekin ere egin zuen Lauaxetak bere burua aurkeztu eta harremanetan jartzeko ahalegina. Jon Kortazar idazle, irakasle eta kritikariarengana jo nahi izan zuen lehenik, huraxe zelako Lauaxetaz ugarien eta sakonen idatzitako pertsona. Telefonoz deitzen zionean, ordea, Kortazarrek telefonoa hartu bai, baina ez zuen entzuten Lauaxetaren ahotsik. Kortazarren etxera ere joan zen Lauaxeta, Mungiara, bere haurtzaroaren lekuko izandako herrira hain zuzen ere, baina Kortazarrek, atea zabaldu zuen arren, ez zuen ate ondoan ikusi ere egin. Beldur handiz luzatu zuen eskua orduan Lauaxetak Kortazarrengana, baina, Euskaltzaindiko egoitzan bezala, han ere espiritu hutsal bihurtua zela jabetu zen, aurrean zuen gizonarentzat ikusezin, entzunezin, ukiezin, atzemanezin guztiz. Orobat gertatu zitzaion Egunkaria-ko erreportajean idazten zuten beste bi idazleekin ere, Koldo Izagirre eta Edorta Jimenezekin, eta baita erreportaje hartan elkarrizketatzen zuten kantari lauaxetazalearekin ere, Antton Valverderekin.

        Bizirik zen artean Lauaxetaren arreba eta baita haren hainbat ahaide, adiskide eta burkide ere, pertsona aski ezagunak horien artean: Augustin Zubikarai, Basarri, Polixene Trabudua, Sorne Unzueta Utarsus, Gonzalo Nardiz, Elias Etxeberria... Haietako batzuei bisita egiteko aukera aztertu zuen Lauaxetak, baina haiek ere ez zutela seguru askorik ez ikusiko eta ez entzungo pentsatu zuen; eta ikusi, entzun eta ezagutuko balute ere, halako agerpen fantasmagoriko bat senide, ahaide, adiskide eta burkide zaharren osasunerako kaltegarri izan zitekeela, laurogei urtetik gora baitzuten guztiek ere. Ez zitzaizkion, gainera, andre eta gizon haiek iruditzen garai berriko Euskal Herria ezagutzeko izan zitzakeen lagunik egokienak. Garaiko norbait nahi zuen ondoan Lauaxetak.

        Horrenbestez, asko ikasi arren, jendearen aurrean piztia arraro baten gisa agertu gabe bizitzeko gauza izatera heltzeko lain bai behintzat, galdua sentitzen zen Lauaxeta, bakarrik, deserroturik, abandonaturik, arrotz Euzkadi edo Euskal Herri berri, bizi eta interesgarri hartan. Lagunak behar zituen, konfiantzako gidari bat zen haren amets handia.

        Huts egindako aukerek ez zioten, nolanahi ere, erabat etsiarazi. Azken aukera baten esperantza gordetzen zuen artean.

 

 

Ahalegin etsigarri haien guztien ondotik, eguarte batez joan zen Lauaxeta, 1997ko iraileko bigarren astean, Andoaina, Egunkaria-ko erredakzio nagusira, nahiko goiz, hamarrak irian.

        Ordu horretan kazetari gutxi izan ohi zen erredakzioan, eta neu ere kasualitatez suertatu nintzen han. Bere lan guztietan etsipenetik abiatzen zen abangoardiako artista plastiko multidiziplinar bati egindako elkarrizketa transkribatu behar nuen egun hartan, eta goi mailako solasaldi hark emango zizkidan buruhausteen beldur joan nintzen horren goiz lanera, aurrez aurre izan nuenean ez bainion piperrik ere ulertu gizon distiratsu hari.

        — Julen, zurekin hitz egin nahi duen gizon bat dago hemen —eman zidan enkargua, sarreratik, telefonistak—. Ba al duzu etortzerik une bat?

        — Nirekin hitz egin? Orain? Ez dakit... Nor da ba?

        — Estepan Urkiaga.

        — Estepan Urkiaga? Hara, a zer izena! Lauaxeta izango da —esan nuen irriz.

        — Ez dakit —erantzun zidan telefonistak, nire txantxaz jabetu gabe—. Zer esango diot?

        — Tira, joango naiz horra. Esaiozu itxoiteko pixka batean.

        Harrera-gelako aulkietako batean eserita aurkitu nuen. "Lauaxetaren antza dik benetan", esan nion neure buruari: 30 urte inguruko gazte lerden bat, pipiolo itxura erabatekoa behetik hasita goraino. Aurpegi mehe eta garbia, betaurreko biribilak, ile laburra atzeraka orraztua, arropak ere dotoreak oso, gorbata eta guzti, baina aspaldiko moldekoak... Bazkalorduan, lankideekin batera, delako Estepan Urkiaga haren kontura barre pixka bat egiteko moduan izango nintzela etorri zitzaidan burura.

        — Lamarain'tar Ju... Parkatu... Julen Lamarain jauna? —galdetu zidan zutitu eta bostekoa ematen zidan bitartean. Gogor estutu zidan eskua, eta elkarrekin lotutako esku biei begira geratu zen lipar batez, irri bitxi bat ahoan.

        — Bai, neu naiz.

        — Ni Lauaxeta naz —esan zidan, nahiko isil, nitaz gain beste inork entzuteko beldurrez balitz bezala—. Olerkaria. Eta baita kazetaria be, zeu legez. Ezagutzen nozu. Zuk nitaz idatzi dozu. Kontua da... berpiztu egin nazela...

        — Berpiztu?

        — Bai, ez dakit nola, ez dakit noz arte, ez dakit zertarako, baina orain bizien artean nago barriro. Saiatu naz nitaz idatzi daben beste gizon argi batzuekaz berba egiten baina ez nabe ikusten, ez nabe aditzen, ez nabe sentitzen. Zuk ikusi egiten nozu, eta bostekoa emon deustazu, ez da halan? Hori gauza handia da! Eta badakizu nor nazen, zuk nitaz idatzi dozu, erreportaje zabala egin zenduan nire fusilamenduaren 60. urteurrenean, eta pentsatu dot...

        — Polikiago, jauna, polikiago! Eser zaitez, mesedez. Zer demontre pentsatu duzu?

        Eseri egin ginen biok. Bai, benetan barre ederrak egin behar nituen lankideekin bazkalorduan. Baina... orain zer? Orain zer arraio egin behar nuen aurrean nuen zoro harekin?

        — Hara, zuk gertutik ezagutzen dozu euskal kulturaren mundua, eta zure ondoan gauza asko ikas neikez... Laguntzaile bat behar dot, gidari bat...

        — Tira, tira, nahikoa da! —eten nion jarduna, hura gehiegizkoa zela iritzita—. Ez daukat honelako adar-jotzeetarako astirik. Oso ondo egiten duzu Lauaxetarena, eta antza ere handia duzu, egia osoa esan behar bada, baina nahikoa da. Ados?

        — Itxidazu eskerrak emoten gitxienez.

        — Eskerrak? Zer dela-eta?

        — Neuri buruz atondu zenduan erreportajeagaitik. Bikaina zan. Hunkitu egin ninduan.

        — Tira, tira... Besteren iritziak jaso besterik ez nuen egin nik, idazleenak eta Antton Valverderenak. Ezer interesgarririk bazen, haiek zuten meritua.

        — Baina ardura zeurea zan azken baten, ez da halan? Eskerrik asko, benetan.

        — Ez horregatik.

        — Aizu, eta... larregizko ausardia ez bada: zer iritzi dozu zuk zeuk Lauaxetaz? —galdetu zidan, serio, interes handiz.

        — Nik? Lauaxetaz? Tira, nik, egia esan, aukeran, ez zaitez haserretu baina Lizardi nahiago dut, errazago sartzen zait, bai, samurragoa zait, gertukoagoa, beharbada neu ere giputza naizelako, ez dakit... Baina Lauaxeta ere estimatzen dut. Ausarta zen, berrizalea... Eta sutsua, epikoa batzuetan, eta sekulako zirrara eragiten dute haren poema batzuek, batez ere gero nola hil zen aintzat hartuz gero... "Jauna, eriotz au arren emostazu, / koldarrentzat itxi larrosen usaña..."

        — Poza emoten deust hori aditzeak, jauna... —esan zuen, irri herabe batez—. Ez zenduke Lauaxetaren adiskide izan gura? Horra nire eskaintza.

        — Zer da hau baina? —haserretu nintzen berriro, ordura arte egon nintzeneko hodeitik bat-batean erorita bezala—. Telebistako broma horietako bat? —Zutitu eta ingurura begira hasi nintzen—. Kamera ezkutu bat al dago hemen?

        — Ondo da, ondo da... —etsi zuen Lauaxetak, eta zutitu egin zen bera ere—. Banoa. Agur, jauna. Parkatu, parkatu. Mila esker eta barriro ikusi arte.

        Bostekoa eman zidan berriz ere, aterantz jo aurretik. Gogor estutu zidan eskua oraingoan ere, eta lehengo irri bitxi bera egin zuen esku lotuei begira.

        — Atsegin handia izan da zu ezagutzea —esan zidan ate ondotik—. Benetan. Uste dot gizon handia zarela. Badodaz motiboak hori pentsetako eta esateko. Sinetsidazu. Azkenik, gauza bat eskatu gura deutsut, mesedez: ez eiozu inori esan hemen izan nazenik.

        Erredakziora itzuli eta bere lan guztietan etsipenetik abiatzen zen artista plastiko arranditsuaren esaldi labirintikoak transkribatzeari berrekin nion. Itzuli ere egin behar nituen, erdalduna baitzen euskal artearen printze gaindiezin hura. Banekien zentzugabea zela, erridikulua guztiz, baina Lauaxetarekin egoteko gogoa sentitu nuen. Zama bat nuen kontzientzian Estepan Urkiaga misteriotsu hari bere asmoak osorik azaldu gabe joaten utzi niolako, berriro harekin kontaktatu ahal izateko biderik zabaldu gabe gainera. Bazkalorduan ez nien bisita haraz deus ere aipatu lankideei.