Sakoneta
Sakoneta
1994, ipuinak
172 orrialde
84-86766-54-0
azala: Ursula Olaskoaga
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
 

 

Sakoneta

 

Egunero-egunero, aste eta jai, 10.15ak inguruan iristen da Zumaiara Donostian 9.30etan irtendako trena. Tren horretantxe iritsi nintzen ni gaur zortzi Gipuzkoako itsasertzeko herririk politenetakoa den horretara. Ez nintzen asko entretenitu bertan hala ere, nire asmoa Debaraino oinez joatea baitzen, Sakonetako hondartzetatik pasatuta. Zumaiara joanez gero derrigorrezkoa izaten den arren, gaur zortziko ibilaldi horretan ez nuen kaia bisitatu, ezta hondartzak ere. Tren geltokitik herri barrura doan kalea ibili eta herri barruan sartu orduko, Gurutze Gorriko postuaren ondotik gora, Zaskate baserrirantz eta San Pedro bailararantz abiatzen den bidea hartu nuen. Arritokietako elizatxoaren eta Zumaiako hilerriaren ondotik pasatu eta, aurreraxeago, behera begira geratu nintzen une batez. Ederki ikusten zen Zumaia, oso-osorik. Urri amaierako goiz gris hartan huts-hutsik zeuden Mariantoneko talaiak eta Urola amaitzen deneko itsasahoak bereizten dituzten Itzurun eta Santiagoko hondartzak. Izuztarriko tunelean, aitzitik, autoak eta kamioiak etengabe sartzen eta irteten ziren, sartzen zirenak Getaria eta Zarautzerako bidean, handik etorki Zumaiara iristen irteten ikusten nituenak.

        Oroimina datorkit gaur zortziko ibilaldi horretaz pentsatzean. Ederra da hor zehar lasai-lasai ibiltzeko aukera, konpromezu zehatzik gabe, betebehar derrigorrezkorik gabe. Oinez Debaraino iristea beste lanik ez nuen, eta eginbehar hori bera ere ez zen erabat derrigorrezkoa. Denbora aldetik, berriz, egun osoa nuen, egun osoa zen neurea. Alegia, ilundu baino lehen iristea aski zen, eta zazpitik gora ziren aurrean nituen orduak, neure-neureak, erabat libre edozertarako. Astebete baino ez da igaro eta sekulako oroimin samurra sentitzen dut, lanetik eta eguneroko betebeharretatik libre hartu nuen egun hartaz pentsatzean. Urrun geratzen zait —iristezina iruditzen zaidalako beharbada— askatasun une labur baina gozo hura, azken urteotan neure-neure sentitu dudan tarte bakarra apika, ondo pentsatzen hasiz gero. Elkarren aurkako konkurrentzia ero honetan ez dugu arnasa hartzeko astirik. Atseden une guztiek ere aldez aurretik finkatua dute dagokien betebeharra, bakoitzari ondoen egokitzen zaion konpromezua. Eguneroko lana ez denean, etxeko konponketak izango dira, edota Frantziako Landesetan erosi eta alokairuan utzita dugun etxearen paper eta gorabeherak. Auto nazkagarri horrek ere baditu bere lanak, eta familiak ere eskatzen ditu bere konpromezuak. Eta familia ez denean, laneko lagunak, lanekoak ez direnean koadrilako adiskide zaharrak... Edozein itotzeko moduko bizimodua da hau. Beste aukera itxurazkorik —onargarririk— ez dagoela eta aurrera jarraitzen dugu, denetara iritsi nahian, denekin kunplitu nahian.

        Zumaiari begira geratu nintzen tokitik pixka bat gorago igo ondoren, errepidearen bihurgune baten parean, asfaltoa ezkerretara utzi eta mendi bide bati lotu nintzaion. Mendi bidean aurrera eginda, pausaldi laburra egin nuen belar berde freskoz jantzitako muino batean. Urrunean, Adarra ikus zitekeen handik; gertuago, Pagoeta, eta ia-ia eskura Indamendi; laino artean ezkutatua zegoen Ernio tantaia; Sañu apenas antzeman ere egiten zen, tontor nabarmenik ere ez du eta; Arauntzak Azpeitira jaisten den amildegiaren hasiera markatzen zuen; Azpeitia, ordea, Erlok estaltzen zuen; Agiro eta Sesiarte bi titi ezberdinez osatutako bular misteriotsua ziren, ez eder baina bai erakargarri; Andutzen handitasuna ia-ia bertatik bertara senti zitekeen; urrunago ageri zen Otarreko antena; Zestoa gaineko mendi apalak ere ikusten ziren: Endoia Izarraitzen aurretik eta Ertziña Santa Engraziako tontor txiki eta urruna baino lehenago. Errepasoa egin eta, bai, mendi horiek guztiak ditut inoiz zapalduak, eta baita han urrunean ikusten nuen mendi galdu hura ere, nire kalkuluen arabera Urnobitza izan zitekeena... Baina noiz? Karrera ero honi ekin aurretik, noski, Maiterekin ezkondu aurretik, Aitor eta Arantxa jaio aurretik, Euskopublik-en lanean hasi aurretik... Artean bizitza zer zen ere ez nekienean, alegia. (Eta orain ba ote dakit? Zer da orain dakidana?) Bestaldera begiratuta, itsasoa ikusten zen. Dardara, hotzikara eta negargura sentiarazi zidan itsasoari begiratzeak. Bake eta armonia haiek erabat arrotzak zitzaizkidan. Egun hartan bai, banuen bake hura neure egiteko eskubidea, baina egun bakarra nuen horretarako, gaur zortziko egun berezi eta seinalatu hura, apika, azken finean, orain pentsatzen hasi naizenez, mesede baino kalte handiagoa egin zidan egun libre bakar, mehar eta ihar hura besterik ez.

        Elorriagara iritsi nintzen laster, oinez ordubete egin baino lehen, 11.30ak inguruan. Han bai, han egona nintzen duela gutxi ere, bi edo hiru hilabete baino ez, baina Maite, Aitor eta Arantxarekin, eta jendez inguratuta, gurearen antzeko familiaz inguratuta batipat. Autoz joan ginen abuztuko igande eguzkitsu batean, eta itsasoari begira dauden egurrezko mahai ugarietako baten inguruan bazkaldu genuen. Bai, egun ederra izan zen hura ere, baina ez, ez dit gaur zortziko bakardadeak adinako oroiminik sentiarazten familia giroko igande argitsu hark. Ez naiz sentimendurik gabeko gizon egoista eta gaiztoa. Nik maite dut familia, Maiteren beharra dut, eta baita umeena ere, euren aita bainaiz eta horrek hitzez ezin azaldu dudan ilusioa sortzen baitu nire bihotzean. Igande argi hartako alaitasun jendetsua baino nahiago nik, hala ere, gaur zortziko ostegun gris bakartia. Libre zeuden mahai guztiak, eta itsasoari begira jezarri nintzen haietako batean. Elorriaga ez da Elorriaga jendez gainezka dagoenean. Elorriaga ezagutzeko, astegun gris batean joan behar da hara, bakarrik ahal baldin bada, auzunea eta itsasertzeko parajeak norberarenak direla sentitzeko, tarte labur batez baino ez bada ere.

        Elorriagako mahai baten aurrean eserita nengoela, helikoptero bat ikusi nuen zeruan. Helikopterokoek bista ederra izango zutela pentsatu nuen neure artean, beharbada han goiko panoramikaz baliatuta argazkiak ateratzen ariko zirela, iragarkiren bat ilustratzeko, postalak egiteko edota auskalo zertarako. Baina ez, Ertzaintzaren txaplata zuen aparailu txuri hark hegaletan itsatsia; beraz, argazkiak ateratzen ari baziren, ez ziren ezeren publizitatea ilustratzeko izango, are gutxiago postalak egiteko. Ni ere ikusiko ninduten han goian zebiltzan ertzainek, zelai zabal hartan nirea ez beste mahai guztiak hutsik baitzeuden. Niri kasu handirik egin gabe, mendebalderantz jo zuen, ordea, helikopteroak, Sakoneta eta Itxaspe aldera. Nahiko luze jarraitu zuen miaketan, batetik bestera, begi bistatik erabat galdu baino lehen.

        Elorriagatik Itziarko geltoki zaharreraino inoiz joan gabea nintzen joan den ostegunera arte. Ez da oso bide ederra. Pagoetagañe mendia inguratuz, lokatzez betetako bidezidorrak pasatu nituen, pinu arte ilunean. Tarte hori ezin da itsasertzetik egin, edota, tira, egin badaiteke nik behintzat ez nuen asmatu. Oso politak izan ez arren, bidearen zati horiek ere oroimin tristez eta penaz oroitzen ditut gaur. Artean egunaren jabe nintzen, eta ez egunarena bakarrik, erabateko askatasunaren jabe, aukera guztien jabe nintzelako irudipen tristea dut. Tristea, batez ere, eguna ezezik askatasuna eta aukerak ere galdu egin nituelako, alferrik galdu. Hori da behintzat neure barruan sentitzen dudana.

        Bide tarte narrats samar hura pasatu ondoren, itsumustuan, Itziarko geltoki abandonatua begi aurrean agertu zitzaidanean, hunkitu egin nintzen. Edifizio zahar abandonatu hark ez du geltokia ematen bere aurreko muinotik ikusita. Aldez aurretik ez dakienak nekez pentsa dezake han aurretik trena pasatzen denik ere. Baina bai, egunero-egunero pasatzen da oraindik, 18 bider astegunetan, 12 larunbat, igande eta jai egunetan. Oraindik ez da denbora gehiegi ere trena geltoki horretan egunero gelditzen zenetik; orain asteburuetako trenak baino ez dira gelditzen paraje bakarti horretan. Oso geltoki bitxia da, Itziarko herritik hain urrun, eta inguruan asfaltatutako errepiderik batere gabe, geltoki galdua, Zumaia eta Zarautz artean dagoen Oikiakoa bezalaxe, baina hura baino are misteriotsu eta liluragarriagoa beharbada, besteak beste handiagoa ere badelako, baina batez ere, nik uste, toki ilun, itxi eta ezkutuagoan dagoelako.

        Sakonetako hiru hondartzetara —Sakoneta, Mendata eta Itxaspe hurrenez hurren, ekialdetik mendebaldera— doan bideskaren abiapuntuan dagoen Errotaberri baserri zaharreko taberna berritura jaitsi ondoren, geltokiraino igotzea erabaki nuen. Berez nire ibilbidea handik pasatzen ez bazen ere, edifizio abandonatu hura bertatik ikusteko gogoa izan nuen. Azken finean, bost edo hamar minutu baino ez nituen galduko, eta presarik ez nuen. Bilbotik Donostiarainoko trenbidearen 72. kilometroan dago kokatua gaur egun dagoeneko ez Itziarko eta ez geltoki den Itziarko geltoki zaharra, hantxe bertan ikus daitekeen zutoinak markatzen duenez. Beraz, 6,5 kilometro daude handik Zumaiaraino, eta 35,7 trenbideak Donostian duen azken jomugaraino. Garai batean izandako kategoria galdurik, 107,7 kilometro dituen trenbidean puntu ahaztu bat gehiago da, besterik gabe, garai batean geltoki izan zena.

        Geltoki abandonatuen tristurarekin nahikoa gozaturik nintzela iritzita, Errotaberri jatetxearen atarira itzuli eta handik Sakonetako hondartzetako bidera jo nuen ondoren. Sakonetako hondartzetan nudistak izaten direla entzuna dut, eta agian —nahiz eta eguna hotz eta gris samarra izan— halako eroren bat aurkituko ote nueneko itxaropena izan nuen bidean. Irudimenak emakume ederra prestatu zidan, bakar-bakarrik eta larrugorritan. Ni ikustean ez zen ezkutatuko, nire aurrera etorriko zen, nire begiradarekiko lotsarik gabe hitz egingo zidan, adiskidetu egingo ginen... Maiteri ere beti esaten diot gizonak benetan zikin eta nazkagarriak garela horrelako kontuetan hasten garenean. Demonio lizun bat gordetzen dugu barruan, eta alferrik da kontzientziaz eta asmoz demonio horren aurka jokatzea, errai-erraietan baititu sustraiak izaki nazkagarri horrek. Normala denez, Sakonetako hondartzan ez nuen inor aurkitu, baina irudimenaren sormenak dagoeneko berotua zuen nire gogoak aurkitu zuen, hala ere, zer begiratu eta bere grinaren garra zerekin bizitu. Udatiarrek harri eta egurrez egindako aterbe batean utzirik, aldizkari erotiko batzuk aurkitu nituen. Titi handiak eskuekin eutsi eta keinu lizunez ikusleari eskaintzen zizkion neska batek; beste batek kuleroak nola eranzten zituen erakusten zuen argazki sorta batek; koloretako erreportaia batek hamalau neska bildu zituen orgia lesbiko baten berri ematen zuen... Bakardade hartan galdua, irudi haiek guztiak are kilikagarri eta tentagarriagoak ziren. Eskua galtza barnean sartu nuen, baina hala ere handik lehenbailehen aldegiteko lain indar biltzeko gauza izan nintzen behintzat, noiznahi ibiltari edo baserritarren bat etor zitekeelako beldurrak bultzatua batipat. Ondo pentsatuta, errazagoa izango zen horrelakoren bat azaltzea, nire irudimenak landutako neskatxa liraina larrugorritan ikusi ahal izatea baino.

        Itziarko geltoki zaharretik Debaraino 4,6 kilometro baino ez ditu trenbideak, aldaparik gabeak gainera. Trenbideko tuneletatik iragaten ausartzen ez den ibiltariak, aldiz, askoz ere ibilaldi luze eta aldapatsuagoa egin beharko du, neuk gaur zortzi egin behar izan nuen bezalaxe. Beste aukera bat ere bada: itsasertzetik joatea, hondartzaz hondartza, Sakonetatik Mendatakora eta Mendatakotik Itxaspekora pasatuz, baina egun hartan mareak ez zuen horretarako aukerarik ematen, eta ez zen hori, gainera, nire asmoa. Sakonetako lehen hondartzatik hegoaldera jo nuen, Sakoneta baserriaren aurretik pasatu eta trenbidearekin topo egin arte. 71,4 markatzen zuen hango zutoinak. Pare-parean egokitu zitzaidan trena. Eibarren 13.00etan irten eta Donostiara 14.28etan iritsi behar zuen trena zen hura, ordutegiari begiratuta jakin eta egiaztatu ahal izan nuenez. Tunelean sartzen ikusi nuen. 600 metro aurrerago, tuneletik irten eta Itziarko geltoki zaharraren aurretik pasatuko zen, dagoeneko ez Itziarko eta ez geltoki den 72. kilometro triste hartatik, hobeto esanda. Trenbidearen 71,4. kilometrotik 71,1.eraino iristeko ere tunela dago, baina oinezkoak tunel gaineko tontorra igo eta jaitsi behar du. Gauza bera egin behar da 71,1. kilometrotik 70,9.eraino iristeko. Baina merezi du, guztiz paraje irreal eta liluragarria aurkitzen baitu ibiltariak tarte hauetan, 70,9. kilometroaren ingurura iristen denean batipat. Han, trenbideak 200 metro egiten ditu aire zabalean, harik eta 70,7. kilometroan berriro ere tunel batek irensten duen arte. Eskuinaldean, berriz, itsaso aurreko amildegian amaitzen diren muino aldapatsuak ikusten dira. Zibilizazio arrasto orotik urruti sentitzen da bat paraje haietan, eta trenbideak eta trenak ez dute hausten armonia basati hori, trena txukun, zintzo, isil eta apala delako. Ordutegia begiratu eta Donostiatik Bilborainoko bidea egiten duen Bidexpressa laster pasatuko zela ikusirik, zorrotik otartekoa atera eta bertan bazkaltzea erabaki nuen, ordua ere bazen eta: 14.00ak jota.

        Tunel batetik irten eta beste tunel batean sartu arteko bidea egiten ikusi nuen Bidexpressa, 200 metro inguruko tartea. Nire parean pasatu zenean, makinistaren ondoan bi ertzain zihoazela ikusi nuen. Atzeko bagoi batean, berriz, beste bi ertzain leihotik alde batera eta bestera begira, auskalo zeren bila. Bazegoen misterioren bat egun hartan Zumaiatik Debarainoko itsasertz inguru hartan. Elorriagan ertzainen helikopteroa eta gero ertzainak trenean, zerbait galdurik izango zitzaien haiei ere...!

        Bazkaldu ondoren, Sakonetako bigarren eta hirugarren hondartzak —Mendata ekialdean eta Itxaspe mendebaldean— bereizten dituen Aitzuriko muinora igo nintzen. Toki harrigarria da hura ere. Han goitik ederki ikus nezakeen Zumaian abiatu nintzenetik egindako bidea. Eskuinera —ekialdera— begira, Mendatako hondartza ikusten nuen, eta ondoren Zumaiarainoko itsasertza; bestaldera —mendebaldera— begiratuta, berriz, Sakonetako hirugarren hondartza —Itxaspe—, eta trenbidea Debarako bidean, zuzen-zuzen. Bidexpressa ez nuen ikusi; Debara iritsia ere izango zen ordurako. Itxaspeko kanpalekua eta Itziar ere aise ezagutu nituen hego-mendebaldera begira. Aurrean, berriz, mugarik gabe, itsasoa. Zumaia eta Deba artean nengoen, arte oker baten ondoan. Zibilizazio arrasto orotik urrun, konpromezurik gabe, Aitzuriko puntan galduta. Ezer ez izatearen bakea senti nezakeen han, orain askatasun eta aukera galduek sentiarazten didaten oroimin garratzez baino ezin gogoratu dudan zirrara lasaigarria, berriro noiz bizi ahal izango dudan ez dakidana.

        Aitzuriko muinotik Sakonetako hirugarren hondartzara jaitsi nintzen, 70,3. kilometroan trenaren bide azpitik pasatzen den tunela zeharkatu ondoren. Trenbidearen azpitik ezezik, trenaren azpitik ere pasatu nintzen, Donostian 13.57etan irten eta Bilbora 17.05etan iritsi behar zuen trena pare-parean iragan baitzen, neu tunel hura zeharkatzen ari nintzen une berean. Gustatu egin zitzaidan kasualitatea. Esan bezala, trena txukun, zintzo, isil eta apala da, eta ez du Sakoneta inguruko paraje galdu eta misteriotsuetako armonia eta lasaitasuna hausten. Aitzitik, misterioa areagotu egiten du trenak, armonia aberastu eta lasaitasunari babesa eman bere ziurtasunez. Paraje horiek berez duten irrealtasun liluragarriari kutsu surrealista neurtua ematen die trenak, nahi gabe, oharkabean.

        Sakonetako hirugarrena den Itxaspeko hondartzan gogor harrotzen ziren Bizkaiko Itsasoaren olatu apartsu eta biziak, kirri-karra soinu egiten zuten hartxintxarrak aurrera eta atzera karreatuz beren etengabeko mugimendu beti geldo baina beti indartsuan. Hondartzan, berriz, era guztietako poteak, baloiak, globoak, buiak, neumatikoak, panpin hautsien beso, hanka, buru edo bestelako zatiak, jostailuzko kamioi eta autoak... Ez ninduen, ordea, batere harritu horrek. Zabor hark ere ez zuen nire sentimendu armonikoa hautsi. Ez dakit agintaria izango banintz zer jarrera izango nukeen, baina ibiltari naizen —edo izan naizen— aldetik, inguru naturaletako zabortegiak ametitzen eta disfrutatzen ohituta nago aspaldidanik. Gustatu ere gustatzen zait zakarren artean begiratu eta arakatzea, inoiz agertzen ez den aurkikuntza harrigarri baten esperantza hutsaletan.

        Gaur zortzi agertu egin zen ordea, alajaina! Ikurrin batean bilduta, hamar mila pezetako bilete mordo handi bat! Ikara batek astindu ninduen. Inguruetara begiratu nuen, beldurrez. Ez zen inor ageri. Gora ere begiratu nuen, aurrez aurre nuen Aitzuriko muinora, minutu batzuk lehenxeago nire oin azpian egona zen muinora. Ez zirudien han ere inor zegoenik. Bizitza osoan lan gehiago egin beharrik ez izateko lain diru egon zitekeen han. Zaila da horrelako bilete mordoa ikusita kalkulatzea. Are zailagoa, berriz, egoera hartan zer egin erabakitzea. Dirua zorroan sartu eta lehenbailehen etxeratu? Ezer ikusi ez banu bezala jarraitu aurrera? Ertzainei abisua eman? Ertzainek eskertuko zuten abisua, inguru haietan zerbait bazelako susmoa hartua bazuten eta behintzat.

        Ez nintzen dirua hartzen ausartu. Dirua etxeratu banu, agian ez nuen jada lanera berriz joan beharrik izango. Agian egunero-egunero izango nuen gaur zortzikoa bezalako mendi bueltak egiteko aukera, egunero-egunero izango nuen neure burua aurkitzen saiatzeko askatasuna, orain ia-ia inoiz izaten ez dudana, alegia. Baina edozein tokitan egon zitekeen diru mordo haren jabea edo begiralea, esku dardartian pistola eduki zezakeen, ni bertan hiltzeko prest. Orain eta hemendik begiratuta, ergel samarrak dirudite beldur horiek, baina han bertatik beste era batera ikusten eta sentitzen ziren gauzak. Dardarka nengoen, izututa.

        Trenbidera jo nuen, korrika egin gabe baina azkar samar. 70,3. kilometroan —lehen azpitik pasatutako tunelaren parean— trenbidera igo nintzen, eta trenbidean aurrera jarraitu nuen, Deba alderantz. 70,2 eta 70,1. kilometroen arteko tartean, 20 metro eskaseko tunel laburra pasatu behar izan nuen, korrika azkar batean, arriskurik gabe baina ikaratan hala ere. Trena etorriko ote zeneko beldurra baino areago, ikararen gaineko ikara hutsala zen sentitzen nuena, motibo zehatzik gabeko izu basati eta kontrolaezina. Tunel laburra zeharkatu ondoren, gelditu eta neure burua lasaitzen ahalegindu nintzen. Horretan ari nintzela, tren baten txistua entzun nuen. Beste Bidexpress bat, orain Debatik Zumaiarako bidean. Makinistarekin batera, ertzainak zetozen hemen ere. Burutik pasatu egin zitzaidan, baina ez nuen trena geldiarazi. Egokiena ezer ikusi ez banu bezala jarraitzea zela pentsatu nuen. Ez nuen endredorik nahi. Nolanahi ere, egia esan, ez nuen erabat ahazturik dirua eta nola edo hala neurea izan zitekeelako itxaropen ezkutua banuen artean ere, orain gogoratzen dudanez. Diru errazaren erotismoa.

        Aurrera jarraitu nuen, beldur handirik gabe jadanik, lasaiago, seguruago. Dena ahaztu egin behar nuela pentsatu nuen, eta nire mendi buelta lasai jarraitu, neure buruarekin solasean, kezka edo buruhausterik gabe. Alferrik zen ordea. Deba gertu zegoen, mendi bueltaren parterik onena egina nuen eta ezinezkoa zitzaidan neure buruarekiko solas galduan berriro kontzentratzea. Trenbidean aurrera 69,6. kilometroraino iritsi nintzen. Trenbidea alde batera utzi beharra nuen han berriro, 69,6. kilometroaren pare horretan tunel luzea hasten baita. Tunelaren parera iritsi baino lehen auto urdin bat ikusi nuen, Dyane-6 bat, trenbide ondoan nahiko era bitxian aparkatua, errailetatik gertu samar baitzegoen, trenbidearekiko perpendikular antzean baina ez erabat zuzen, pixka bat trabeska baizik. Hurbildu ahala txoferra auto barruan zegoela ikusi nuen. Bertaraino ailegatu nintzenean harrigarria iruditu zitzaidan txoferrak bere eserlekuan zuen jarrera: burua aldameneko leihatilaren kontra etzanda, lo zegoen; koadrozko alkondara txuri-beltzez jantzitako gazte ile kizkur bizarduna, argal samarra. Berari begira geratu nintzen baina ez zen esnatu.

        69,6. kilometroan, Itxaspe auzunera doan bidea hartu nuen. Trenbidearen eskuinaldean hasi eta Itxaspeko kanpalekuraino doa bide hori, trenbide gainetik pasatu ondoren. Itxaspera iritsi baino lehen, bidegurutze bat hartu eta trenbidera jaitsi liteke berriz, atzean utzi berria nuen tunelaren bestaldera. Bidegurutzean zalantzak izan nituen, ea Itxaspera joan ala zuzen-zuzenean trenbidera jaitsi eta lehenbailehen joan Debaraino, etxeratuko ninduen trena hartzera. Lasaiago nengoen eta Itxaspera joan eta tabernan zerbait hartzea erabaki nuen. Ez nuen presarik, ez nuen artean ere zibilizaziora irten nahi... Edo beharbada diru mordo abandonatu haren dei erotikoa sentitzen nuen, eta denbora pixka batean hara eta hona ibili ondoren adorea bildu eta Sakonetako hirugarren hondartzara itzul nintekeelako esperantza ezkutuak bultzatu ninduen Debarako bidea alde batera uztera. Ez dakit, akaso; zaila da hori jakitea. Kontuak kontu, Itxaspera joatea erabaki nuen, Coca-Cola bat hartzera. Jende gutxi zebilen tabernan. Kanpalekua itxita zegoen eta txandala jantzi eta paseatzen etorritako lau emakume —itziartarrak seguruenik— eta saltzaile ibiltari itxura zuten bi gizon zeuden tabernan ni sartu nintzenean. Disko bat zeukan jarria tabernariak, ez irrati eta ez telebistarik. Komentatu ere ez zuen inork ezer komentatu. Seguru asko inork ez zekien ertzainak inguru haietan ibili zirenik ere. Coca-Cola hartzen nuen bitartean, atzealdeko kristaletik zehar begiratu nuen: Zumaiarainoko itsasertz guztia ikusten zen, eta baita, harantzago, Hondarribikoak bide ziren inguruak ere. Aitzuriko muinoko arte okerra ere ederki ikusten zen, bere azpiko hondartzaren begirale isil. Han behean egongo ote zen oraindik ikurrinean bildutako diru mordo hura? Urruti sentitu nintzen. Hartaz ahaztu eta etxera joatea zen onena.

        Halaxe egin nuen. Arestian igotako bidea jaitsi eta lehenxeago nire zalantzen lekuko izandako bidegurutzean trenbide aldera hartu nuen. 69,3. kilometroan irteten da trena Deba baino lehenagoko azkenaurreko tuneletik eta 200 metro agerian egin ondoren 69,1. kilometroan sartzen da azkenekoan. Azken tunel hau luzea da oso, 68. kilometroraino iristen baita, hots, Debaraino, geltokia tunel honen irteeratik 600 metrotara badago ere, 67,4. kilometroan alegia. Nire bidea bi tunelen arteko tartean iristen zen trenbidearen parera. Eroria zegoen arren, ikusi nuen 69,2 markatzen zuen zutoina. Zutoin horrexen parean baina trenbidearen bestaldean kokatuta dagoen Arronamendi baserria inguratu eta haren alboan, Uztei-Txiki izena txaplata batean jarria duen etxola apain baten aurrean, gorantz abiatzen den bideska estu, aldapatsu baina laburrari ekin behar dio Debara joan nahi duen ibiltariak. Halaxe egin nuen nik ere. Bideskaren amaieran Itziartik Debaraino doan errepidearekin egin nuen topo; handik Debaraino ez dago kilometro pare bat baino, eta gainera ederki egiten da tarte hori, aldapan behera ibiliz, itsasoaren ertzetik beti.

        Errepidetik begira, itsasertzeko haitzarteraino jausitako kamioi baten txasis herdoildua ikusi nuen. Begira geratu eta kamioi haren txoferrak biziko zuen izua imajinatzen saiatu nintzen. Ikaragarria! Pixka bat aurrerago, itsaso ondoan kokatutako etxe txiki polit bati erreparatu nion. Maite, Aitor, Arantxa eta laurok asteburu eder bat pasa genezakeela bururatu zitzaidan, etxe hartako giltza izango bagenu. Herrira sartu baino lehenago, Koldobika Jauregi eskultoreak egindako zaldun handi hautsia ikusi nuen. Beti du zer ikusia ibili dabilenak, eta beti du zertaz pentsatua hala nahi duenak. Pena nuen, laster iluntzen hasiko zelako, bidaia amaitua zelako, egun berezi aparta hark bere azkena gain-gainean zuelako, ezinbestean. Larunbat eta jai egunetan ez, baina astegun guztietan, Donostiaraino doan trena abiatzen da Debako geltokitik 18.02etan. Tren horixe izan zen gaur zortzi eguneroko bizitzara itzuli ninduena, oinez ibili berri nituen parajeetatik zehar pasaturik. Arratsaldeko 19.00ak inguruan Donostian nintzen, Sakonetatik urruti, oso-oso urruti.

        Dyane-6ko gizona hilda zegoela jakin dut aste honetan. Treneko makinista bat ohartu omen zen —egunkariek esan dutenez— beti toki berean ikusten zuela auto hura, eta auto barruan gizona. Ertzaintzari deitu omen zion eta ertzainek usteltzen eta kiratsa zabaltzen hasia zegoen gorpua aurkitu omen zuten auto barruan. Ikurrinaz eta diruaz ez dut deus jakin. Ez diot inori ezer aditu ertzainek egun hartan inguru haietan egindako ikerketez ere. Ez dakit nola lot litezkeen sokamutur guztiak, ezta loturarik ba ote duten ere. Nekez argitu ahal izango ditudan misterioak dira horiek.

        Oroiminak bultzatu nau orain hasieran baino are mitiko eta urrunagoa iruditzen zaidan gaur zortziko ibilaldi bakartia idatziz gogoratzera. Benetan gustatuko zitzaidana mapa egitea izango zen, mapa handi eta zehatza, trenbidearen puntu kilometrikoei eta tunelei buruz hartu nituen apunteak baliatuz, baina zoritxarrez badago inguru hura ondo baino hobeto, zehaztasun osoz, jasotzen duen mapa topografiko bat, edonork aise eros dezakeena Bulebarreko denda ezagun batean. Beraz, zertarako? Alferrik da. Eta alferrik izango zen mapa egiteak mereziko balu ere. Sakoneta gero eta urrutiago izango dut egunez egun. Hausturarako grina itoa sentitzen dut barruan. Kolpe lehor bat jaso nahi nuke, iraindu eta umiliatu nazaten nahi nuke, tortura latzak nozitu, oihu egiteko aukera librea izateko besterik ez bada ere. Bizi egin nahi dut, eta asko sufritu, heriotza honetatik esnatu. Non nago? Non galdu naiz? Non galdu zait Sakoneta? Nola egin dit ihes? Berreskuratu ote nezake inoiz? Eta aukera izango banu, nola eutsi beharko nioke neure Sakonetari?