Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Pepsi bat Sendavivan

 

 

Ez da uda txarra izan aurtengoa. Urrutira bidaiatu gabe, diru gutxi gastatuta, normaltasun apal batean, oporraldi ederra pasatu dugu.

      Nekeak, buruhausteak eta ahazteko hobeak diren uneak ere ez dira gutxi izan, jakina. Lau eta hamar urte bitarteko hiru seme-alaba ditugula aintzat hartuta, ezin bestela izan.

      Baina ez dugu inoiz galdu egoeraren kontrola, eta oroitzapen eder batzuk bildu ditugulakoan nago.

      Sendaviva abentura parkera joan ginen egunean, adibidez, bero sapa baten azpian, ez zen erraza izan umeen unean uneko nahiei ahalik eta modurik justu, orekatu eta ekitatiboenean erantzutea, zarrastelkeria eroaren errazkeria etxekaltean jausi gabe.

      Amaiak argi ditu ideiak, eta ni ere bat nator harekin. Ondo neurtu behar dugu noiz eta zer ematen diegun seme-alabei. Ez bakarrik aberatsak ez garelako; pedagogia kontua ere bada.

      Egun hartan kantinplora gorrotatu zuten Eiderrek eta Mikelek, hura eskaintzen genielako abentura parkeko edozein txokotan salgai zeuden freskagarriak eskatzen zizkiguten bakoitzean. Ziur gaude, ordea, gure jokabide zuhurrak, sakonean, kantinploraren balioaz jabetzen lagunduko diela.

      Arratsa gertu zela, baina eguzkiaren indar zapaltzailea askorik apaldu gabe artean, gure planen arabera lehoia, tigrea eta gisako animaliak ikustera joateko tenorea iritsita, Naiak —txikienak— ez zuen jolaserako ur txorroten labirintutik irten nahi.

      — Ez dago arazorik —esan nion orduan Amaiari—. Ni geldituko naiz berarekin. Zuek joan lasai animaliak ikustera.

      Amaia, Eider eta Mikel animaliak ikustera joan zirenean, Naiak, niri begiratu ere egin gabe, ur txorrotekin gozatzen jarraitzen zuen bitartean, handik gertu lehentxoago ikusia nuen makinara jo, bi euro sartu eta litro erdiko Pepsi bat eskuratu nuen.

      Bizitzaren txapeldun bat izan nintzen, garaipena ospatzen, Pepsi hura edaten nuen bitartean.