Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Ipuinik onena

 

 

Amagoiak Berria egunkariko erredakziotik ipuin bat eskatuz deitu zidanean hasi zen dena. 3.500 karaktere ingurukoa behar zuen, ilustrazio handi batekin batera egunkariko orrialde bat osatzeko.

      Baiezkoa eman nion, asko pentsatu gabe. Baietz uste banuen ere, ez neukan neurri horretakorik azken urteetan idatzi eta inon argitaratu gabekoen artean.

      Endredo bat zen enkargu hura, idazten ari nintzen nobelatik ateraraziko ninduelako, baina ilusioa ere sentiarazi zidan azkenaldian nahiko nekatua nindukan lan hura utzi eta burua fresko-fresko ipuin bat idazten jartzeak.

      Zertaz idatzi eta zer kontatu pentsatzen hasitakoan, beste askotan bezala, ezinean aritu nintzen.

      Julio Llamazaresen kontakizun bat etortzen zitzaidan behin eta berriro gogora. Idazle batek egunkari batetik ipuin bat idazteko enkargua jaso ondoren —kasu hartan 30.000 karakterekoa oker ez banaiz— dituen zailtasun eta buruhausteen berri ematen du ipuin horretako kontalariak.

      Llamazaresen hura irakurri ez banu seguru asko ideia bera bururatuko zitzaidala pentsatu nuen, eta arazorik gabe balia nezakeela ideia hura, nahiz eta beste idazle batek aurretik erabilia izan, azken batean ez zelako inor konturatuko, edo irakurleren bat konturatuta ere niri ez zidalako ezer esango.

      Hortik abiatuta sortu zitzaidan, zeharka, Ipuinik onena idazteko ideia; Julio Llamazaresen ipuinari “beste buelta bat emanda”, esan ohi den bezala; edo, nahiago bada, Julio Llamazaresen ipuina “koxka bat estututa”. Bat-batean idatzi nuen testu osoa, eta zuzenketak egiteko ere ez nuen denbora asko behar izan.

      Ipuina Berriako erredakziora bidali eta, hura ahaztuta, berriro nobelaren uztarripean jarri nuen neure burua.

      Baina Amagoiak ipuina jaso orduko deitu zidan telefonoz, zorionak emanez, esanez harrigarria iruditzen zitzaiola ipuina, inoiz irakurri zuen onena, eta ohore handia izango zela Berriarentzat haren jatorrizko argitalpena gauzatzea. Deiak ezustean harrapatu eta poztu egin baninduen ere, ez nion aparteko garrantzirik eman. Irakurle baten iritzia baino ez zen hura, adiskide nuen irakurle batena gainera.

      Baina ipuina egunkarian argitaratu eta gero berehalakoa eta zinez harrigarria izan zen zorion mezuen eta laudorio neurrigabeen zaparrada.

      Ordura arte nire obra antologia guztietatik kanpo egon bazen ere, gaztelaniazko itzulpena egin eta euskal narratibako antologia batean sartzeko eskaintza egin zidaten laster Madrilgo argitaletxe batetik. Dena den, itzulpen hura argitaratu aurretik Internet bidez hasi zen ipuina euskaraz ez ezik gero eta itzulpen gehiagotan ere zabaltzen, modu biralean, mundu osoan, marka guztiak hautsiz.

      Iritzien arloari dagokionez, kritikari askok diote inoiz irakurri duten ipuinik onena dela; beste askok, literaturan halako izendapenik ezin dela egin badiote ere, bikaina dela aitortzen dute. Metodo kritiko zientifikoekin egindako azterketa literario analitikoek datu harrigarriak ematen dituzte ipuinak bere laburrean batzen dituen goi mailako erreferentzia literarioen, iradokizun distiratsuen eta irakurketa geruzen kopuruei dagokienez. Harrigarria da halaber, gisa horretako azterketen arabera betiere, soberakinen urritasuna.

      Datu zehatzei erreparatuz gero, berriz, literatura unibertsalaren historiako inoizko ipuinik itzuli eta zabalduena da dagoeneko, eta ez dute etenik itzulpen eta argitalpen berriek, hala paperezko nola sareko.

      Niri hartaz eta haren balioaz galdetzen didatenean, ordea, ez dut asmatzen zer esan, eta betiko topikora jotzen dut: “Niretzat ipuinik onena idatzi dudan azkena da beti, edo bestela oraintxe idazten ari naizena eta oraindik ere amaitu gabe daukadana”.