Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Euskadiko oroitzapenak

 

 

Hori baldin bada jakin nahi duzuna, bai, nik ere oihukatu nuen “Gora ETA!”, gogotik oihukatu ere, konbentzimendu osoz, Euskadin bizi izan nintzen aldian.

      Adin-nagusitasunera iritsi gabeko punki bat nintzen orduan, Madrildik Gernikara joandakoa asteburu bat pasatzera, herri horren bonbardaketaren 50. urteurrena zela-eta antolatu zen mobida handiak erakarrita, eta gero Euskadin gelditu zena bolada batez. Garai hartan ETAren alde egotea, edo gutxienez ETA burkidetzat hartu eta errespetatzea, giroan zegoen; bai nik ezagutzen eta arnasten nituen giroetan behintzat.

      Banekien Madrilen gero eta zabalduagoa zeudela ETAren aurkako jarrerak, gero eta gorroto handiagoa zegoela ETAren aurka, baita ezkertiarren artean ere, baina horrek ETAren aldeko nire jarrerari tinkoago eustera bultzatzen ninduen, artaldetik ihes egindako ardia nintzelako ideia sendotzen zidalako. Hala iruditzen zait behintzat orain, gaur egungo nire ikuspuntutik begiratuta.

      Oreretako punki batekin enrollatu nintzen han, Gernikan. Oreretak Rentería du izen ofiziala, euskaraz Errenteria, baina mobidako guztiek Orereta esaten zioten, orduan behintzat. Soloko deitzen zioten Oreretako nire mutikoari. Aldrebes eta ganoragabe samarra zen, baina bihotz onekoa, lagun ona.

      Soloko etxe okupatu batean bizi zen, Oreretan, eta txoko bat egin zidan bere ondoan. Horri esker, Euskadin geratu ahal izan nintzen Gernikako kontzertuak eta bestelakoak bukatu eta gero. Morbo handia zuen Euskadiko mobida bertatik bertara ezagutzeak. Leku askotan zegoen orduan, aldez edo moldez, sistemaren aurkako mugimendua, baina Euskadiko saltsak beste batzuek ez zituzten osagaiak zituen garai hartan: gaztetxeak, irrati libreak, punk talde bikainak, askotariko kontzertu eta jaialdiak... Eta, horretaz gainera, edo horren ondoan, gobernuari benetako mina egiten zion borroka armatu bati lotutako mugimendu independentista herritar bat, Espainian guztiz deabrutua.

 

 

Soloko lagun eta gidari nuela, Oreretako ezker abertzaleko giroa ezagutu nuen gertu samarretik, punkia izan arren ezker abertzaleko lagun asko baitzituen. Ez zegoen adostasunik kontu guztietan —eta zenbaiten inguruan liskarrak ere izaten ziren—, baina han, Euskadin, gobernuaren aurkako jarrera zuen jende guztia elkarrekin bat eginda eta nahastuta ibiltzen zen garai hartan.

      Solokoren lagunik onena, Imanol, Jarraikoa zen, esker abertzaleko gazte mugimenduko kidea. Kontraste handia zegoen bi adiskideen artean: Soloko sistemaren eta haren adierazpen guztien aurka zegoen, zergatiei eta alternatibei buruz asko hausnartu gabe. Imanolek, aldiz, gertutik eta sakon jarraitzen zuen aktualitate politikoa, eta beti saiatzen zen iritzi arrazoitu bat izaten interesatzen zitzaizkion gai guztiei buruz. Argala miresten zuela esaten zuen, ETAko kide eta gidari historiko bat, erakunde parapolizial batek urte batzuk lehenago hila. Solokok eta beste lagun batzuek askotan esaten zioten, erdi txantxetan eta erdi serio, egun batean Herri Batasuna ezker abertzaleko alderdiaren mahai nazionaleko kide izatera iritsiko zela.

      Askotan elkartzen ginen Soloko, Imanol eta hirurok, bai kontzertuetara joateko eta bai lan militanteak egiteko. Solokorekin konfiantza handia zuenez, gure aurrean Imanolek aitortzen zuen, Jarraiko bileretan horretaz ezer ez esan arren, deseroso sentiarazten zutela ezker abertzalearekin lotutako adierazpen eta ekimen batzuek. Beste militante askori bezala, Imanoli isileko sufrimendu asko kosta zitzaion, besteak beste, ETAk Yoyes militante ohia hil izana irenstea. Ni Euskadin izan nintzenean, ez zen artean ere urtebete atentatu hura gertatu zenetik, eta hark zabaldutako pitzadura, pixkanaka, handiagoa egiten ari zen.

      Hirurok Oreretako kaleetan kartelak itsasten ari ginen batean —ez galdetu zerenak: greba orokor baterako deialdiarenak beharbada, kontzertu punk batenak akaso, edo Leitzarango autobidearen aurkakoak bestela—, kartelei buruzko gogoeta batekin harritu gintuen Imanolek:

      — Aurrekoan esan zidan lagun batek gure kartel eta pankartekin herria zatartu egiten dugula, eta kontuan hartu beharko genukeela hori; herritarren aurkako eraso bat izateaz gain, oztopo bat dela gure mezua hedatzeko.

      Horiek “pijo pureta baten lerdokeriak” baino ez zirela izan esan zion Solokok Imanoli, pentsatuz hura ados egongo zela, baina Imanol haserretu egin zen.

      — Ba ez duk pijo pureta bat hori esan didana, eta niri zer pentsatua eman zidak —agiraka egin zion Solokori—. Herriaren alde gaudela esaten diagu beti, baina batzuetan ematen dik herria guk nahi duguna besterik ez dela. Eta gehiago esango diat: itxiegia eta ilunegia iruditzen zaidak askotan geure mundutxo hau, interesa izan zezakeen edonor izutzeko moduko ghetto triste eta ospela.

      Ez zuen ondorio larririk ekarri une bateko haserrealdi hark, baina gogoan iltzatuta geratu zitzaigun Solokori eta bioi, Imanolengandik ez genuelako horrelakorik espero.

 

 

Soloko lagun batzuekin batera morora jaitsi zenean —Marokora joan zenean, alegia, haxixa erretzera eta ekartzera—, Imanolek luze eta zabal eman zidan bere zalantza ideologikoen berri, nik horrelakorik eskatu beharrik gabe. Kanpoko lekuko bat nintzen, atzerrikoa, Madrilgoa, Espainiakoa, eta nire irudipena zen niri azaltzen ari zitzaidana, sakonean, Espainiako gizarte osoari azaldu nahi ziola, bere gertuko zirkuluetatik kanpo ere ulertua izateko premia sentitzen zuelako. Bere burua zuritzeko premia, azken batean.

      — Ez da ahaztu behar dena lapurtu zigula Espainiak Francorekin, jende asko gupidarik gabeko indarkeriaz hilda —esan zidan behin—: hizkuntza, kultura, nortasuna, nahi duguna izateko eskubidea... Eta orain, Franco hil ondoren, miseriazko apur batzuk baino ez zaigula ari itzultzen, gogoz kontra eta mehatxupean horiek ere.

      Ezker abertzalearekin denean eta beti ados ez egoteak, ordea, aberria eta herria traizionatzeko beldurra sentiarazten zion.

      — Batzuek zeukaten dena eman dute, beste batzuk orain ari dira daukaten dena ematen, sufrimendua handia da etxe askotan, ezin dugu atzera egin.

      Gustura entzuten nituen Imanolen hitzaldi zintzo eta biluzi haiek, eta pena ematen zidan hari laguntzeko modurik ez izateak, behin eta berriro ulertzen nuela eta arrazoia zuela esatetik landa. Beste norbait izateko gogoa sentitzen nuen, punki nerabearen nire mozorrotik irteteko gogoa. Baina ez zen mozorroa. Horixe nintzen ni orduan, punki nerabe sinpatiko bat.

      Bere kezkak arintzeko mesedegarri izango zitzaiolakoan, nirekin Eskorbutoren kontzertu batera joateko proposamena egin nion, Barakaldora, baina ez zuen nahi izan. Planak tentatu egin zuela iruditu zitzaidan hala ere. Seguru nago Soloko gurekin balitz baiezkoa emango zukeela. Oreretako beste lagun batzuekin joan nintzen azkenean Barakaldora, eta ez zitzaidan damutu. Inoiz ikusi dudan kontzerturik zirraragarriena izan zen. Ardi beltzen artean ardi beltz izan ginen kantuan: “Amnistiaren Aldeko Batzordeak lo zeuden gu nazkaz usteltzen ginen bitartean. Kakatara Euskal Herria, kakatara Euskal Herria, kakatara doa, kakatara doa”.

      Soloko gabeko egun haietan jakin nuen kartelen eta pankarten eragin kaltegarrien inguruko kezka agertu zion laguna Arantxa zela, Arkitektura ikasten hasita zegoen neska bat, nahiko formala janzkeran eta ohituretan, gizarteak markatutako arrastoetan errenditzen zena, baina buruari bueltak emanarazteko nagirik gabekoa, Imanolek hari buruz kontatzen zituenen arabera.

 

 

Aste batzuk geroago, Soloko jada berriro gure artera itzulia zela, gu biokin elkartzeari utzi gabe, Imanol Arantxarekin joan zen zinemara pare bat aldiz, erdi ezkutuan. Lotsa ematen zion gure giroetatik hain apartekoa zen neska harekin ikus zezaten, baina begien bistakoa zen istorio hark aurrera egingo zuela, sor zitezkeen traba guztien gainetik, iritsi behar zuen tokiraino iristeko.

      Arratsalde batean, Oreretako herriko tabernan geundela, Polizia Nazionalak ETAko kide bat hil zuelako albistea iritsi zitzaigun, errepideko kontrol batean izandako tiroketan, eta ilunabarrean manifestazioa egingo zela hilketa hura salatzeko. Horrelakoetan ez genuen elkarri galdetu beharrik ere: manifestazioan izango ginela ez zegoen dudarik.

      Imanolek amorruzko hasperena egin eta birao zakar bat bota zuen. Poliziak ETAko kide bat hil izanak emandako minaren adierazpena izango zela pentsatu genuen hasieran, baina beste zerbaitek ere amorrarazirik zuen.

      — Donostiara zinemara joatekoa nintzen, Arantxarekin —esan zigun, burumakur.

      Kabina batera joan zen Arantxari telefonoz deitzera, eta luzea izan zen solasaldia. Amaitutakoan, guregana itzuli eta etxera zihoala esan zigun, manifestazioan ikusiko genuela elkar gero.

      Manifestazioan ohi baino urduriago sumatu genuen Imanol, eta barrikadak egiten hasi ginenean berehala galdu genuen haren arrastoa. Istiluak bukatu eta gero berriro ere herriko tabernan bildu ginenean, Imanol ez zen agertu. Istiluetan atxilotu egin ote zuten ere pentsatu genuen, baina handik eta hemendik iristen ziren albisteen arabera, Oreretan behintzat, ez zen atxiloturik izan.

      Biharamunean aitortu zigun barrikadak egiten hasi ginenean deseroso sentitu zela, urduri, barruak ez ziolako barrikadak egiten uzten, eta etxera joatea erabaki zuela. Lur jota zegoen mutila, eta Solokok eta biok ez genekien zer esan kontsolatzeko.

      Egun batzuk geroago eztabaida gogorrak izan zituen Imanolek Jarraiko beste kide batzuekin, eta erakundea uztea erabaki zuen. Horren berri zeharka jakin nuen, Solokok telefonoz kontatuta, ni Eskorbutoren Barakaldoko kontzertuan ezagututako italiar batekin —Giulio zuen izena— enrollatu eta Bilbora joana bainintzen, Solokori min handirik eman gabe, dena esan behar bada. Gero Bartzelonara joan ginen Giulio eta biok, eta harrezkero ez naiz berriz Euskadira itzuli. Ezin dizut, beraz, hortik aurreragokorik kontatu.

 

 

Orain hurrengoan, zuk Euskadiko nire oroitzapenen berri jakin nahi zenuela esan zenidanean, Interneten miaketan ibili nintzen, Soloko eta Imanolen arrastoen bila. Solokoren inguruko ezer ez nuen aurkitu, haren izen-abizenik ere ez baitut gogoan. Imanoli buruz, aldiz, bai, aurkitu nuen, zerbait baino gehiago. Sortu ezker abertzaleko alderdiaren organigraman aurkitu ditut, besteak beste, Imanol Darieta izen-abizenak. Kontu pertsonalagorik ezin izan dut jakin. Argazki bat ikusi dut, ordea, eta gaztetan bezain guapo jarraitzen du. Facebookeko bere lagun egiteko eskaria egitea ere bururatu zait, baina pentsatu dut hobe izango dela bazterrak ez nahastea.

      Eta horixe da dena. Horiexek dituzu Euskadiko nire oroitzapenak. Ez dakit ezertarako balioko dizuten.