Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Idazlea eta deabrua

 

 

Idazten hasi aurretik ibiltzea erabaki nuen atzo arratsaldean, ibiltzeak burua argitu eta idazteko ideia onak ematen dizkidalako ia beti. Ibiltzen hasi eta berehala hasi zitzaizkidan ideia interesgarriak bururatzen, eta pixka batean ibiltzen jarraitzea erabaki nuen, burua argi eta bihotza zabal sentitzen nuelako. Zenbat eta gehiago ibili, orduan eta argiago sentitzen nuen burua, bata bestearen atzetik hutsetik sortuak ziruditen ideia ederren bor-bor etengabearen aterpe, eta aurrera jarraitu nuen, lasai samar hasieran baina gero eta antsia handiagoz, gero eta urduriago, gero eta zoroago, deabru ikusezin eta mutu batek tentatuko banindu bezala, gero eta konbentzituago buruan neuzkan ideietan oinarrituta mundua txundituko zuen obra bat idatziko nuela, baina horrekin ere ezin etsita hala ere, aurrera eta aurrera etenik gabe itsu-itsuan, beti gehiagoren premian, harik eta, zerua hodei beltzez bete eta ilundu ostean, ekaitza lehertu eta galduta nengoela jabetu nintzen arte. Jo batera eta jo bestera, kostata aurkitu nuen etxera itzultzeko bidea, eta hezurretaraino melatuta iritsi naiz egunsentian, gorputz osoa dardara batean nuela eta arima izuaren mende. Larritasunak ahantzarazi egin dizkit atzo ibili bitartean bururatu zitzaizkidan ideiarik gehienak, eta gogoan geratu zaizkidan bakanak kaskarrak eta hutsalak iruditzen zaizkit, beheko suaren aurrean erantzi berri ditudan arropak bezain zarpailak.