Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

Hitzaurrea

 

Jule Goikoetxea

 

      “Liburu hau bertsolaritzari buruzko liburu bat litzateke —eta ez emakumeak eta bertsolaritzari buruzkoa—, emakumeak izaki unibertsalak bagina”, dio Uxue Alberdik.

      Prestatu mukizapiak, katanak eta desinfektanteak, hemen aurkezten dizuegunak gorputza eta diskurtsoa zarratatuko baitizkizue, baina bizitza taxutzen doazen zauriak elegante ixten jakin behar da, frente berriak ireki baino lehen.

      Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak hamabost bertsolari elkarrizketatu ditu lisiperen bosgarren ale honetan. Helburua, aldiz, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo. Hala adieraziko dute elkarrizketatuek, Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu, Miren Amuriza, Maider Arregi, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Alaia Martin, Eli Pagola eta Jone Uriak.

      Elkarrizketatuez gain, autore askoren hitzak dakarzkigu Alberdik oraingoan. Hala nola, Zadie Smithek Black Lives Matter mugimendua sortu zenean esandakoak: jende andanak, nagusiki gizon zuriek, amorruz bizi izan zuten eta dute mugimendu hori. Zergatik balio du bakarrik pertsona beltz horien bizitzak eta ez guztion (hau da, zurion) bizitzak?, galdetzen zuten haserre. Arrazismoa sistemikoa eta egiturazkoa dela ezeztatzen duten negazionista garaikideen ikur. Feminismoak indarra hartzen duen bakoitzean, eta gizonek haien pribilegioak (emakumeekiko dituztenak) kolokan jartzen direla ikusten dutenean gauza bera gertatzen da. Horren erakusgarri da sare sozialetako #NotAllMen edo #EzGizonGuztiak hashtag-a, edo are ohikoagoa den patriarkatuaren negazionismo laua, zeinaren arabera gizonek emakumeekiko duten boterea eta gauzatzen duten menderakuntza ez den dominazio sistema baten ezaugarria, ezpada beste menderakuntza sistema batzuen ondorio edo egitate anekdotikoen multzo. Jarrera hau nagusia da gizonen artean, atzerrian zein etxean, eskuman zein ezkerrean, lantokian, familian, aisialdian, kirolean, parrandan, politikan, ekonomian eta, jakina, baita bertsolaritzan ere. “Gure botere residualaren beldur dira, desakreditatuko ditugun beldur, eta horren izu direlako daude zelatan. Zelatan eta zigortzen. Zeharka baina zigortu egiten gaituzte: gure lagunak desakreditatuz, haien kalitatea edo jarrera kuestionatuz, zu salbuetsiz besteen taldetik, feminista onak eta txarrak sailkatuz, emakumeen aliantzak desegokitzat joz eta progreen arteko aliantzak proposatuz, debatea ideologikoki gaizki kokatzen dugula iradokiz, feministon enpatia falta salatuz, euren burua gizontasun ez-hegemoniko deserosoan kokatuz —nahiz eta pribilegioak aprobetxatu—, genero neutroa moduko astakeriak esanez...”, dio Miren Artetxek maistraki.

      Badaude emakume lehendakariak, baita zuzendariak diren emakumeak, kirolean ere ari dira eta, begira, bertsolaritzan ere emakume mordoak dihardu. Hori entzuten dugu behin eta berriro, baina datuak eta pertzepzioak ez datoz bat. Bertsolarien % 20–25 bitarte dira emakumeak eta % 75–80 gizonak, nahiz eta bertso eskoletan % 50 izan emakumeak. Hala ere, datuak interpretatzeko gailu kontzeptualak behar dira eta jendeak eskura duen sistema kontzeptual ia oro patriarkala da. Guk badakigu, Lynda Nead-ek esan moduan, emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela, eta, Alberdik bikain argitzen duen moduan, gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean, emakumea (singularrean) onartua da gizonen espazioetan, baina gizonenak dira espazio publikoak. Horixe da emakumea emakume egiten duena: gizonen osagarria izatea, hirurehun urte dituzten diskurtso eta praktika feministek aspaldi erakutsi baitzuten emakumea gizona ez dena dela, eta gizona izatea emakumea ez izatea dela. Hortaz, gizona gizon egiten duen horren absentziak egiten du emakumea emakume, emakume eta gizonen eraikuntza era kontrajarrian egiten delako, lisiperen hirugarren alean Wittigek biribil azaldu moduan: emakumea ez da gizonarekiko desberdina, gizonaren subalternoa baizik, gizonen eunukoa. Eunukoa kastratua edo zikiratua izan den izakia da, eta hori da emakumea. Hori ikusteko gai ez den begirada, begirada esentzialista da, uste baitu emakumeak eta gizonak jaio egiten direla.

      Bertsolaritza gizonen espazioa izan da eta da. Ondorioz, gizonen umorea egin izan da eta egiten da, eta, umore neutrorik ez dagoenez, gizonen umorea gizonena izan dadin emakumeen kontura (ere) egindako umorea izan behar du ezinbestean, bestela ez litzateke gizonena izango. Gizona emakumea ez dena baita eta emakumea, biolentzia sinbolikoaren egiturazko dikotomian, izaki ahula da, insegurua, goxoa, atsegina, emozionala, irrazionala, umea, zerbitzaria, babesgabea, umorerik gabea, bigarren mailakoa, gorputz hutsa eta ordezkagarria. Hori da emakumea. Eta hala esango digute elkarrizketatu ia guztiek.

      Onintza Enbeitak, 2018ko Bizkaiko Txapelketako irabazleak, uste du “[gizon] askok badakitela gu orain izena jartzen hasi garen egoera horretan eurek zerikusi handia dutela eta gure boterea neutralizatzea dela modu bakarra eurek ezer ez aldatu behar izateko. Eta gehituko nuke botere hori neutralizatzeko erabiltzen duten estrategia horretan, gutxiespen edo kuestionamendu horretan azpikoz esaten digutela: ‘Bai, bai; feminismo asko, baina hemen bertsotan egin behar da...’”.

      Bai, baina bertsolaritza neutrorik ez dago. Bertsolaritza praktika soziala dela esan baitugu. Hortaz, noren bertsolaritza? Norentzat? Zertarako?

      Feminismoak ez du gizonen umoreaz hitz egiten, umore sexistaz baizik, zurien umoreaz mintzo ez den bezalaxe, umore arrazistaz baino. Alberdiren hitzetan, “sexualitatearen eta erotikaren eraikuntza patriarkala betikotzeko mekanismoa da umore sexista, eta bertsotan ere gizartean hartzen duen forma bera hartzen du: ehiztaria eta harrapakina, desiratzailea eta desiratua, osoa eta osagarria, botere harreman goitik beherakoan”.

      Nola aurre egin askotariko dimentsioak dituen menderakuntza sistema honi?

      Ane Labakak, beste askorekin batera, proposatzen duen erara: “Gizarteak eta, areago, bertso sistemak berak emakumeon arteko lehia eta inbidia sustatzen dituela sentitu nuen nire gorputzean. Feminismoak inbidia hori aitortu, izena jarri, landu eta elkarren aurka baino gehiago elkarren alde aritzeko bidean ere lagundu didala sentitzen dut orain”.

      Nerea Ibarzabalek ere argi du: “Denok ez daukagu feminismoarekin 18 urterekin topo egiteko zortea. Ni salbatu egin nau; konbentzituta nago ez banintz zuekin elkartu ez nuela hemen jarraituko. Inguruagatik jarraitzen dut bertsotan, zuekin bizi nahi dudalako festa hau eta iraultza hau”.

      Halaxe egingo dugu. Halaxe ari gara.