Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

5.
MEREZIMENDU FALTAREN
EPAIA

 

      Okupatzen duten espazioa ez dagokiela barneratzea da, agian, gorputz ez-autorizatuen lasta zamatsuenetarikoa. Plazan lubrifikatzailearekin sartu izana egotzi izan zaie emakume bertsolariei; diskriminazio positiboaren laguntzarik gabe ez omen leukakete plazan orain daukaten lekurik. Utzitako lekua omen, ez irabazia. Harkaitz Zubirik eta Xabier Aierdik gidaturiko Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa 2005-2018 ikerketak gezurtatu egin zuen uste zabaldua: emakume bertsolariak % 25 dira kopuruz, eta plazan % 25 okupatzen dute. Diren adina daude, dauden adina dira. Esan gabe doa % 75 nork okupatzen duen.

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Badakit jendeak esaten duela gure adineko neskok merezi baino plaza gehiago dauzkagula eta gure maila bera edo hobea duten mutilak plazarik gabe daudela. Aurten jakin dut bertso munduko mutil gipuzkoar gazte batek esan zuela hori Oihana Iguaranez eta nitaz, Kattalin Minerren hitzaldi batean eskua altxatuta. Suma nezakeen batzuek hori pentsatzea, baina mindu egin ninduen gertukotzat nuen bati entzuteak. Neu ere sinestera iritsi naiz batzuetan, eta tristea da neure buruari gogorarazi beharra 12 urte moko dauzkadanetik irabazitako eskolarteko eta sariketa guztien zerrenda, akordatu beharra dagoeneko demostratu dudala nire belaunaldiko mutilek beste eta gehiago, ezin didatela eskatu oraindik plazan aritzeko lizentzia. Aspalditik daukat».

      «Muturreko merkatu kapitalistan borrokan ari garela sentitzen dut, eta nik ez dut bertsoa modu horretan bizi nahi. Ez dut beherapenetan bezala korrika ibili nahi elkarri lekua kenduko diogulakoan. Hortz eta haginez defendatu nahi dut badagokigun tokia, baina ez dut horretan joaten den indar guztia xahutu nahi. Etsitzeko gogoa izan dut sarri, baina ez dut etsi nahi, errendituta ez diot inori faborerik egiten. Ostikadaka botatzen nauten arte egon nahi dut hor, eta horretarako indarra ematen didan jendearekin egon behar dut, taldea egin, pilak kargatu beste hilabete bat irauteko».

 

      Oihana Iguaran:

      «Oraindik kosta egiten zait neure burua bertsolari modura aurkeztea. “Bertsolaria naiz” esatean zer eraikiko ote duten besteek buruan... Deserosoa da. Bertsolariaz daukagun irudia, zer autoritate klaserekin lotzen dugun, horrek zer ebokatzen duen eta nik sentitzen ote dudan titulu hori merezi dudala. Merezi da hitza. Erabat. Merezi hitza hor dabil beti bueltaka».

      «Bertso eskolako jendearengandik zuzen eta zorrotz entzun ditut kritikak; normalean eraikitzaileak. Aldi berean, termometroa jartzen lagundu didate: kanpoan nola epaitzen ninduten sumatzen. Eduki dut sentsazioa jende bat zain zegoela ni noiz eroriko. Epaiaren laburpena zen: “Ez du merezi”. Alaiarekiko ere izugarrizko epaia egon da. Gipuzkoako finalera pasatu nintzenean oraindik promesa nintzen eta hor ez zegoen arazorik, baina Nagusian... Promesa izaera hori bi hilabetean agortu zitzaidan. Euskal Herriko Txapelketan demostratu beharra neukala sentitu nuen. Demostratu behar horrek presio bat eransten zidan eta saiatu naiz hori eranzten; nire lanketa horixe izan zen: presio hori kentzea. Baina joan nintzen Leitzara, ahal nuen ondoena egin nuen... eta denen aurpegietan irakurtzen nuen: “Ez zenuen merezi”. Eta bertso eskolakoek esan egin zidaten jaso nuen puntu kopuruarekin harritu egin zirela. Eta badakit jende askok esan zuela. Eta eragin egin zidan. Jendearen “ez duzu merezi” horrek hainbeste pisatzen zidan... Batetik hori eta bestetik “finalera sartu behar duzu”, bi mezu kontrajarri etengabe. Biak injustuak. Ustez presioa erantzita neukan momentuan, ito egin ninduen, ez nintzen kapaza izan hori kudeatzeko. Zenbat egunetan harrapatu dudan neure burua Durangoko eta Iruńeko finalerdiak errepasatzen, nire blokeoak birbizitzen! Autobetetzen den profezia bat izan zen. Txapelketaren aurretik gai pila bat, diskurtso pila bat, esan nahi nituen gauza pila bat landu nituen. Eta zer egin nuen? Ito, autodestrukzio fase batean sartu».

      «Publikoaren aprobazioak edo desaprobazioak baino gehiago eragiten dit bertsokideenak».

      «Uneoro presente daukadan zerbait da hemen behin-behinean nagoela. Ez plazan jarraitu nahi ez dudalako, ez etsitzeko asmorik daukadalako. Uste dut autodefentsa mekanismo bat dela. Badakit plaza aldakorra dela eta nire gorakadaren dimentsioa ez dela erreala. Hasieratik sentitu dut. Baina uneoro esaten diot neure buruari moda kontua da, izen berriak aterako dira. Plazari eutsi beharra motxila bihurtzerik ez dut nahi. Baina, aldi berean, sentitu izan dut pribilegiatua naizela, merezi ez dudan aukera bat eman izan balidate bezala. Batez ere, saio txarra egin badut, sentsazio hori, plaza honetan kantatzeko aukera eman dizute eta alferrik galdu duzu. Espazio pribilegiatua okupatzen aritzearen sentsazioa. Eta ez dakit zergatik ukatzen diodan neure buruari espazio hori, kezka puntua sortzen dit zergatik ez ote diodan neure buruari eskubiderik aitortzen leku hori okupatzeko, ze nik, barrura begira, erabakita daukat: dauzkadan aukera guztiak aprobetxatu nahi ditut, apustua egin dut bertsolaria izateko».

 

      Ane Labaka:

      «Txapelketak autorizatzen gaituenez eta nik txapelketan demostratu ez dudanez, sentitzen dut batzuek pentsatzen dutela ez daukadala zilegitasunik lekua hartzeko. Diskurtso feministaren bidez bete nahiko banitu bezala bertsolariaren hutsuneak. Esaten dutela: “Zer ari zara hor? Nahita egin duzu ikerketa feminista bat eta nahita ari zara hitzaldi batzuk ematen... feminismoaren karrora igo zara lekua egiteko...”. Feminismoa hor jarraitzeko aprobetxatzen ariko banintz bezala. Hori da sentitzen dudan epaia. Orain emanaldi berezi bat sortu duzu gai hauen inguruan, justu modan dagoenean.... Hori transmititzen didate askok: tranpa egin dudala behar den lekuan demostratu beharrean bidezidorra hartuz».

 

      Miren Artetxe:

      «Gaztetxoa nintzenean eta nabarmentzen hasi nintzenean Iparraldeko bertsolaritzaren biziberritze unea zen eta ohartzen nintzen neska eta Iparraldekoa... exotismo hori salgarria zela; baina aldi berean ona izan ez banintz ez nintzatekeen aterako. Gazte-txapelketak irabazi izan ez banitu, demostratu izan ez banu... Uste dut bertsotan ondo egiten nuela, baina egia da, jende askoren perspektibatik “neska txiki hori, Iparraldekoa” nintzela, eta exotismo horrek ere funtzionatzen zuela. Ondo kantatzen nuelako deitzen zidaten, bai. Baina nire buruari gogorarazi egin behar diot».

      «Oraindik ere publikoaren artean aliatuak bilatzen ahalegintzen naiz saio bakoitzean, ni hor egotea justifikatuko dutenak. Neure buruari esan beharra daukat: “Horiek entzun nahi naute”. Nik leku bat okupatzea ez da aldez aurretik zilegi, beti pentsatu behar dut: ea norekin egingo dudan gaur jokoa. Behar dut publikoak zilegiztatzea ni hor egotea. Espazioak ere asko eragiten dit, hau nire lekua da ala ez da nire lekua? pentsatzen dut. Jendeak egiten du maiz espazioa, baina izan daiteke lekua bera ere. Taberna zuloan, publikoa hurbil, zerbeza batekin, nire lekuan sentitzen naiz eta autorizatuago sentitzen naiz».

 

      Maialen Akizu:

      «Bertsotan egiten dudanean pribilegiatu sentitzen naiz, zortedun. Bertsoa ikaragarri maite dut, gorrotatzera ere iritsi naizen arren, min ere hartu dudalako berarekin. Pribilegiatua sentitzen naiz eta askotan galdetzen diot neure buruari: Merezi al dut nik hau? Balio al dut honetarako? Balio al dut... hori beti bueltaka. Kontu hauen bueltan, lagun batek behin merezi izateko egindakoa eta egiten dudana gogorarazi zidan, eta “merezi dut”, “merezi dugu” hogeita bat aldiz errepikatu genuen. Oraindik ere, saioetara joan aurretik, askotan horixe izaten da azken pentsamendua: merezi dut».

 

 

5.1.
AUTOEXIJENTZIA SUNTSITZAILEA

 

      Sylvia Plath poetari buruz hala esan zuen Suzanne Juhasz poeta eta kritikariak: “Denean ona izan beharra zeukan, horrela bakarrik izan ahalko baitzuen dena: emakumea eta poeta”. Baina Amelia Valcarcelen akatserako eskubidearen haritik, “egitea merezi duen guztiak merezi du gaizki egitea ere” gehitzen du Russek.

 

      Miren Artetxe:

      «Hiru garai bereiziko nituzke nire bertsolari ibilbidean: lehenengoa, kontzientzia feministarik gabea; bigarrena, kontzientziaduna baina isilik (kantatu gabe) eta, hirugarrena, kontzientziaduna eta kantari. Eta isilik egon nintzen denbora esanguratsua iruditzen zait. Neure buruari esaten nion: “Berriz bueltatuko banaiz oso ona izango naiz eta kristoren diskurtsoa edukiko dut”. Eta bitartean neure buruari ez nion kantatzea baimentzen. Ez nion mediokritatea baimentzen. Izatekotan, ukaezina izango nintzen. Hurrengo pausoa mediokritatea onartzea izan zen, horrek askatu egin nau eta bertsolari hobea bilakatu. Tarteko prozesuan babesten nituen diskurtsoak bertsotan kalitatez defendatzea exijitzen nion neure buruari; diskurtsoei kanala bera kalitatezkoa izatea zor nien baina, bueltan-bueltan, isiltzera eraman ninduen gehiegizko exijentziak. Neure buruari kalitatea exijitzen nion oholtzara igo ahal izateko. Horrexegatik ez dut sekula kantatu punk talde batean. Ideia batzuekiko ardura sentitzeak blokeatzen ninduen kantatzeko baina ideia horiek berak gorpuzteak eraman nau askatzera eta esatera: “Ez diot neure buruari eskatuko besteei eskatzen ez diedanik, eta ahal dudan tokitik egingo dut, eta disfrutatu nahi dudalako egingo dut, ez ideia hauei zor diedalako bakarrik”».

      «Neure buruari zigortzen diot eremu hegemonikoetan gizarteko rol nagusiak erreproduzitzea: emakumeak biktima paperean jartzea, ertzekoen agentzia falta irudikatzea, etxekoandre ozpindu paperak, paper ez-eraldatzaileak...; garen hori dena, baina erreproduzitu nahi ez dudana. Horrek blokeatu izan nau bakarkakoetan. Gaur egun bakarkakoek hartu duten garrantzi sinbolikoak eta nigandik espero denak —diskurtso mailan ekarpenak egitea— blokeatzen nau».

 

      Onintza Enbeita:

      «Urte asko behar izan nituen bertsolaritzan taldeko sentitzeko. Bizkaian, gure aurrekoak gizonak ziren, eta belaunaldi bat markatu zutenak: Unai, Igor... Asko kosta zitzaidan belaunaldi horretan onartua sentitzea. Asko maite ditut eta miresten ditut, baina nik zera bizi nuen: han daude betikoak, klasikoak, nigandik mila kilometrora, eta hemen, nigandik kilometro gutxira bada gazte talde bat, baina ni ez naiz talde horren parte. Eta talde horrekin kantatzen nuen bakoitzean kontziente nintzen ez nintzela taldeko parte, eta etxetik irteten nintzen bakoitzean esaten nion neure buruari sekulako saioa egin behar dut onartu nazaten. Ze nik bertsolari izan nahi nuen eta non edo non kokatu behar nintzen».

 

      Maialen Akizu:

      «Harro sentitzen naiz arrakasta ikusgarria denean, zoriondu edo hitz ederrak jasotzen ditudanean. Besterik gabekoak ez dit balio. Zigortu egiten diot neure buruari ezer ez uztea, plaza ez aprobetxatzea, nire pribilegio, suerte, ez-merezimendu hori alferrik galtzea. Eta zigortzeko moduak asko dira. Dena haizea hartzera botatzeko gogoa, aldiro. Kosta egiten zait besterik gabeko saioetatik ezer onik ateratzea».

      «Bazentozen, baina non zabiltza, ba?, askotan sentitu dut. Sentitu dut bazeudela espektatibak nigan eta ez ditudala bete, ez dudala salto egin. Badirudi 2019ko txapelketa hau izango dela mugarria, orain egin behar dela. Orain egin ezean, ja galdu egingo nuke gaztearen etiketa».

      «Heterosexuala nintzela gehiegi sumatzen zitzaidala esan zidan behin gizon batek. Min eman zidan. Nik nahi nuen Bilbotik atera aurretik sexu esperientzia diferenteak izatea, baina oraingoz ez da hala izan. Nire adineko neska bertsolari batzuk bollerak dira eta horrek ere hurbildu ditu feminismora, ni heteroegia sentitzen nintzen feminista ona izateko, eta feminismoarekiko erresistentzia izateko arrazoietako bat izan liteke».

      «Bertsoa lantzeko denbora bat hartzen ez dudanean kosta egiten zait lasai egotea. Batzuetan esan izan dut ez dut ukitu ere egingo, gero gogoz hartzeko baina izua ematen dit, pentsatzen dut gero berriz hartzen dudanean, hartuko al nau berak? Antsia sortzen dit formularik ezak ere: Nola landu behar da bertsoa? Zer egiten da? Zer egiten du Maialen Lujanbiok astearte arratsalde batean? Kanpo erantzunak nahi izaten ditut».

 

      Miren Amuriza:

      «Sentitu izan dut, promesa gaztearen etiketari lotuta, ez du lehertu epaia nire gain, bazetorren, baina... Batez ere txapelketetan. Plazetan bertso maila guztietako neskentzako lekua egotea aldarrikatu izan dugu eta kontraesan bat izango da, beharbada, baina nik, egia esanda, ez dut multzoan egon nahi. Horretarako, nahiago entzule moduan jarraitu, ze txapelketara edo plazara irteteak suposatzen duen desgastearekin, ez dit konpentsatzen ezpada nire helburuak bete ditzakedala ikusten dudalako».

      «Bertsotan behea jo izan dudanetan edo artistikoki gauzak nahi bezain ondo joan ez zaizkidanean pentsatu izan dut... ume bat ekarriko dut eta kito. 23-24 urterekin txapelketetan beheraka hasi nintzenean, oso era abstraktuan bazen ere, lasaitu egiten ninduen “emakume bati suposatzen zaizkion kontuetara” itzultzeko aukerak. Hori beti egongo da hor, pentsatzen nuen. Orduan bertsotan egiteari utzi izan banio eta kontzientzia feministarik hartu izan ez banu, gaur ez nengokeen hemen. Kontzientzia hura hartzeak atera ninduen markatutako bideari jarraitzetik. Eta, orain ere, baxualdi kreatibo bat daukadan aldiro, pizten zaizkit bi ideia: bat, ama izatekoa; eta bi, zinegotzi sartzekoa (aukera horiek egin dituztenei ezer kendu gabe). Baina zer gertatzen da? Nahita ere, ezingo nintzatekeela lehengora bueltatu. Badakit ispilukeriak direla. Badakit ezin naizela inora itzuli. Eta negar egin izan dut pentsatuz: Kaka! Ideal hori ez da existitzen! Beraz, hutsune existentziala datorrenean, dagoena onartu eta aurrera».

      «Porrotari diodan beldurra asko baretzen du sormena hainbat eratan bideratzeak. Bakarrik bertsotan nenbilenean, hil ala bizikoa zen goian ibiltzea. Orain bat-bateko bertsolaritzaren, literatura idaztearen eta emanaldi propioen artean nabil, eta horrek antsietatea jaisten dit eta aukerak zabaltzen».